Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Dekretua, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa (ORPRICCE) sortu eta arautzekoa. (2013-12-30(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2013.eko abenduak 30

LABURPENA

EUSKADIN HITZARMEN KOLEKTIBOAK EZ APLIKATZEKO PROZEDURAK EBATZIKO DITUEN ORGANOA SORTU DUTE

Eusko Jaurlaritzak zenbait enpresatan estatutuaren araberako hitzarmen kolektiboak ez aplikatzeko prozedurak ebatziko dituen organoa sortu du Euskadin, Estatuko gobernuak sustaturiko laneko erreformari jarraiki.

Laneko erreformak aurreikusitakoaren arabera, zenbait kausa ekonomiko, tekniko, antolamenduzko edo produkziozko gertatzen badira enpresa batean, hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lan-baldintzak ez aplikatzeko aukera egongo da.

Aukera hori Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onarturiko dekretuak arautuko du; haren bitartez, adierazitako prozedurak arautuko dituen organo kolegiatua sortu du, hiru alderdik osatuko dutena; Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko sindikatu-elkarte eta enpresa-elkarte adierazgarrienek.

Zehazkiago, organoak Lan Harremanen Kontseiluan izango du egoitza, eta honako hauek osatuko dute: presidente bat, aldi berean Lan Harremanetarako Kontseiluaren presidente izango dena, edo hark eskumena emandako pertsona; bost batzordekidek, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa; bost batzordekidek, Euskadiko sindikatu-elkarte adierazgarrienen ordezkari gisa -betiere ordezkagarritasunaren proportzioari jarraiki-, eta bost batzordekidek enpresa-elkarte adierazgarrienen ordezkari gisa -horiek ere ordezkagarritasunaren proportzio berean-.

Oro har, erabakiak boto eskubidea duten kideen gehiengoaren bitartez hartuko dira; baina, berezitasun gisa, enpresa batean hitzarmena ez aplikatzeko ezinbestekoa izango da organoa osatzen duten talde bakoitzeko gutxienez kideetako baten aldeko botoa.

Eskatutako gehiengoak betetzen ez badira, arbitro bat izendatu ahalko da hitzarmena ez aplikatzeko proposamena baztertzeko edo onartzeko laudo bat eman dezan, eta, onartzeko laudoa emanez gero, onarpenaren baldintzak ezar ditzan. Arbitrajeko laudoa loteslea eta exekutiboa izango da.

Eusko Jaurlaritzak organoaren sorrera arautzea onartu du, onartu izan ez balu martxoaren 15eko 5/2013 Errege Dekretua aplikatuko litzatekeelako; hark ezarritakoaren arabera, Euskadiko enpresek Aholku Batzorde Nazionalera jotzeko aukera izango dute hitzarmen kolektiboak ez aplikatzea eskatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Euskadiko administrazioak, Lan Harremanen Kontseiluak eta gizarte-eragileek Euskadiko errealitate ekonomikoari eta enpresa-errealitateari buruz duten ezagutza aintzat hartuta, gomendagarria da berezko organo arautzaile bat izatea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau