Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «Euskadi ingurumen-errendimenduaren buruan dago»

2013.eko abenduak 28

• Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Ingurumen-errendimenduaren adierazlearen gaineko 2013ko txostenaren balioa nabarmendu du
• «Azken hamarkadan, Euskadik aurrerapen oso handiak egin ditu ingurumen-kalitatean»
• Euskadi 4. posizioan dago herrialde aurreratuen nazioarteko rankingean, ingurumen-jarduerari dagokionez.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik ziurtatu duenez, «Euskadi ingurumen-errendimenduaren buruan dago, azken hamarkadan aurrerapen oso handiak egin dituelako ingurumen-kalitatearen hobekuntzan, eta herrialde aurreratuen nazioarteko rankingean 4. posizioan kokatu da, ingurumen-jarduerari dagokionez, Ingurumen-errendimenduaren adierazlearen gaineko 2013ko txostenaren arabera».

Ingurumen-errendimenduaren adierazlea (EPI, ingelesezko sigletan) ingurumen-jasangarritasuna neurtzeko eredua da, Estatu Batuetako Yaleko eta Columbiako unibertsitateek egiaztatu eta baliozkotu dutena. «Egun, lurralde jakin bateko ingurumen-emaitzen ebaluazioa egiteko metodo onena da», zehaztu du Oregik.

Neurgailu honen xedea hobekuntza da, ingurumena babesteko politiketan erabakiak hartzeko laguntza eskaintzeaz gain. Erreferentziazko ingurumen-adierazle bihurtu da; esaterako, Munduko Ekonomia Foroaren Lehiakortasun Globaleko txostenetan. Horrela, asko dira beren ingurumen-analisietan eta lehiakortasun-txostenetan erabiltzen duten herrialdeak.

Lehenengo aldia da txosten hau eskualde-mailan aplikatzen dena. Horretarako, hainbat ingurumen-esparrutako aditu-talde zabalak hartu du parte, zer-nola garatu egiaztatzeko, informazio eta jakintza eskuragarri onena oinarritzat hartuta.

2013ko EPI adierazlean, Euskadi Suitzaren, Letoniaren eta Norvegiaren atzetik ageri da, Frantziaren eta Austriaren maila beretsuan. «Rankingeko posizio horrek adierazten duenez, urtetan gauzatutako tresnek emaitzak eman dituzte, eta gaur egun, lehen mailako ingurumen-kalitateko politika du Euskadik. Emaitza horiek bat datoz Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak aldian-aldian argitaratzen dituen txostenekin (Ingurumenaren egoerari buruzkoa eta Ingurumen-profilarena)», adierazi du Ana Oregik.

Oregik azaldu duenez, «txostenak hogeita bi errendimendu-aldagai aztertzen ditu; esaterako, ingurumenaren osasuna, airearen kutsadura, ur-saneamendua, biodibertsitatearen babesa eta klima-aldaketa». EPIk ingurumen-politikaren indarguneak eta ahulguneak zehazten ditu, landutako ingurumen-alderdietan arrakastarik lortu den ala ez islatuz. Euskadiren indarguneak ingurumenaren osasuna -esate baterako, partikula kopurua eta saneamendua- eta biodibertsitatea, habitata eta basoak babesteko politikak dira. Ahulgune nagusiak, berriz, arrantzaren presioa eta arrantza-stockaren gehiegizko ustiapena dira, hala nola CO2 per capita isuriak eta sortutako elektrizitate berriztagarri garbiaren ehunekoa.

Aurrerapenak
Txostenak, halaber, EPI Joera adierazten du; hau da, aldi jakin batean ingurumen-errendimenduan izandako hobekuntza-tasa. 2000 eta 2010 urteen arteko EPI Joeraren rankingean, Euskadi seigarren dago (Letonia, Azerbaijan, Errumania edo Albania aurretik dituela), baina nabarmen egin du aurrera ingurumen-errendimenduan, Euskadin aplikatutako ingurumen-politiken eraginkortasunari esker.

EPI Joera onean eragin handiena izan duten esparruak hauek dira: atmosferara igorritako SO2 tonak erdira baino gutxiagora murriztea -2000 urtean 43.000 tona SO2 igortzetik 2010ean 17.000 igortzera igaro da-; energiaren ondoriozko CO2 isuriak nabarmen murriztea -2000 urtean, errekuntzaren ondoriozko CO2 isuri guztietatik 21.000 kilotona CO2 baliokide igortzetik 2011n 17.000 igortzera igaro da-; eta lehorreko biomaren babesa handitzea -2000 urtean lurraldearen % 12 babestetik egun Natura Sarea 2000k lurraldearen % 23 barne hartzera igaro da-.

Ingurumen Esparru Programa Berria
EPI adierazlearen arretagunea ingurumenaren osasuna eta ekosistemen bizitasuna dira. Gainera, XXI. mendeko nazioarteko eztabaidagai nagusiak barne hartzen ditu; alegia, klima-aldaketa eta biodibertsitatearen babesa. «Hala ere -gehitu du Ingurumen sailburuak-, natura-baliabideen kontsumoa zorrotz murriztea premiazko arazoa da. Eusko Jaurlaritzak, egun osatzen ari den Ingurumen Esparru Programa berriaren bidez, alderdi horiei guztiei egingo die aurre, ingurumen-kalitatea bermatzeko eta hobetzeko eta ingurumen-politikek osasun publikoa hobetzea, natura-kapitala babestea eta ongizatea handitzea lortzeko. EPI adierazlea funtsezko tresna da baliabide publikoen erabilera-eraginkortasuna neurtzeko, egiaztatzeko eta optimizatzeko, hala nola behar bezala bideratutako ingurumen-estrategiak diseinatzeko».

Oregik azpimarratu duenez, «txostenaren emaitzek agerian utzi dute aurrerapauso sendoak eman ditugula, baina, era berean, ezin diogula etorkizunari aurre egin iraganeko tresnak eta ikuspegiak erabilita. Hori dela eta, ingurumen-politika berria ari gara diseinatzen, Europako aurreratuenen parekoa izango dena. Gainera, gure herriak indargune asko ditu; enpresa aurreratuak, erreferentziazko teknologia-zentroak, punta-puntako espezialitateak eskaintzen dituzten unibertsitateak eta ingurumen-aldaketaren lider izan diren administrazioak, urtetan lan handia egin dutenak, emaitza nabarmenekin. Arrakastako esperientzia eta egiten jakite horiei duten balioa eman behar diegu, mundua ezagutza horien beharrean delako».

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GreenpeaceEUS
    2013.eko abenduak 29

    Comentario de Twitter:
    Ana Oregi: #Euskadi se encuentra en la vanguardia del rendimiento ambiental http://t.co/608qlOdjSt Con el #fracking donde nos situaremos?

  • @xabicano
    2013.eko abenduak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @XabiGV: Ana Oregi: “Euskadi se encuentra en la vanguardia del rendimiento #ambiental” #eco http://t.co/xcfgyNvYYc

  • @XabiGV
    2013.eko abenduak 28

    Comentario de Twitter:
    Ana Oregi: “Euskadi se encuentra en la vanguardia del rendimiento #ambiental” #eco http://t.co/xcfgyNvYYc

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)