Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak istripuei buruzko hiru ikerlan monografiko argitaratu ditu

2013.eko abenduak 27

Txostenak: Motozikleten istripuak, Oinezkoen istripuak eta In itinere eta misioko istripuak eskuragarri daude webean (www.trafikoa.net)

Gaur goizaz geroztik, eskuragarri daude Trafiko Zuzendaritzaren webean www.trafikoa.net hiru istripu-tasari buruzko txostenak, 2012ko datuekin osatu direnak. Motor-gidariek errepidean izandako istripuen ezaugarriak aztertu dira, hala nola oinezkoen istripuenak eta laneko bide segurtasunarenak (in itínere eta misiokoa).

Trafiko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok dioenez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren asmoa da txosten monografikoak egiten jarraitzea eta, aurrerantzean, urtero argitaratzea: «Garrantzitsua iruditzen zaigu bide-erabiltzaile mota bakoitzaren berezitasunak aztertzea, gauzatu beharreko ekintza egokienak zehazteko».

«Urtero ikertuko ditugu –esan du Sáez Molinuevok– oinezkoen, motor-gidarien edo laneko istripuak, baita interesgarriak iruditzen zaizkigun guztiak ere, gertatzen diren egoerak eta ezaugarriak».

«Gure kale eta errepideetan hiltzen diren pertsonen kopuruak beheranzko joera du, baina ezin gara lasaitu; zer sektoreetan jardun gaitezkeen hauteman behar dugu, are gehiago murrizteko Euskadiko bide-sareko istripu-tasa», adierazi du Trafikoko zuzendariak.

Motor gehiago, hildako gutxiago

Euskadiko ibilgailu-parkearen % 8,3 motozikletak dira. Nabarmen handitu du ibilgailu mota horren ehuneko azken hamarkadan, gehienbat Gipuzkoan, biztanleko motozikleta-tasarik handiena duena (71 motozikleta 1.000 biztanleko: Araban 41 daude eta 40, berriz, Bizkaian). Hala ere, istripu-tasak (hil direnen eta larri zauritutakoen kopurua) beheranzko joera izan du.

Azken 20 urteetan, motorren istripuetan hildako edo larri zauritutako pertsonen kopurua % 67 jaitsi da. Alabaina, trafiko-istripu guztiak aintzat hartuta, are gehiago jaitsi da, % 76 hain zuzen ere.

2012an, Euskadiko errepideetan hil ziren 50 pertsonetatik 10 motozikleta-gidariak ziren (hiri barruko esparrukoak kontuan izan gabe). Joan-etorrietarako motozikleta baliatzen duten pertsonek ez dute beste ibilgailu batzuek duten babesa, airbag sistema esaterako. Hori dela eta, istripuek ondorio larriagoak izaten dituzte. Datuek erakusten dute trafiko-istripu bat izandakoan hiltzeko eta zauri larriak izateko probabilitatea sei aldiz handiagoa dela motorrean, beste edozer ibilgailutan baino.

Istripua izan duten hamar motorzaletatik bederatzi, gizonezkoak

Motorzaleak gizonezkoak izaten dira normalean. 2012an jasotako datuen arabera, istripua izan duten hamar lagunetik bederatzi gizonezkoak dira, eta erdiek baino gehiagok 25 eta 44 urte bitarte dituzte. Asteburuetan moto-istripuen kontzentrazio handia izaten da, baita maiatzean, ekainean eta uztailean ere. Moto-istripuen ia erdietan ez dago inplikatutako beste ibilgailurik, eta gertakarion arrazoien artean agertzen diren faktoreak, besteak beste, arreta galtzea, zirkulazio-arauak ez betetzea eta abiadura izan ohi dira.

2005ean, motozikleta-istripuak biktimadun istripu guztien % 8 izan ohi ziren; 2012an, berriz, % 12 izatera igaro zen. Horrez gain, moto-istripuen % 72tan zaurituren bat gertatzen da, eta turismo-ibilgailuen kasuan ehuneko hori % 25era jaisten da.

Hamaika oinezko hilda eta 90 zauritu larri

2012an hamaika lagun hil ziren Euskadin ibilgailuren batek harrapatuta. Horietatik zazpik hiriko guneetan izan zuten istripua, eta, gainerako laurek, errepideetan. Horrez gain, 90 pertsonak zauri larriak izan zituzten. Adierazle guztiek erakusten dutenez, beheranzko joera da nagusi, bai zauritu larriei dagokienez, bai hildakoei dagokienez. Hildako oinezkoen guztizko kopurua % 69 murriztu da 2000tik, baina, denbora-tarte berean, istripuen ondorioz hildako guztizko kopurua % 73 murriztu da.

Hamar oinezkotatik sei gizonezkoak dira, eta bitik batek 64 urte baino gehiago ditu. Hildakoak eragiten dituzten harrapaketen % 60 udazkenean eta neguan gertatu ohi dira, eta hilda suertatu diren harrapatutako oinezko gehienak gauez edo argi gutxirekin izan dira. Hildako oinezkoen kasuan, gehienetan oinezkoak behar ez bezala ari ziren kalea gurutzatzen.

Oinezkoak harrapatzen dituzten gidarien profilari dagokionez, % 90 gizonezkoak dira, eta % 6k positibo ematen du alkoholemia-probetan.

In itinere eta misioan gertatzen diren istripuak

Istripu batean inplikatutako gidariak lanaldiaren barruan izan badu istripua (misioan) edota lantokira bidean edota bueltan izaten badu (in itinere) laneko bide-segurtasunaren zati bezala hartzen da istripua.

Ertzaintzak Euskadin erregistratzen dituen trafiko-istripuen laurdenak laneko joan-etorriekin lotuta zeuden 2012an. 552 lagunek in itinere izan zuten trafiko-istripua, eta 1.101 lagun misioan suertatu ziren istripu batean inplikatuta.

Istripu-mota honen larritasunari dagokionez, iaz 11 hildako izan ziren (3 misioan eta 8 in itinere), 45 zauritu larri (28 misioan eta 17 in itinere), eta 611 zauritu arin (334 misioan eta 277 in itinere).

Istripu-mota honetan izaten den larritasuna eta trafiko-istripu guztietan izaten dena konparatzen baditugu, ondorioztatuko dugu hiltzeko edota larri zauritzeko probabilitatea askoz ere txikiagoa dela laneko jardunaldiaren barruan edota laneko joan-etorrietan gertatutako istripuetan, trafiko-istripu guztietan oro har baino.

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hiru txostenak webgune honetan: www.trafikoa.net

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau