Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Arte xehetako kuoten barne-banaketa euskal arrantzaleen eskakizunak kontutan hartuta egin dezala eskatu dio Jaurlaritzak MAGRAMAri

2013.eko abenduak 26

Zerkoko arrantzarako txitxarro eta berdelaren banaketa egokia izan da gure arrantzaleentzat, baina oraindik arte xehetakoa zehazteke

Eusko Jaurlaritzak oso balioetsi ditu Bruselak erabaki dituen arrantza-kuotak, eta uste osoa du gero egingo den barne-banaketa Euskadiren aldekoa izatea

Atzoko bileran, Europar Batasuneko Arrantza Ministroek xedatu dituzten HOT (Harrapaketa Onargarri Totalak) aztertu zituen Gobernu Kontseiluak, eta orain kuota horiek estatu barruan nola bana litezkeen ari da analizatzen, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleen interesak aintzat hartuta.

Europaren erabakia dela eta, Gobernu Kontseiluak iritzi dio gure arrantzaleentzat azken 15 urteotan izandako kuotarik onenak direla.

Txitxarro-kuota % 27 murriztuagatik ere (hasieran % 40 murriztuko zela aurreikusi baitzen), HOTean berdelaren kuota % 30 handitu da eta batak bestea konpentsatzen du. Horrez gain, beste espezie batzuetako kuotak ere handitu dira onartu den HOTean, hala nola legatza, oilarra eta zapoa, betiere estatu mailan.

Zerkoko arrantzan eta arte xeheetako kuotaren barne-banaketa

Estatu osorako HOTa xedatuta, MAGRAMAko (Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa) Arrantza Idazkaritza Nagusiak orain «barne-banaketa» gauzatzeko autonomia-erkidegoekiko negoziaketari ekin dio.

Orain arte txitxarroaren eta berdelaren barne-banaketa itxi da (Euskal Herriko ontzien harrapaketetan espezie nagusiak), zerkoari dagokionez, eta gure zerko-arrantzaleen (gipuzkoarrak dira gehienak) interesen alde itxi da. Gure arrantzaleek aspalditik eskatzen dituzten kuotak dira eta oraingoan horiek sinatu ahal izan ditu Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura politikako sailak.

Oraindik erabakitzeke dago txitxarroaren eta berdelaren arte xeheen banaketa, zeinean, kasu honetan, bizkaitarrak diren nagusi. Bide onetik doa negoziaketa, eta Eusko Jaurlaritzak uste osoa du MAGRAMAK eskuartean darabiltzan banatze-irizpideetan orain artean historikoki aintzat izandakoak nagusituko direla eta enbarkazioen tamainari lotutakoak ez direla aldatuko.

Eusko Jaurlaritzak uste du negoziazioa elkar-ulertzeko giroan ari dela gauzatzen eta horregatik eskatu dio Espainiako Gobernuko Arrantza Idazkaritzari zerkoko kuoaren banaketan jarraitutako bidean jarrai dezala lanean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)