Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Aenak Hondarribiko eta Forondako aireportuen operatibotasuna hobetzeko prest dagoela jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzari

2013.eko abenduak 19

• Hondarribikoak muga-kontroleko puntu bat -aduana- izango du laster, eta Schengen eremutik kanpoko hegaldiak jaso ahalko ditu.
• Lezak Aenaren jarrera eskertu du, eta Forondaren helburu nagusia 24 orduz irekita dela gogorarazi du.
• «Forondak eragiketak mugatzen ez dituen ordutegia merezi du, bere espezialitatea den kargako-terminalari egokitua»


Estatuko Aireportuen Sarearen zuzendarien eta «III. taldea» izeneko aireportuen (Hondarribikoa eta Forondakoa talde horretan daude) bidez, Aenak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailari baieztatu dio «Hondarribiko aireportuaren pistaren salbuespena adierazteko» asmoa duela, operatibotasuna hobetzeko, baita Forondako aireportuarena ere.
Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak baliozkotu behar duen prozesua 2014ko amaieran bukatuko da. «Horrek ez du esan nahi ordura arte itxaron beharko denik pistaren luzera osoa erabiltzeko, baina aireportuaren operatibotasunaren etorkizunari buruzko zalantza argitzen du», adierazi dute Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzan. Era berean, Hondarribiko aireportuan muga-kontroleko puntu bat -aduana- ipiniko dute laster. Horrenbestez, Schengen eremutik kanpoko hegaldiak jasotzeko gaituta egongo da lehen aldiz.
Aenako arduradunak Eusko Jaurlaritzari azaldu dionez, pasaporteak egiaztatzeko kabinak kontratatzeko prozesua abiarazteko dokumentuak prest ditu, eta Barne Ministerioak Hondarribiko aireportuari muga-izaera aitortzearen zain dago.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritza eta Aena salbuespena jorratzeko zenbait denboraz harremanetan egon ondoren, Garraio Sailak honakoa adierazi du:«badirudi aurrerapausoak ematen ari garela, Aenaren interesari eta laguntzari esker, gure proposamenak aintzat hartu baititu, nahiz eta Hondarribiko eta Forondako aireportuen operatibotasunak asko kezkatzen gaituen oraindik eta hala jakinarazten diegu etengabe Estatuari eta Aenari. Dena den, Aena gure aireportuen egoera hobetzeko gurekin lan egiteko prest dagoela azaldu behar dugu».
Foronda
Eusko Jaurlaritzako Garraio zuzendari Imanol Lezaren hitzetan, «Hondarribiko aireportuaren salbuespenari esker, konpainiek plangintzak egiten dituztenean jakingo dute pistaren luzera osoa erabili ahalko dutela, pista laburtzeak eragiten zuen arriskua alde batera utzita. Halaber, Hondarribiko aireportuaren eskaintza handitzeko lanean jarraitu behar dugu. Horretan ari gara, Ortzibiak jarduera berreskura dezan, 2010etik etenda baitago. Ortzibia Gipuzkoako erakunde guztiak biltzen dituen foroa da, eta haren lana garrantzitsua iruditzen zaigu aireportua sustatzeko. Ortzibiak indarra hartu du berriz, ekainean eta abenduan egindako bilerei esker, eta aireportuaren garapenean eginkizun garrantzitsua izango duela uste dugu».
Forondako aireportuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak funtzionamendu-ordutegiaren murrizketagatik kezkatuta zegoela jakinarazi zion Aenari: «Estatuko eta Europako karga-azpiegiturarik garrantzitsuenetako bat da, eta hazkunde-zifrak ditu, baina bidaiari kopuruaren irizpidea aplikatu diotenez, ordutegia murriztu diote».
«Forondak eragiketak mugatzen ez dituen ordutegia merezi du, bere espezialitatea den kargako-terminalari egokitua», esan du Eusko Jaurlaritzako Garraio zuzendariak, «Aenak eta langileek lortutako akordioak pozten gaitu. Aenak jakinarazi zigun, eta horri esker, funtzionamendu-ordutegiaren zenbait alderdi zabaltzea ekarriko du. Hala ere, gure asmoa aireportuaren ordutegia eskaerarekin ez lotzea da, hegaldiak erakartzeko oztopoa baita. Gure helburua 24 orduko ordutegia da»

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @v_en_c
    2013.eko abenduak 22

    Comentario de Twitter:
    AENA traslada al Gobierno Vasco su disposición para que el Aeropuerto de Vitoria-Gasteiz mejore su operatividad. http://t.co/eetbZwEjJE

Komunikabideek behera kargatzeko