Berriak
Eu

Gizarte bazterketaren aurka lan egiten duen La posada de los abrazos elkartearentzat 2013ko Emakunde Saria

2013.eko abenduak 17

2013ko Berdintasunerako Emakunde Saria gizarte bazterketaren aurka lan egiten duen La posada de los abrazos elkartearentzat izan da. Elkarte hau Bilboko Alde Zaharrean sortu zen 2003an bazterketa soziala jasaten duten pertsonek bizileku merkeak lortzeko zituzten arazoei aurre egin nahian. Gaur egun hogeita hamabi pertsona bizi dira elkarteak dituen bi etxebizitzetan. Epaimahaiak goraipatu du estutasun ekonomikoa eta indarkeria sexistari aurre egin behar dieten emakume ezberdinen premiazko beharrei erantzuten dietela.



Gizarte bazterketaren aurka lan egiten duen La posada de los abrazos elkartearentzat izan da 2013ko Berdintasunerako Emakunde Saria. Elkartea 2003an sortu zen. Etxebizitzarik gabeko pertsonak artatzen zituzten bi langileen ekimena izan zen, pertsona hauek etxebizitza merke bat lortzeko zituzten zailtasunak ikusita. Bilboko San Francisco auzoan alokatutako bi etxebizitzekin hasi zen elkarte honen ibilbidea, eta gaur egun hamabi pertsona bizi dira elkarteak kudeatzen dituen bi etxebizitzetan. Honetaz gain beste hamabi pertsonen jarraipena egiten dute etxebizitza hauetatik kanpo. Hamar urtetan 500 pertsona inguru pasatu dira elkarteak kudeatzen dituen etxebizitzetatik.

Emakunde Sariko epaimahaiak hautagaitza hau aukeratu du aurkeztutako 25en artean elkarte honek gizartean eta erakundeetan duen eraginagatik, emakume askorentzat bizi baldintza duinak bermatu ez dituen gaur eguneko antolaketa sozioekonomikoa zalantzan jarriz.

Epaimahaik goraipatu du elkarteak indarkeriarik eta bazterketarik gabeko bizimodu eredu baten alde egiten duen lana. Zentzu honetan, alternatiba bat eskaintzen du elkarteak indarkeriarik gabeko eta doakotasunean, kolektibitatean, autogestioan eta espiritu kritikoan oinarritutako gizarte baten alde.

Epaimahaiak bereziki baloratu du estutasun ekonomikoa eta indarkeria sexistari aurre egin behar dieten emakume ezberdinen premiazko beharrei erantzuten dietela, eta baita ere indarkeria sexista jasaten duten emakumeekin lan egiten duten erakunde, entitate eta elkarteekin sarean egiten duten lanarengatik.

Honekin batera, epaimahaiak goraipatu du pertsonen ahalduntzearen alde egiten duten lana, eta bereziki emakumeekin egiten dutena.



Sariaren helburua

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. 2006an Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere. Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an, Lilaton taldea 2009an, 2010ean Teresa del Valle, 2011an Irun eta Hondarribiako alarde mistoak eta 2012an Bilboko Modulo psikosozialak.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @DoceMiradas
    2013.eko abenduak 18

    Comentario de Twitter:
    La Posada de los Abrazos premio @emakundEJGV por su respuesta a la precariedad de las mujeres y violencia #sexista. http://t.co/A9SExB3nvG

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)