Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

“Energiaren etorkizuna Espainian: globalizazioa, teknologia eta energia” jardunaldiaren aurkezpena

2010.eko apirilak 29

Garmendiak aurreikusten duen etorkizun energetikoan, “eskariak presio handia egingo du petrolioaren gainean, epe ertain edo luzera”

Energia sailburuordeak dei egin du “Estatuko Itun bat lortzeko energiaren alorrean, benetan iraunkorra den estrategia energetiko bat gauzatzeko xedez”. Garmendiak parte hartu du politika energetikoari buruzko Funciva txostenaren aurkezpenean.

Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Energia sailburuordeak “bidegurutzetzat” jo du Espainiak energiaren alorrean duen egoera; izan ere, sistema energetikoak mendetasun handia du kanpoaldearekin, gutxi gorabehera % 80, hau da, efizientzia energetikoa txikia da eta behar energetikoa handiegia da europar ingurunearekin alderatuta; “horrek murrizten du gure lehiakortasuna, mendetasun handia sortzen digu erregai fosilekin, batez ere petrolioarekin, eta hori garraio sektorearen oso gehiengo handia da”, adierazi du sailburuordeak.

Garmendiak parte hartu du Funciva txostenaren aurkezpenean. “Prospektiba eta Plangintza Estrategikoa: Politika Energetiko Arrazionalaren Zutabeak” izenburupean, aurkezpena Donostian egin da, eta bertan egon da Xabier Albistur Senatuko Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordearen presidentea, energiaren alorreko aditu batzuekin batera.

Sailburuordeak azaldu duenez, Funciva txostena “argigarria” da, zeren modu oso sintetikoan aurkezten baitu Espainiaren egoera energiaren eremuan; gainera, “diagnosi zehatza eta zorrotza egiten du gertaera eta erronkei buruz, bai alor tekniko eta ekonomikoan eta bai alor soziopolitikoan”. Alde horretatik, Garmendiak aipatu ditu munduaren etorkizuneko panorama energetikoaren ezaugarriak, hots, “eskariak presio handiak egingo dituela petrolioaren gainean, berotegi-efektuko gasen isurketak gero eta gehiago murriztuko direla, eta petrolioaren eskaintza gelditu edo jaitsiko dela”. Horren eraginez, sailburuak uste du “gero eta tentsio handiagoak egongo direla nazioarteko panoraman; halaber, epe ertain edo luzeko horizontean (5 – 10 urte) prezioek gora egingo dute eta arazo berriak sortuko dira petrolioaren eraginez gertatuko diren krisiengatik”.

Bere hitzaldian, Xabier Garmendiak irtenbideak planteatu ditu energiaren alorrean sor litezkeen krisientzat; adibidez: “energia berriztagarriek pisu handiagoa izatea etorkizunean, auto elektrikoa ezartzea, efizientzia energetikoa bultzatzea eta petrolioaren erabileratik poliki-poliki deskonektatzea, erabilera energetikoari dagokionez”. “Oso etorkizun irekia dugu sektore energetikoan, eta badira erronkak eta aukerak benetan iraunkorra den estrategia energetiko bat aurrera eramateko”, esan du sailburuordeak. Etorkizun horri heltzeko, Garmendiak  proposatzen du “eztabaida zintzo eta irekia gauzatzea indar politikoen artean eta eragile ekonomiko eta sozialen artean”; horren helburua izango litzateke adostasuna lortzea eta, ondorioz, “Estatuko Itun” bat abiatzea sektore energetiko eta ekonomikoarentzat. Garmendiak esan duenez, gobernu zentralari eta oposizioari dagokie lehenengo urratsak egitea Estatuko Itun hori errealitate bihurtu dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Garmendia