Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Center fundazioak hitzarmen bat sinatu dute Euskadiko turismo sustapena bultzatzeko

2010.eko apirilak 29

Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak eta Joxe Mari Aizega Fundazioko zuzendariak hitzarmena sinatu dute gaur; urtea amaitu arte egongo da indarrean, eta luzatzeko aukera izango da.

Zorrillaren hitzetan, "Basque Culinary Center Fundazioak Euskadin turismoa indartzen lagunduko du, bere ekintzak hedatzerakoan euskal turismoaren irudia erabiliz", adierazi du Zorrillak.

Euskal gastronomia sustatu eta hedatu beharreko ondare garrantzitsua da, Euskadin turismoa sustatzeko elementu traktorea eta bereizgarria den aldetik. Hori oinarritzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Industria Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Basque Culinary Center Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, honako bi helburu hauekin: batetik, Euskadin gastronomiaren ikerketa eta berrikuntza sustatu eta bultzatzea, eta, bestetik, Euskadik gastronomiaren alorrean duen lidergoari eustea, turismoa erakartzeko bereizgarria den aldetik. 

Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center Fundazioko zuzendariak eta Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak sinatu dute gaur hitzarmen hori. Hiru 'michelin' izar dituzten Juan Mari Arzak, Pedro Subijana eta Martin Berasategi sukaldariak ere egon dira ekitaldian, baita Isabel Muela Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendaria eta Ana Izaguirre Basquetour sozietate publikoko zuzendari nagusia ere. 

"Hitzarmen horren arabera, Basque Culinary Center Fundazioak Euskadin turismoa indartzen lagunduko du, bere ekintzak hedatzerakoan euskal turismoaren irudia erabiliz", adierazi du Zorrillak. Gainera, Sailak 25.000 euroko diru-laguntza emango dio proiektuari, urtea amaitu arte. Hitzarmena ere urtea amaitu arte egongo da indarrean, baina gerora luzatzeko aukera izango da.  

Erreferentea gastronomian

Basque Culinary Center Fundazioaren helburua hauxe da: Gastronomia Zientzien arloetan prestakuntza eta ikerketa lantzea, berrikuntza eta ezagutza transferitzea, eta unibertsitate, zentro teknologiko, enpresa eta erakunde publikoen artean lankidetzazko ikerketa-prozesuak sorraraztea, horrela ezagutza sortu eta transmitituko duen sarea garatzeko. 

"Hortaz, Euskadi eta hedaduraz Espainia osoa, Gastronomia Zientzien arlo guztien prestakuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta ezagutzaren eta teknologiaren transferentzian nazioarteko erreferente bihurtzea du helburu Fundazioak", gaineratu du Joxe Mari Aizegak. Horrek indartu egiten du Euskadin gastronomiak turismoa erakartzeko duen garrantzia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Zorrilla