Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritza «kezkatuta» azaldu da justizia administrazioaren arloko batzarraren ostean

2013.eko abenduak 16

Tasa judizialekin bildutako dirua, 313 milioi euro, doako justizia finantzatzera bideratuko ez dela egiaztatu da.

Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen justizia administrazioaren berrantolaketak barruti judizialen gaineko eskumen autonomikoa desagertzea ekar lezake.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazioko sailburu Josu Erkoreka «kezkatuta» azaldu da gaurkoan, lehen une batean esandakoaren kontra, tasa judizialekin bildutako dirua, 313 milioi euro, ez dela doako justizia finantzatzera bideratutako egiaztatu ostean. Josu Erkorekak azaldu duenez, tasa judizialak Justizia Ministerioaren gastuak finantzatzeko erabiliko dira, eta bakar-bakarrik «modu osagarrian» erabili ahal izango dira doako justizia finantzatzeko. Erkorekak gogoratu duenez, gainera, tasa judizialak «izugarrizko kaltea» eragiten ari dira babes judizial eraginkorra izateko eskubidearengan.

«Tasa judizialen helburua aberatsek ordaindutako dirua pobreentzako justizia finantzatzeko baliatzea zela esan zitzaigun. Aldiz, orain, justizia arloan eskumenak dituzten autonomia erkidegoetako pobreek ez dutela inolako onurarik jasoko ikusten ari gara», nabarmendu du Erkorekak.

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak gaur goizean Madrilen egin den justizia administrazioaren arloko batzarraren ostean egin ditu adierazpenok.

Erkorekak azaldu duenez, gainera, bada kezkarako beste arrazoi bat ere: Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen justizia administrazioaren berrantolaketak barruti judizialen gaineko eskumen autonomikoa «kolpe batez» desagerraraztea.  Batez ere, Erkorekak berak azaldu duenez, probintzia barruko barrutiak daude arriskuan, lehen auzialdiko barruti probintzialak sortzeko aukera baitago mahai gainean, eta, horrek, noski, barruti txikiagoak, hau da, egungo barruti judizialak, desagertzea suposatuko bailuke.


Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau