Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Emakumeen presentzia ugaritu egin da euskal lan-merkatuan, krisia gorabehera

2013-12-16

2008 eta 2012 bitartean, EAEko ekonomiak sortutako enplegua % 9,1 gutxitu zen, 986.569 lanpostutik 896.650 lanpostura pasa baitzen. Haatik, aldi horretan bertan, emakumezkoen enplegu-tasak % 1,7 egin zuen gora.

2008-2012 aldiko Lan Merkatuaren Erroldak (LME), Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak egina, gizonezkoei egotzi die batik bat galdu diren 90.000 lanpostu horietako gehienak, emakumezkoen enplegu-tasak 1,7 puntuz egin baitu gora aldi horretan bertan.

LMEren tratamendu estatistikoak (http://www.contenidos.servicios.jakinaplus.ejgvdns/r33-2287/eu/contenidos/informe_estudio/cmt_2012/eu_def/cmt_2012.html) euskal ekonomiako sektore eta atal gehienak hartzen ditu aintzat; nekazaritza eta etxeko zerbitzua besterik ez ditu bazter uzten. Euskal Autonomia Erkidegoko 6.803 establezimenduk osatutako lagin bat hartu du abiaburu. Establezimendu horiek 296.649 enplegatu dituzte guztira; EAEko enplegu guztien % 33,1, hain zuzen ere.

Lan Merkatuko Erroldak enpresen eskarietan oinarrituta neurtzen du enpleguaren egoera, eta baieztatu egin du analistek 1990eko hamarkadaren erdialdetik hona hauteman duten joera bat sendotzen ari dela: emakumeek gero eta presentzia handiagoa dutela Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizte-egituran.

Izan ere, azken 16 urteetan emakumeen presentziak etengabe egin du gora lan-merkatuan. 1996an EAEko enplegu guztien % 32,8 emakumezkoenak ziren; 2012an, berriz, kopuru hori % 42,4raino handitu da. Gaur egun, krisiak markatutako testuinguruan, hamar enplegutatik lau emakumeek betetzen dituzte.

Ia ekoizte-sektore guztietan eta kategoria profesional guztietan hauteman da joera hori; haatik, azken erregistroetan ikusi da hirugarren sektorean nagusi direla emakumeak, enplegu guztien % 53,3 baitira (1996an baino 8 puntu gehiago).

Gainerako sektoreetan, 1996az geroztik etengabe ikusi diren gorakadek ez dute isla nabarmenik izan emakumeek enpleguan izan duten presentzian (% 12 eraikuntzan eta % 20,5 industrian).

Enplegu mota horretako hedapen joera bai lanbide kategoria kualifikatuetan (teknikariak edo erdi mailako arduradunak) bai kualifikaziorik gabeko langileen populazioan ikusten da. Teknikarien kolektiboari dagokionez, 2012ko erregistroek erakusten dutenez, enpleguaren sexuaren araberako banaketan erabateko oreka dago.

Beste alderdi positiboetako bat da 1996tik 2008ra bitartean etengabe jaitsi ondoren, azken urte horretan emakumeek zuzendaritza-postuetan daukaten pisua handitzen hasi dela berriz.

Manufaktura industrian, merkataritzan eta ostalaritzan emakumeen enpleguak izan duen hazkuntza esanguratsuaren aurrean, 1996tik lehenengo aldiz, nabarmen jaitsi da emakumeen pisua sektore publikoko enpleguan (% 66ren baliokidea), baita energia-industrian, hezkuntzan, osasunean eta gizarte-zerbitzuetan daukatena ere. Arlo horietan guztietan, sexuaren araberako banaketa orekatua izan da lehenago, edota emakumeen presentzia nagusikoa.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)