Berriak Segurtasuna
Eu

Joko eta Ikuskizunen zuzendaritzak lokalen edukiera gainditzearen inguruko sentsibilizazio-kanpaina bat abiaraziko du

2013.eko abenduak 16

Gabonetan kotilioiak ospatzen dituzten lokalen segurtasun-neurriak aztertuko ditu Ertzaintzak

Eusko Jaurlaritzaren joko eta Ikuskizunen zuzendaritzak gaurtik aurrera ipiniko du abian Gabonetako kotilioiak eta, oro har, festak egiten diren lokalen edukiera ez gainditzearen garrantziari buruz herritarrak sentsibilizatzeko publizitate-kanpaina bat. Kanpaina urtarrilaren hasierara arte luzatuko da, eta harekin batera Ertzaintzak halako ospakizunak antolatzen dituzten lokalak arakatuko ditu.

Segurtasun saileko zuzendaritza horrek gaur abian ipiniko duten sentsibilizazio-kanpainaren xedea dira, alde batetik, festa horietara joaten diren herritarrak, eta, bestetik, horiek antolatzen dituzten enpresariak, ohartarazteko lokal bakoitzean baimendutako gehienezko edukiera ez gainditzea oso garrantzitsua dela eta zer-nolako arriskua eragiten duen betebehar horri muzin egiteak.

Segurtasun sailaren kanpaina prentsan agerraraziko diren aholkuen bidez, irrati-iragarkien bidez, internet bitartez eta eremu publiko hautatuetan –garraio publikoan, geltokietako eta estazioetako babeslekuetan...– ipiniko diren kartelen bidez gauzatuko da.

Lokalen inspekzioa eta antolatzaileentzako informazioa

Aholkuak hedatzeko kanpainarekin batera, Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizunen Unitatea dagoeneko hasia da Euskadin urte-amaierako kotilioiak antolatzeko baimena duten edukiera handiko lokalak, dozena inguru, banan-banan arakatzeko kanpaina aplikatzen. Ertzainek horiek guztiak aztertuko dituzte, bai aldez aurretik, bai ekitaldiaren egunean bertan, suteen kontrako babesa eta larrialdiko irteeren egoera gainbegiratzeko eta, batez ere, baimendutako pertsona-kopurua gainditzen ez dela egiaztatzeko. Halaber, titular eta antolatzaileei gogoraraziko zaie zer segurtasun-neurri eskatzen zaizkien.

Lokal gehienek lehendik ere badute kotilioiak antolatzeko baimena, udal-baimenaren barruan. Beste batzuk, berriz, kirol-instalazioak dira, edota erabilera askokoak, eta horiek berariazko baimen bat behar dute urte zaharreko festak antolatu ahal izateko.

Halako lokalen kasuan, Segurtasun saileko Joko eta Ikuskizunen zuzendaritzak egun horretarako eta jarduera horretarako berariazko baimena lor dezatela exijitzen die antolatzaileei. Horretarako, ekitaldi horretarako propio diseinatutako eta arau teknikoei (alegia, Eraikuntzako Kode Teknikoari) jarraikiz lokalaren ezaugarriei egokitutako babes-plan bat aurkeztu beharko dute. Halaber aurkeztu beharko dute memoria bat, non larrialdiko irteerak eta ebakuaziorako ibilbideak aintzat hartuta, gehienezko edukiera kalkulatuko baita. Azterketa hori teknikari gaituek egina izan beharko da. Lokalaren gehienezko edukiera 1.000 lagun baino handigoa baldin bada, tiro-behartuko ke-erauzgailuak izan beharko ditu.

Arau horiek ez errespetatzean 1.200 eta 30.000 euro bitarteko isunak ekar litzakete, larriak izanez gero, eta 150.000 eurokoak ere izan litezke arau-haustea oso larritzat joz gero, eta lokala itxi ere egin liteke.

Euskal Autonomia Erkidegoko arauek diote lokal publikoak kontrolatzeko eskumena jarduerarako baimena eman duen erakundeari dagokiola (udalari, hain zuzen). Dena dela, 700 lagunekoa baino edukiera handiagoa duten lokaletan Eusko Jaurlaritzarekin partekatua da kontrol-eskumena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau