Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Zarautzeko Udalak Bilbo-Donostia linea, udalerritik igarotzean, lur azpian sartzeko Informazio Azterlana lizitatzeko prozesuari hasiera ematea erabaki dute

2010.eko apirilak 28

"Proiektu garrantzitzu batetaz ari gara" dio Garraio sailburuordeak

Gascok adierazi duenez, Trenbidea lur azpian sartzeko proiektua burutzean "kendu ahal izango dira Meagako, Santa Klarako eta gaur egungo Zarautzeko geltokian dagoen trenbide pasaguneak, eta herriaren erdigunean dauden lur azpiko bost igarobide ere kendu ahal izango dira".

Ernesto Gascok, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordeak eta Zarautzeko alkateak, Jon Urienek, bi erakundeek Bilbo-Donostia tren linea, udalerri horretatik igarotzean, lur azpian sartzeko aukera aztertuko duen Informazio Azterlana lizitatzeko beharrezkoak diren izapideei berehala ekiteko duten asmoa iragarri dute. 

Ekimen hori, 2009ko otsailean Garraio Sailak, ETS- erakunde publikoaren bitartez, eta Zarautzeko udalak sinatu zuten elkarlanerako hitzarmenaren ondorio da. Hitzarmen horrek 1,9 milioi euroko inbertsioa du, eta horietatik Eusko Jaurlaritzak %75a finantzatuko du (1.475.000 euro) eta Zarautzeko Udalak gainerako %25a (475.000 euro).                                                                                                                                                                                                                                                                                       

Zarautzetik igarotzean trenbidearen trazatua lur azpian sartzeko beharrezkoa izan daiteke trenbideko 4.650 metro estaltzea eta herriaren sarreran trenbidea bikoiztea. Halaber, geltoki berria eraikiko litzateke udalerriaren erdigunean, eta geraleku berria eraiki San Pelaion.                                                                                                                                                                                                                                                                                              

Horrez gain, trenbidea lur azpian sartzeko proiektua burutzean "kendu ahal izango dira Meagako, Santa Klarako eta gaur egungo Zarautzeko geltokian dagoen trenbide pasaguneak, eta herriaren erdigunean dauden lur azpiko bost igarobide ere kendu ahal izango dira", dio sailburuordeak.

Zarautzetik igarotzean "Bilbo-Donostia trenbidea bikoizteak eta lur azpian sartzeak, eta udalerrian dauden trenbide pasaguneak kentzeak, aukera emango du hainbat hamarkadatan tren azpiegiturek hartu izan duten espazioa hiritarrentzat berreskuratzeko, eta, horrez gain, nabarmen hobetu ahal izango dira trenen igarotze maiztasunak eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatea".

Horrela, 2011ko udaberrirako, EuskoTreneko Kostaldea lineako erabiltzaileek, Aia-Orio tren saihesbidea martxan jartzeak ekarriko dituen abantailak nabarituko dituzte. Lan horrek, Lasarte-Errekalde-Añorga zatietan egingo diren trenbide bikoizketa lanekin batera, aukera emango du linea horretako maiztasunak eta bidaiak egiteko behar den denbora nabarmen hobetzeko.

Horrela, Zarautz eta Donostia arteko bidaia egiteko beharko den denbora egungo 31 minutuetatik 25 minutura jaitsiko da. Horrez gain, EuskoTrenek 15 eta 20 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango ditu Zumaia eta Gipuzkoako hiriburuaren artean.

Aia-Orio tren saihesbidearen barruan 1.635 metroko zatia bikoizteko lanak, trenbide pasagune bat kentzea eta guztiek arazorik gabe erabili ahal izango duten geltoki berri baten eraikuntza sartzen dira.

Azken finean, jarduketa horiek guztiak, Patxi Lopez Lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzak XXI. mendeko aldirietako sarea bultzatzeko duen konpromisoaren ondorio dira. Horretarako beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzaren eskumen diren tren azpiegiturak hobetzea eta, batzuetan, goitik behera berriztatzea, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoaren bitartez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Ernesto Gasco