Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak dio Euskadi 2015ean aterako dela krisialditik

2013.eko abenduak 14

Iñigo Urkullu lehendakariak legealdiaren lehen urteko azterketa egin du 30 herritarrek parte hartu duten Euskadi Pregunta saioan, Euskal Telebistan. Bertan adierazi du Euskadi 2015etik aurrera krisialditik ateratzeko moduan izango dela. Ohartarazi du hala ere, "2014 urtea oraindik urte zaila izango dela" baina  iragarri du badirela datu itxaropentsuak legealdiaren bigarren erdira begira. 2014ko aurrekontua 10.200 milioi eurokoa izango da, eta 2015 eta 2016an urte "baikorrak" izango dira. Hala eta guztiz ere, lanean jarraitu behar dela esan du, datorren urtea gogorra izango delako oraindik.

Urkullu lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, 2013ko aurrekontuak ezarritako estutasunak gaindituz (aurreko urteetan baino 1.100 milioi euro gutxiagoko aurrekontua izan da 2013koa), apustu argia egin duela kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatzeko osasun arloan (ko-ordainketa konpentsatuz), hezkuntzan (Lomce legearen kontrako errekurtsoa iragarriz, ikasleen bekei eutsiz, bikaintasuna bilatuz, ikerketa bultzatzu unibertsitateetan), eta gizarte babesean (Diru sarrerak bermatzeko errentarekin, edota etxe-kaleratzeen kasuetan bitartekaritza eta arreta eskainiz).

2014ko Aurrekontu proiektuaren onarpenerako PSE eta PP-rekin lortutako akordioen inguruan, lehendakariak azaldu du azken hilabeteetan Euskadin alderdi politikoen arteko harremanak une hobea bizi dutela, legealdiaren hasieran ez bezala. Bestalde, adierazi du "UPyD eta EH Bildu taldeen jarrera maximalistek" oztopatu dutela hauek ere akordioetara batzea. "Eusko Jaurlaritzaren eta lehendakariaren borondate faltagatik ez dela izan azpimarratu du".

Adierazi du baita ere, lehenago lortutako beste adostasun batzuek ere lagundu diotela akordio giroari, besteak beste, ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko akordioa, zerga politikari dagokiona, edota Espainiako gobernuarekin lortutakoa defizita malgutzearen inguruan.

Fagor Etxetresnak-en itxieraren inguruko galderei erantzunez Lehendakariak argudiatu du "Jaurlaritzak egin beharrekoak egin dituela". Orain Jaurlaritza Fagorren eta Mondragon taldearen erabakiak ahalik eta eragin eta kalte txikiena izan dezan lanean ari dela, besteak beste lan aholkularitzan kooperatibistei eta langileei, edota oraindik bideragarriak diren negozio unitateen etorkizuna aztertzen. Gainera azaldu du gobernua aztertzen ari dela Fagor Etxetresnak-en hornitzaile ziren enpresei ere nola eragingo dien egoera berriak.

Enpresa eta ekonomia testuinguru honetan, lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza ohartzen dela Euskadiko ehun industrial eta produktiboaren %90 enpresa txiki eta ertainek osatzen dutela eta zentzu honetan Jaurlaritza guztiei arreta ematen ari dela. Horrela, gogora ekarri du gobernuak martxan jarritako enpresa ertain eta txikien finantziaziorako funtsa.

Enplegu sorrerari dagokionean, Urkullu lehendakariak nabarmendu du helburu garrantzitsuenetakoa dela gobernuarentzat. Horregatik gazteek atzerriko esperientzia har dezaten Global Training bekak ekarri ditu gogora, baita Lehen Aukera programa ere, honekin Lan Heziketa egin duten 600 gaztek lan merkatura sartzeko aukerak handitzen direlako, ahaztu gabe, Junior Kooperatibak ekimena, Mondragon Unibertsitatearekin batera martxan jarritakoa.

Bestetik, azaldu du Lanbideren berrantolaketa ere egin duela Jaurlaritzak, enplegurako formakuntza indartuz. Horrela orain urte baino 580 pertsona gutxiago daude langabezian izena emanda Euskadin. Lehendakariak zuhurtziari uko egin gabe, esan du "etorkizunari baikor begiratzeko datuak badirela egun".

BAKEA ETA BIZIKIDETZA

Bake eta bizikidetza gaietan, lehendakariak beste behin nabarmendu du ETAk armak entregatzea dela premiazkoena. “Ez du batere zentzurik organizazio terrorista batek irautea, orain bi urte indarkeria utzi badu”, esan du, eta ETAren behin betiko desagertzearen alde azaldu da. Lehendakariaren hitzetan, hortik aurrera “badira lanerako beste zenbait esparru: egindako kaltearen aitorpena, edo Espainiako Gobernuaren espetxe politikaren malgutzea, legedi arrunta betez”.

Lehendakariak, orain arteko bileretan bezalaxe, Mariano Rajoyri gisa honetako eskariak egiten jarraituko duela jakinarazi du. Batzar horietan, Euskadiko egoera politikoaren, gizarte-gaien eta erakundeen berri eman dio Espainiako presidenteari, eta Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako planaren xehetasunak ere helerazi dizkio.

Urtarrilerako antolatua dagoen presoen aldeko manifestazioari buruz, Lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela bertaratzeko deirik egingo, eta Ezker Abertzaleari esan dio, ezin dutela eurekiko sentsibilitaterik eskatu beraiek sentsibilitate hori beste esparru batzuetan orain arte ez badute erakutsi. Arnaldo Otegiri buruz galdetutakoan adierazi du, ez zukeela izan behar ez atxilotua ezta preso hartua ere.

EUSKADIRENTZAT ESTATUS BERRIA

Euskadirentzat estatus politiko berriaren inguruan, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du bere asmoa dela “alderdi politikoek Euskal autogobernuari buruzko eztabaidan parte hartzea eta Eusko Legebiltzarrean proiektu desberdinak aurkeztu ditzaten; egungo autogobernu ereduari buruz eta etorkizunekoaren inguruan ere eztabaidatu ahal dezaten. Lehendakariak, eztabaida horietatik “alderdi abertzale eta ez abertzalek bat egingo duten proiektu bat adosteko” nahia azaldu du.

Catalunyan zabaldu den erabakitze eskubideari buruzko prozesuari buruz, Artur Mas President-ak egindako iragarpenari erabateko errespetua adierazi dio: “Demokrazian bizi gara, eta legezko diren proiektu guztiak defendagarriak dira”. Euskadin ere antzekorik gerta litekeen galdetuta, Lehendakariak azpimarratu du “Parlamentuan horretarako gehiengorik balego, Euskal gizarteak berrestea ezinbesteko dela, eta berretsiko balu, ezinbesteko dela erabakia errespetatzea ere.

Nafarroako ikastoletako D ereduko irakasleen inguruko txostenari dagokionean, eta Espainiako Barne Ministerioak iragarritako legeari buruz, “astakeria” iruditzen zaio lehendakariari eta eskatu du argitu dadila irakasleak Guardia Zibilaren partetik ikertuak izan ote diren.

ETB Nafarroan seinale digitalean ikusi ahal izan dadin bi gobernuen arteko lan-taldea sortzea aurrerapausutzat jo du Iñigo Urkulluk eta irtenbidea bilatzeko aukeratzat, erakundeen arteko errespetuarekin. . Bere hitzetan, egoera hau ez da arazo tekniko batek sortua baizik eta “borondate” kontua da. Azpimarratu du ulertezina dela nafarrek munduko telebista guztiak ikusteko aukera izatea, eta ez aldiz ETB. Jaurlaritzak borondate osoa du egoera honi irtenbidea emateko.

Bestalde, Iñigo Cabacas-en heriotzaren kasuari buruz galdetuta, adierazi du Eusko Jaurlaritza ikerketa juzidialari laguntzen ari dela lehenbailehen gertatutako argitu dadin. Aldi berean eskatu du jaurtitzen diren informazioetan “errugabetasun presuntzioa errespetatu behar dela”, eta ziurtatu du euskal administrazioaren baitako norbaitek arduraren bat izango balu, eta ardura horiei erantzun behar badie, “Jaurlaritzak hori gerta dadin” egingo duela.

Amaitzeko, lehendakari gisa daraman lehen urte honetan Urkullu lehendakariak harrotasunez bizi izan du lehendakari kargua. “Denbora honetan duintasunez jokatzen saiatu naiz, euskal herritar guziek senti dezaten duintasunez ordezkatzen dudala erakundea”.


Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)