Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Basurtoko Ospitaleko Aztarain pabilioia inauguratu du

2010.eko apirilak 28

Osasun Sailak 8 milioi euro inbertitu ditu pabilioi hau zaharberritzeko lanean, arreta onkologikoa, hematologia eta minaren unitatea kontzentratzeko

Gaurtik aurrera, Aztarain pabilioia Basurtoko Ospitaleko Onkologia Mediko, Hematologia eta Minaren  Unitatearen pabilioia da. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aldetik 8 milioi euroko inbertsioa behar izan duen erreforma sakon baten ostean, pabilioi honek kontzentratzen ditu orain arte Bilboko ospitale horretako eraikin batzuetan sakabanatuta zeuden zenbait zerbitzu. Patxi López Lehendakaria inaugurazio honen burua izan da, eta berarekin batera Rafal Bengoa Osasun sailburua eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea izan dira. Lópezek azpimarratu du erreforma “hobekuntza oso esanguratsua” dela zerbitzu medikoen eta arreta-zerbitzuen koordinazioan, “pazientearen erosotasuna hobetzen baitu”.

Patxi López Lehendakariak nabarmendu du onkologia eta hematologia zerbitzuak eta minaren unitatea Aztarain pabilioian biltzeak zerbitzu medikoen “hobekuntza dakarrela”, “pazientearen erosotasuna” hobetzeaz batera. “Erreforma honek nabarmenki hobetuko ditu zerbitzuen koordinazioa eta pazientearen erosotasuna”, azaldu du Lehendakariak. Gainera, zerbitzuak “kontzentratzearen” eta lehen arreta eta ospitale-arreta “integratzearen” aldeko apustua egin du, euskal osasun publikoaren zerbitzua hobetzeko neurri gisa; horrekin batera, gaixo kronikoen arretaren eta etxeko arretaren aldeko apustua ere egin du.

Aztarain pabilioia inauguratzeko ekitaldian, Patxi López Lehendakariak, Rafael Bengoa Osasun sailburuak eta Iñaki Azkuna Bilboko alkateak plaka oroigarri bat desestali dute. Erreformak bidea ematen du onkologia eta hematologia zerbitzuak eta minaren unitatea pabilioi horretan bateratzeko; izan ere, 8 milioi inbertituta, pabilioiak 1.000 m2 irabazi ditu. Horri esker, elementu berri hauek instalatu ahal izan dira: 44 besaulki, 8 ohe, minaren Unitate moderno bat, 12 kanpo-kontsultekin eta 40 oherekin, 2 ospitaleratze-ataletan banatuta, 16 gela bikoitzekin eta 8 gela indibidualekin.

Bere hitzaldian, Lehendakariak berretsi du Eusko Jaurlaritzak osasun sistema publikoa hobetzearekin duen konpromisoa; bere esanetan, sistema hori erreforma “gradual baina sakon batean” dago murgilduta. “Arazoaren sustraira joan behar dugu, gizarte gisa aurrez aurre dugun arazo nagusietako bat konpontzeko, alegia, biztanleriaren zahartze gero eta handiagoari eta zerbitzu medikoen eskariaren hazkundeari aurre egiteko”, azpimarratu du Lehendakariak. Gainera, azaldu duenez, “kalitate-estandarrak hobetzeko esfortzu bat” egitea ez da oinarritzen gastua murriztean, baizik eta “gastua hobetzean”. “Ez krisiak ez beste ezein egoerak ez dute murriztuko Eusko Jaurlaritzak osasun publikora zuzentzen duen aurrekontua”, gaineratu du Lehendakariak. Esan duenez, “konpromisoa hau ez da zaio kontrajartzen Osakidetzako gastuari eusteko planarekin”. Izatez, Osasunarentzako aurrekontua da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-partidarik handiena; izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2010erako aurreikusi duen aurrekontu osoaren herena da.

Gaixo kronikoentzako arreta

Erreforma sanitario honen ardatzetako bat da gaixo akutuen arreta kronikoentzako arretarantz bideratzea, pabilioi honetan atendituko direnen kasuan bezala. Gaur egun, gaixo kronikoek jardueraren % 80 bereganatzen dute eta gastu sanitarioaren % 77, eta horrek “desoreka” islatzen du haien arretarako egiten diren inbertsioetan. Alde horretatik, Rafael Bengoa Osasun sailburuak nabarmendu du gaixo kronikoenganako arretaren alorrean dagoen esperientziarik eza. “Fenomeno berri bat da, antolakuntza aldetik landuta ez dagoena eta gutxi ezagutzen duguna”, aitortu du Bengoak. Bere esanetan, espero du Basurtokoaren moduko unitateek bidea ematea eremu honetan aurrera egiteko. “Gizonezkoen erdiek eta emakumezkoen herenak minbiziren bat garatuko dute, eta horregatik da oso garrantzitsua berton egingo dena”, gaineratu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria