Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskal Administrazio Publikoaren Lege Berria egiteko izapideak abiatu ditu

2013.eko abenduak 18

Pertsona gobernu-ekintzaren erreferente, partaide eta erantzukide izango den gobernantza eredu berri batean oinarrituko da.

Testu berriak gardentasunerako herritarren eskubidea eta administrazioaren betebeharra ezarriko ditu. Horrez gain, herritarrek eragiten dieten erabaki publikoetan parte hartze aktiboa izatea bultzatuko du.

Josu Erkoreka: «Herritarrentzako euskal administrazio publiko irekiago eta eskuragarriagoa, arduratsuago eta eraginkorragoa sortzea dugu helburu, horiek baitira gobernu demokratiko baten, gizarte egonkortasunaren eta garapen ekonomikoaren funtsezko baldintzak».

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak inauguratu du gaur goizean Bilbon “Euskadirentzat demokrazia eta herritarren partaidetzarako liburu zurirantz” egitasmoa aurkezteko egin den jardunaldia. Eusko Jaurlaritzak, Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak eta Innobasquek antolatu dute elkarlanean jardunaldia. Ekitaldian Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak, Javier Bikandi Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendariak eta Luis Petrikorena Gobernu Irekiaren zuzendariak ere parte hartu dute.

Jardunaldia irekitzeko egindako hitzaldian Josu Erkorekak ezagutarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak abiatu ditu dagoeneko Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektua egiteko izapideak. Egitasmoa 2014ko lehen seihilekoan onartuko du Gobernu Kontseiluak.

Josu Erkorekak nabarmendu duenez, Gobernua lantzen ari den egitasmoak, besteak beste, herritarren eta administrazioaren arteko interakzioa, publizitate aktiboa eta informazio publikoa eskuragarri izateko bermea arautuko ditu.

Testu berriak gardentasunerako herritarren eskubidea eta administrazioaren betebeharra ere ezarriko ditu. Horrez gain, herritarrek eragiten dieten erabaki publikoetan parte hartze aktiboa izatea bultzatuko du.

Azken helburua, honakoa da: euskal administrazio publikoaren funtzionamenduaren oinarria pertsona gobernu-ekintzaren erreferente, partaide eta erantzukide izango den gobernantza eredu berri bat izatea.

Hori dela eta, Herri Administrazioko sailburuak ziurtatu duenez, lege berriak «herritarrentzako administrazio irekiago eta eskuragarriagoa, arduratsuagoa eta eraginkorragoa sortzea ahalbidetuko du, horiek baitira gobernu demokratiko baten, gizarte egonkortasunaren eta garapen ekonomikoaren funtsezko baldintzak».

DEMOKRAZIAREN ETA PARTAIDETZAREN LIBURU ZURIA

Gaur goizean Bilbon egindako jardunaldian “Demokraziari eta herritarren partaidetzari buruzko liburu zuria” egitasmoa sortzea ahalbidetuko duten aldez aurreko lanak aurkeztu dira.

Helburua gizarte aldaketei aurre egiteko gizartearen beharrak, printzipioak, betebeharrak eta eskubideak jasoko dituen liburu ireki bat sortzea da. Ekimenak Euskadik gobernantza eraginkorrago baterantz urratsak ematea ahalbidetuko du, eta, horrez gain, erreferentziako marko bat izango da gizartearen eta administrazioaren arteko konfiantza giroa sustatu eta eragileak horren alde mobilizatu eta engaiatzeko.

Liburu zuria sortzeko prozesuan administrazio ezberdinek, gizarte eragileek eta herritarrek oro har parte hartuko dute, azken helburua ikuspuntu ezberdinak jasotzea baita.

Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jotzen du herritarren parte-hartzerako bitartekoak eta protokoloak garatzea oinarrizko hiru arrazoi hauek direla eta:

Euskal gizarteak gaitasuna du politika publikoen eraginkortasuna areagotzeko ekarpenak egiteko.

Euskal gizarteak guztien ongiarekiko interes eta konpromiso handia agertu du.

Gobernu on bat derrigortuta dago bere herritarrentzako eta komunitatearentzako balio publiko ahalik eta handiena sortzera, horretarako erantzun eraginkor eta baliagarriak eskainiz legitimitate demokratikoko prozesu batean oinarrituta.

PARTAIDETZAREN KORAPILOAK

Gaurko jardunaldia “Partaidetzaren korapiloak” liburu elektronikoa aurkezteko ere baliatu da. Innobasque agentziako profesionalek egindako lanean, herritarren parte-hartzea bideratzeko izaten diren ohiko arazoak azaleratzen dira, hain zuzen ere horiei aurre egiteko aukera izan asmoz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)