Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2014an Gasteiz On merkatari-elkartearekin eta gainerako eragile komertzialekin batera diseinatuko duten plan estrategiko komertziala abiaraziko dute

2013.eko abenduak 12

Gasteizko plan estrategiko komertzialak txikizkako merkataritza babesteko udal-jardueraren ildo estrategikoak ezarriko ditu. 2014ko azaroaren 30a baino lehen egongo da prest, eta Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dute, bakoitzak planaren % 50


Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2014an Gasteiz On merkatari-elkartearekin eta merkataritza-sektorearen gainerako eragileekin eta erakundeekin batera diseinatuko duten hiriaren plan estrategiko komertziala abiaraziko dute.

Hitzarmena gaur goizean sinatu dute Javier Maroto alkateak, Ekonomia Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak, Gasteiz On elkarteko presidente Marta Bengoecheak, Merkataritza eta Industria Ganberako presidente Gregorio Rojok eta Arabako Merkatarien Federazioko presidente Jon Aspuruk.


Hitzarmen honen bidez, esku hartzen duten alderdi guztien lankidetza-esparrua ezarriko dute, Gasteiz On hiriko merkataritza-plataforma Gasteizko hiriko merkataritza-gunea kudeatzeko tresna gisa garatu eta finkatu ahal izateko. Halaber, hiriaren merkataritza dinamizatzeaz arduratzen diren eragile publiko eta pribatuek sektore txikizkari osorako prestatutako jardueren bidez merkataritza suspertzeko eta estrategiak garatzeko lankidetzaren oinarriak finkatu dituzte.

Hona hemen hitzarmenaren xede nagusiak: gerentzia plangintzaren tresna erabilgarri moduan finkatzea; hiriko ohiko merkataritza-sarea merkataritza-gune berezia izateko koordinazioa eta dinamizazioa; hiriguneko merkataritza-gune sendoa eta solidoa lortzea, hiriaren merkataritza-jardueraren eta promozio-jardueraren funtsezko elementu izan dadin; hiriguneko merkataritza-zentroak merkataritzaren erreferentzien abangoardian jartzeko estrategiak sortzea; merkataritza-plataformaren epe motzeko autofinantzaketa bermatzeko plan ekonomikoa sortzea; eta hiriguneko merkataritza-gunearen etengabeko dinamizazioa eta promozioa.


Sinatzaileek hitzarmenaren bidez hartutako konpromisoak

Gasteizko plan estrategiko komertziala 2014ko azaroaren 30a baino lehen egongo da prest, eta Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dute. Bi erakundeek ekarpen berbera egingo dute, eta guztira 40.000 euro bilduko dituzte.

Plan estrategiko komertziala prestatzeko ekarpenez gain, sinatzaileek honako konpromiso hauek hartu dituzte:

  • Eusko Jaurlaritzak urtean 90.000 euroko diru laguntza izenduna emango du.
  • Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, gainera, Gasteiz On hiriko merkataritza bultzatzeko elkarteari egoitza jartzeko bi lokal lagako dizki udalak..
  • Merkataritza Ganbera hitzarmenaren Segimendu Batzordearen Idazkaritza Teknikoaren funtzioaz arduratu beharko da.
  • Federazioak gauzatzen dituen zerbitzu eta proiektu berritzaile guztietan (prestakuntzakoak edo bestelakoak) parte hartzeko aukera emango dio Gasteiz On elkarteari.

Udalaren merkataritza babesteko planarekin bat datorren hitzarmena

Gasteizko alkateak azaldu duenez, Gasteizko plan estrategiko komertziala diseinatzeko merkataritzako eskaintzaren eta eskaeraren eta hiriguneko merkataritza-gunearen gaineko azterketa batean oinarrituko dira.

«Azterlanak txikizkako merkataritza babesteko udal-jardueraren ildo estrategikoak ezarriko ditu, eta hiriko merkataritzarekin lotutako eragileekin lankidetzan aritzeko neurri zehatzak proposatuko ditu», adierazi du alkateak. «Plan estrategiko komertziala Gasteizko merkataritza babesteko Udalaren planaren bidez abiarazitako neurrien emaitza da», zehaztu du.


«Hitzarmenaren bidez, Eusko Jaurlaritzarekin, Gasteiz On elkartearekin eta merkataritzaren sektoreko gainerako eragileekin Gasteizko plan estrategiko komertziala sortzeaz eta finantzatzeaz gain, Udalak Gasteiz On-ek antolatzen dituen jarduerak babestuko ditu», nabarmendu du Marotok. Ildo horretatik, gogorarazi du Gasteizko Udalak 270.000 euroz lagundu duela Gasteiz On (250.000 euro jarduerara-hitzarmenaren bidez eta 50.000 Pintxoaren Astearen bidez). Gainera, udalarenak diren bi lokal lagatzen dizkio elkarteari doan: bata, Herreria kaleko 94. zenbakian, eta bestea, Zapateria kaleko 67. zenbakian.

«Gaurkoa oso egun garrantzitsua da Gasteizko merkataritzarako. Funtsezkoa da merkataritza babestea, batez ere, orain, denek elkarrekin, kalean daudenak eta erakunde eskudunak», esan du alkateak eta eskerrak eman dizkie Udalaren lehentasuna, hau da, Gasteizen tokiko eta txikizkako merkataritzaren babesa bultzatzeko prest agertu diren guztiei.


Eusko Jaurlaritzak eskualde-buruetara zabalduko du hitzarmena

Ekonomia Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak nabarmendu du arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana oso garrantzitsua dela, Arabako hiriburuko merkataritza-sarea indartzeko eta dinamizatzeko elkarte- eta kudeaketa-eredu berria prestatzeko, eta aurrerantzean eskualde-buruetara zabalduko dutela.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak 2013an Gasteizko merkataritza-jarduera babesteko 517.991 euro eman dituela gogorarazi du. Ondoko hauetan erabili dituzte: Hiriko lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak babesteko diru laguntzak (69.000 euro); «Gasteiz hiriko merkataritza-guneetako gerenteak» programa gauzatzeko gaur sinatutako lankidetza hitzarmena (87.000 euro); merkataritza dinamizatzeko bulegoak (32.000 euro); merkataritza dinamizatzeko eragileak (30.000 euro) eta establezimendu komertzialen modernizazioa babesteko programa (209.991 euro, 1.573.493 euroko inbertsioa eragin dutena).

2014. urtean, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko merkataritza babesteko aurrekontua % 55 handiagoa izango da, Euskadiko merkataritza dinamizatzeko eta modernizatzeko 13 milioi euro inguru erabiliko baitira.


Lan egiteko konpromisoa

Gasteiz On elkartearen presidente Marta Bengoecheak adierazi du gaur sinatu duten akordioa albiste ona dela eta lan egiteko konpromisoa erakusten duela eta eskerrak eman dizkie Gasteizko Udalari, Eusko Jaurlaritzari, Arabako Merkataritza Ganberari eta Arabako Merkataritza Federazioari «tokiko merkatarien esku hiria dinamizatzeko tresnak jartzeko» ahaleginengatik.

Bestalde, Arabako Merkataritza Federazioaren presidente Jon Aspuruk denek hiriko merkataritzaren alde «norabide berean lan egiteko eta sektore kohesionatua lortzeko, kontsumoa dinamizatzeko eta sektorearen profesionalizazioan laguntzeko» beharrak nabarmendu ditu.
Azkenik, Merkataritza eta Industria Ganberako presidente Gregorio Rojok «denen artean tokiko merkataritza dinamizatzeko bideak bilatzearen» garrantzia azpimarratu du, baita akordioa sinatzeaz harro dagoela ere.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko