Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura

2013.eko abenduak 13

Lehendakariak legebiltzarkideek egindako galdera zein interpelazioei erantzuna eman die:

Galdera, Iñigo Iturrate Ibarra Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2014rako aurreikuspen ekonomikoei buruz.

Aurreikuspen ekonomikoetan oinarriturik, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, 2014ari konfiantza handiagoaz egin ahal izango diogu aurre. Urkulluk zortzi adierazle aipatu ditu tesi hori justifikatzeko:

  1. Egonkortasuna instituzioetan eta aurrekontuetan.
  2. Hazkuntzaren hasiera. Baliteke Euskadiko BPG % 1 haztera hurbiltzea.
  3. Kanpo sektorearen eta esportazioen hazkundea.
  4. Industriaren sektore eragileen ikuspegi ona: aeronautika, garraioa eta energia.
  5. Administrazio publikoaren kaudimena: zorpetze instituzionalaren defizit-mugak hitzartuta daude.
  6. Bilketa-adierazleak positiboak dira.
  7. Eusko Jaurlaritzak ekonomia eta enplegua suspertzeko hitzarmen bat aurkeztu du, eta horren bidez hiru urtean 6.290 milioi euro inbertituko dira.
  8. 2014an sinatuko diren bi hitzarmen ekonomiko garrantzitsuk lehiakortasuna, enpresak kanpora irekitzea eta esportazioak sustatuko dituzte.

 

Galdera, Arantza Quiroga Cia Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, gure ehun industriala bultzatzeko eta mantentzeko Eusko Jaurlaritzak daukan pasibitateari buruz.

Urkullu lehendakariak erantzun duenez, «Euskadiko ekonomiaren lehiakortasun maila Espainiako batezbestekoaren gainetik dago». Gainera, Euskadiko lehiakortasuna balioesteko zenbait adierazle objektibo aipatu ditu: industria-ekoizpena (% 26), langileko produktibitatea (% 125), esportatzeko gaitasuna (20.000 milioi 2013), berrikuntzan edo unibertsitateko prestakuntzan egindako inbertsioa (9.300 euro ikasleko, Estatuan baino % 30 gehiago), besteak beste.

Hitzaldian, Urkulluk Euskadiren lehiakortasuna Espainiako batezbestekoa baino handiagoa dela defendatu duen arren, adierazi du ez dela konformatuko eta ez duela nahikotzat jotzen. Horregatik, nabarmendu du akordioak lortzeko lanean jarraituko duela: erreforma fiskala onartzeko, ekonomia eta enplegua suspertzeko plana onartzeko, hiru foru aldundiekin itundutako inbertsioak egiteko, ETEen eta autonomoen zirkulatzailearen finantzazioa bermatzeko, eta abarrerako. «Euskadiko ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeak konfiantza hobetzen du», azaldu du lehendakariak.

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Espainiako Gobernuko presidenteari espetxe-politika aldatzeko egindako proposamenei buruz.

Lehendakariak adierazi du hiru aldiz bildu dela Espainiako gobernuko presidentearekin: urtarrilean, apirilean eta uztailean. Rajoyri presoak kartzelatik ateratzeko planik eman izana ukatu du. Baina «bakea eta elkarbizitza lortzeko proposamen global bat» aurkeztu zion. Izan ere, Elkarbizitza Planaren lehen zirriborroa eta «egoeraren azterketa» eman zizkion. Dokumentu horiek honako gai hauek jorratzen zituzten:

  • ETAk armak entregatzea eta erakundea desegitea.
  • Biktimak eta memoriaren, egiaren eta justiziaren beharra.
  • Erreparazioa eta kalte-ordainak.
  • ETAk eragindako kalte bidegabea onartu beharra.

Lehendakariaren ustez beharrezkoa da gai horiek jorratzea, «zuzenean eragiten digun» arazoan aurrera egiteko. «Euskadiko bizikidetza Euskadiko etorkizuna da», gehitu du.

Galdera, Txarli Prieto San Vicente Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2014rako enplegu-aurreikuspenei buruz.


Lehendakariak erantzun du datorren urtean hazkundea etengabea izango dela, eta langabezia-tasa, aurtengoa baino txikiagoa. Urkulluren arabera, erakundeen eta aurrekontuen egonkortasunak, itun politikoak eta Ekonomia suspertzeko planaren inguruko akordioak konfiantza eta hazkundea sortuko dute 2014an.

Lehendakariak esan du errealista dela eta egoera ezagutzen duela. Horregatik, zuhurtziaz onartu du «hobera goazela». Orain arte hartutako neurriek emaitzak eman dituztela azaldu du.

(Gai ordena)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)