Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak uste du Donostialdeko Metroa / Euskotren Hendaian Ter/SNCF zerbitzuarekin lotuta bermatuko dela mugaz gaindiko transferentzia.

2013.eko abenduak 11

• Bihar hasiko dira tren bidezko mugikortasunari buruzko «Transfermuga» jardunaldiak

Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizekiko, Transfermuga lantaldearen lehen mailako helburuetako bat da «Eusko Trenen eta SNCFren zerbitzuen arteko koordinazioa ezartzea Hendaian, aise pasa ahal izateko batetik bestera, ordutegiak egokituta hartara Satorra / Donostialdeko Metroa iristean irten dadin SNCF-ren trena, eta alderantziz» Horrez gain, premiazkotzat jo du Aizek Baionaren eta Donostiaren artean txartel bakarra ezartzea.

Bihartik aurrera egingo dira Hendaian, Donostian eta Irunen, Akitaniak eta EAEk gidatzen duten «Transfermuga» programaren barruan, mugaz gaindiko mugikortasunari buruzko jardunaldiak. Aizen hitzetan, «Transfermuga epe laburreko arazoak konpontzeko eta orain duguna hobetzeko proiektua denez, Donostialdeko Metroak / Satorrak Hendaian duen geltokiko korrespondentziak hobetzea izango da, oraingoz, helburua. ETSek eta Eusko Trenek aspaldi zerabilten ideia hori buruan, eta, egia esan, zenbait proiektu ere eginak zituzten ildo horretan».

«Donostialdeko Metroa da Donostia eta Hendaia bitarteko tren-garraioaren ardatza, baina berehalako etorkizunari begira SNCF-ekiko korrespondentzia hobetu beharra dago. Epe ertainean, ADIFek behin-behineko hirugarren erraila ezartzeari esker zuzeneko zerbitzuak egongo dira Baiona eta Donostia bitartean, eta osagarriak izango dira hori eta Donostialdeko Metroak eta SNCFk eskaintzen duen zerbitzua, azken honek geltoki askoko zerbitzua eskaintzen baitu», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuak. «Trenbidea nazioarteko estandarretara egokitu ahala, Baiona eta Donostia bitarteko zerbitzua emateko irtenbide onena izango da Donostialdeko Metroa Hendaiako geltokian konektatzea», gehitu du Aizek. Haren aburuz, beharrezkoa da Donostialdeko Metroaren / Satorraren Hendaiako instalazioak egokitzea, beste bide bat eta bazterbide bat gehituta eta terminala Hendaiako geltoki nagusian zeharo txertatuta.

Besteak beste, Jean-Baptiste Sallaberry Hendaiako auzapeza, Mathieu Bergé, Imanol Leza, Michel Veunac, Kotte Ecenarro, Henri Etcheto, José Antonio Santano, Tomás Epalza, Bernard Uthurry Conseil Régional d'Aquitaine-ko lehen presidenteordea, Benoît Secrestat, Unai Erroitzenea, Juan Karlos Izagirre, Jon Albizu, Jon Txasko, Alain Bedu SNCF Aquitaineko Lurralde-kontuetarako zuzendaria, Alain Autruffe Réseau Ferré de France Eskualde-zuzendaria, Iñigo Palomino eta Juan Luis Zabala ADIFen eta RENFEren ordezkariak, Pedro Esnaola, Julen Mendoza, Larraitz Ugarte, Michel Veunac, Georges Labazée, Patrick Dufau de Lamothe, Julián Ferraz, Gorka Ugalde, Jacques Coutou, Antonio Aiz eta Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politiketarako sailburua eta Euroeskualdeko Ganberakidea izango dira parte hartzen bihartik aurrera egongo diren «Baiona/Donostia mugaz gaindiko tren bidezko mugikortasunari buruzko Transfermuga jardunaldietan».

Transfermuga proiektua
Euroeskualdeak POCTEFA lurraldeen arteko lankidietzarako europar programaren eta EAEko eta Akitaniako administrazioen laguntzaz abiarazitako mugaz gaindiko lankidetza-proiektua da Transfermuga. Haren helburua da EAEren eta Akitaniaren artean elkarrekin jarduteko eta kooperatzeko marko komun bat definitzeko aukera emango digun mugikortasunaren patroi sozialak analizatzea.

Garraio-azpiegiturak oro har eta bereziki trenbide-sareek herritarren mugaz gaindiko tren bidezko mugimenduak egituratzeko duten gaitasunari antza hartzeko, azterlan bat egin zen mugaz gaindiko mugimenduen errealitate soziala sakon analizatzeko.

«Badira lotzen gaituzten lotura historikoak, lehenago ere ezin konta ahala aldiz beste hainbeste proiektutan elkar hartuta jardutera bultzatu gaituztenak. Espazio bera partekatzeak dakarren gertutasun fisikoagatik ez ezik, herri ber baten kultura, hizkuntza eta ohiturak partekatzeak ere eragin ditu lotura horiek», adierazi du Aizek. «Ezin dugu ahaztu duela 101 urte, 1912ko abenduaren 5ean, hain zuzen, hasi zela zerbitzuan Donostiaren eta Irungo mugaren arteko bide estuko lehen tren erregularra. Ehun urte luze horietan, herriko ardatz bilakatu da Satorra».

Linea hark argia ikus zezan lan handia egin behar izan zen: orografia zailak eta tarte batzuetan tranbia-bideekin bat etortzeak ez zituen kontuak erraztu. Haatik, azpiegituran egin zen inbertsio handiari, euskal erakundeen apustu sendoari eta Eusko Trenen prestutasunari esker, tren-zerbitzu hura handituz eta garai eta behar berrietara egokituz joan zen eta XXI. mendeko garraiobide izatera iritsi da.

Lasarteren eta Hendaiaren arteko lineara tren berriak gehitu zaizkio, guztira 201 milioi euroko inbertsioa eginda, 214 milioi bidaiari eseri ere garraiatzeko ahalmena dutelarik, minusbaliatuen irisgarritasuna bermatzeko azken teknologia eta guzti.


Mugaz gaindikoa
Antonio Aizek dioenez, «Transfermuga proiektuaren esparruan TERraren eta Satorraren arteko bat-etortzea bultzatzea Donostia eta Baiona bitarteko bidaiarien mugaz gaindiko mugikortasuna kudeatzeko adibide historikoa dugu. Ekimen horrek, Hendaiako geltokian egin beharreko Satorraren eta SNCFren arteko loturaren hobekuntzarekin batera, Transfermugaren lehen helburua da Eusko Jaurlaritzarentzat, luzamendurik gabe hel baitakioke eta beti izango baita etorkizunean izango dugunaren osagarri, dela Donostiaraino hirugarren erraila gehitzea, dela, epe luzexeagoan, euskal «Y» berria eta Baiona eta Daxerainoko TGVa. Satorraren hobekuntza hori hiru elementutan gauzatuko da: SNCFren eta Satorraren geltokien arteko zuzeneko sarbidea, zerupean zertan ibili gabe, ordutegiak koordinatzea eta txartel bakarra Baionatik Donostiara joateko».

«Etorkizun hurbilean, mugaren bi aldeen arteko trenbidezko mugimenduak arinduko dituen hirugarren erraila izango dugu; halaber izango dugu abiadura handiko trena, gure herriaren eta Europako gainerako lurren arteko konexioa hobetuko duen euskal «Y» delakoari esker», dio Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordeak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)