Berriak Segurtasuna
Eu

Dekretua, Euskadiko Segurtasun Publikoko Kontseiluaren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dituena (2013-12-10(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko abenduak 10

LABURPENA

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren antolamendua eta funtzionamendua xedatzen dituen Dekretua

Gaurko bileran, Gobernu-kontseiluak, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko 15/2012 Legeak, ekainaren 28koak, sortutako Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren antolamendua eta funtzionamendua xedatzen dituen dekretua onetsi du. Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta-organo eta parte hartzeko organo goren gisa sortu zen, segurtasun publikoari buruzko politikarekin zerikusia duten eta haren eragina jasaten duten era bateko eta besteko entitate eta erakundeen jardueren koherentziaren aldeko ideiak eta esperientziak trukatzearren.

Kontseiluari esleitutako funtzioak dira, besteak beste:

a) Euskadiko segurtasun publikoaren egoera orokorra analizatu, aztertu eta ebaluatzea, segurtasunaren inguruan nabarmenenak diren erreferenteetatik abiatuta, EAEko segurtasun publikoaren sisteman sartuta dauden zerbitzuei egoera zehatz eta baloragarrien gainean eragiteko aukera emango dieten jokabideen azterlanak eta egoeren analisiak sustatuz.

b) Herritarren arteko elkarbizitza baketsua asaldaraz dezaketen faktoreen jarraipena egitea, hala nola terrorismoa, kaleko bortizkeria eta talde-bortizkeria eta antzeko talde edo fenomenoak, genero-bortizkeria, xenofobia edo arrazismoa, herritarrak edo gizarteko baliorik funtsezkoenak arriskuan jar ditzaketen gatazkak eta arriskuak prebenitze aldera.

c) Segurtasun-egoera hobetzeko neurri orokorrak sustatzea eta segurtasun publikoarekin zerikusia duten herri-administrazio batzuek eta besteek ematen dituzten zerbitzuak hobetzeko ekimenak bultzatzea.

d) Euskadiko segurtasun publikoko plan orokorrari buruzko txostena egitea.
Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua Presidenteak, Presidenteordeak, Idazkariak eta Kideek osatzen dute.

Kontseilukide izango dira:

a) Presidentea: Eusko jaurlaritzan segurtasun publikoaren eskumena duen saileko sailburua.

b) Presidenteordea: segurtasunaren eskumena duen sailburuordetzako titularra.

c) Idazkaria: segurtasun publikoaren eskumena duen saileko sailburuak izendatzen duen saileko zuzendaritzako titularra. Hitza eta boza izango du.

d) Kideak:

- Segurtasun publikoaren eskumena duen saileko titularrak izendatzen dituen hamabi ordezkari, beti ere haien ardura publikoen arabera eta arlo hauetako eskumenak dituen saileko titularrak proposatua: polizia eta herritarren segurtasuna; giza eskubideak eta bizikidetza; larrialdien arreta eta babes zibila; trafikoa eta bide-segurtasuna; ikuskizun publikoak eta aisialdiko jarduerak; lurralde-antolaketa; osasun publikoa; hezkuntza; justizia-administrazioa; gizarte-zerbitzuak; merkataritza eta turismoa. Proposamen hori ez da beharrezkoa izango baldin eta eskumen horiek segurtasun publikoaren eskumena duen sailari badagozkio.

- Lurralde historikoetako hiriburuen hiru alkateak.

- Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena eta populazio gehiena biltzen duen duen udalerri-federazioaren presidentea.

- Hiru lurralde historikoetako foru-aldundien ordezkari bana, Ahaldun Nagusiek beren foru-diputatuen artetik hautatuak.

- Legelarien Euskal Kontseiluko presidentea.

- Estatuaren administrazioa Gobernuaren EAErako Ordezkariak izendatzen duen kideak ordezkatuko du.

- Justiziaren EAEko Administrazioa Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatzen duen kideak ordezkatuko du. Halaber bertaratu ahal izango dira kide gisa, hala eskatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskalburua.

Kontseiluko presidentzia hutsik geratuz gero, edota gaixoaldiagatik nahiz bestela, presidente ez baldin bada bilkura batera agertzen, haren zeregin eta ahalmen guzti-guztiak presidenteordeak hartuko ditu bere gain. Gainerako kideek, halaber, nork bere ordezkoa izendatu ahal izango dute beren funtzioak bete ditzaten ezin bertaratu baldin badira.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluko kide izateak ez du ordainik jasotzeko eskubiderik emango.

Gainera, aztertu beharreko gaiaren arabera, bileretan izan beharko dute gai hauetan arduraren bat duten pertsonek: larrialdiak eta babes zibila, trafikoa eta bide-segurtasuna, jokoa, ikuskizunak eta aisialdiko jarduerak. Halaber Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren eginkizunetarako interesgarri suertatzen diren pertsonak, fisikoak zein juridikoak, publikoak zein pribatuak.

Kontseiluaren presidenteak beste lagun batzuk gonbidatu ahal izango ditu Kontseiluaren bilkuretara, aholkulari moduan, aztertu beharreko gaietan duten esperientziari eta jakintzari erreparatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau