Berriak Herrizaingoa
Eu

Zezen-Ikuskizunei Buruzko Araudia aldatzen duen

2010.eko apirilak 27

Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran onartu egin du EAEn gaur egun indarrean dagoen Zezen-ikuskizunei buruzko Araudia aldatzeko Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak aurkeztutako Dekretu-proposamena. Administrazioaren, zaleen eta sektorearen arteko adostasuna lortu ondoren, bertan egindako aldaketen bidez, Jaurlaritzak bukatutzat eman du Araudia 2008. urte amaieran indarrean sartu zenetik izan den eztabaida.

Gaur onartu duten Dekretuak Araudiaren zenbait artikulu aldatzen ditu, helburu hirukoitza lortzeko: zenbait arau sektoreko ordezkariekin izandako bileretan lortutako akordioetara egokitzea, Araudian hobetu daitezkeen arauak aldatzea eta, azkenik, eduki jakin batzuk legezko erabakien arabera moldatzea. Bestalde, aldaketak errespetatu egingo ditu egun arte indarrean izan den Araudiaren alde on guztiak.
Gaur onartutako dekretuaren ondorioz aldaketa batzuk egingo dira Araudian. Aurrerantzean toreatzaileek eurek izango dute azken hitza gai batzuen inguruan (zezenak zezen-hagarekin zenbat aldiz zigortu, besteak beste), horien ordezkariek kailejoian egoteko aukera izango dute, zezenen adarrak kontrolatzeko eta (istripuz ezpalak eginez gero) horiek konpontzeko araudi berri bat egongo da, zezenak hil ondoren horien analisia egitea eskatu ahal izango da, eta abar.
Halaber, toreo-eskoletan izena emateko gutxieneko adina jasotzen duen atala aldatu egingo da (14 urtetik 12ra jaitsiko da), zenbait ospakizun egiteko eskatzen diren osasun zerbitzuen inguruko arauak zuzendu egingo dira eta ospakizunak egiteko kontratatu beharreko aseguruen inguruko azalpenak argitu egingo dituzte.
Aurreko legealdian indarrean sartu zenean, Araudiak eztabaida handia piztu zuen zezen munduko enpresari eta profesionalen artean. Hori konpontzeko, legealdi berriaren hasieratik Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza sektoreko alde guztietako ordezkariekin bildu da. Bilera horien ondorioz, araudia aldatzeko adostasuna lortu dute, zezen-ikuskizunak EAEn berme guztiekin eta kalitate handienarekin egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko