Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak itsasora egindako isurketak arautuko ditu eta Uraren Euskal Agentziak kontrolatuko ditu

2013.eko abenduak 10

Gobernu Kontseiluak gaur onetsi duen dekretuak lehorretik itsasora egiten diren isurketak arautzen ditu, eta hainbat administrazio-neurri finkatzen ditu, ingurumeneko araubidearen eta baimenen esparruan, Itsasaldeari buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legeak III. tituluaren IV. kapituluko II. sekzioan ezarri duenarekin bat etorrita. Horren bidez, ingurumeneko helburuak bete nahi ditu, 2000/60/CE Zuzentarauak 4. artikuluan, ekainaren 23ko 1/2006 Uren Legeak 16. artikuluan eta Plan Hidrologikoak xedatu dutena eginez.

Dekretuaren arabera, isurketak egiteko, administrazio-baimena eduki behar da. Baimen horren bidez, ur-masak eta babestutako alderdiak egoera onean egon daitezen lortu nahi da. Isurketa kutsagarriak direnean, baimena eskatzen duen pertsonak edo erakundeak aurrez justifikatu beharko du ezinezkoa edo zaila dela hautabide bat aurkitzea, isurketa horiek egin behar ez izateko edo tratatzeko.

URA - Uraren Euskal Agentziak isurketa baimentzeko prozedurak izapidetu eta ebatziko ditu. Dekretuarekin bat etorrita, debekatuta dago edozein izaeratako edo egoera fisikoko isurketarik egitea, lehorretik itsasora zuzenean edo zeharka isurtzen bada, behar den administrazio-baimenik izan gabe. Horrez gain, debekatuta dago substantziarik isurtzea edo energia-formarik sartzea, indarrean dauden arauei jarraiki, horiek osasun publikorako eta ingurune naturalerako onargarria dena gainditzen duen arriskua edo kaltea ekarri ahal badute.

Uraren Euskal Agentziak industria-prozesuetan sortutako isurketak debekatu ahal izango ditu alderdi zehatz batzuetan, adibidez, bainua hartzeko alderdietan, babestutako arloetan edo bereziki zaurgarriak diren beste alde batzuetan, hain zuzen, tratamenduan jarri arren, indarrean dagoen araudiei jarraiki, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikorako onartutako kutsadura-maila gainditzen dutelako arriskutsuak izan daitezkeen isurketa horiek, hala funtzionamendu arruntean, nola aurreikusteko moduko ohiz kanpoko egoeretan.

Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikora isurketak egiten dituzten edo egin ditzaketen industriako instalazioak edo jarduerak ezartzeko, eraldatzeko edo lekuz aldatzeko baimena ematen duten administrazioko tituluak banatzeko, aurrez, isurketa egiteko eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa hartzeko baimena eduki beharko da, eta, hala behar denean, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa babesteko zortasuneko aldeetan obrak egiteko baimena ere bai. Ezarri, eraldatu edo lekuz aldatu nahi den industria edo jarduera abian jarri aurretik emango dira isurketa egiteko baimenak. Era berean, tokiko administrazioek eman beharreko jarduera-lizentziak edo, hala behar denean, sailkatutako jardueraren aurretiazko jakinarazpena egin aurretik emango dira.

Baldintzak
Isurtzeko baimenetan finkatuko dira isurketak egiteko bete beharko diren baldintzak, eta, gutxienez, alderdi hauek hartuko dituzte barne: urteko gehieneko isurketa-bolumena (hondakin-uren araztegietan, urteko isurketa-bolumena); isurketaren muga kuantitatiboak eta kualitatiboak; tratatzeko, arazteko eta husteko instalazioen deskribapena, hustubideak ere bai, haien ezaugarriak eta funtzionamendua kontrolatzeko osagaiak barne hartuta, eta obrak egiten hasteko eta amaitzeko finkatutako datak, eta zerbitzua jardunean hasteko eguna ere bai.

Horrez gain, alderdi hauek jaso beharko dira: baimenaren gehieneko indarraldia, isurketa hartuko duen inguruneak izango dituen eraginen ebaluazioa, alderdi hartzaileko uren ingurumen-kalitaterako arauak eta, hala behar denean, kutsadura gutxitzeko hartu beharreko neurriak, larrialdietarako plana, isurketa zaintzeko eta kontrolatzeko plana, isurketaren kanona eta, hala behar denean, kutsadura gutxitzeko plana.

Isurketen baimena zotzi urteko eperako emango da gehienez, eta berritu ahal izango da ondoz ondoko urteetan, betiere, isurketa egiteko mugako balioak eta ingurumeneko kalitate-arauak betez gero. Baimena berritu arren, Uraren Euskal Agentziak behar bezala berrikusiko du, baldintzak bestelakoak direnean. Isurketa zaintzeko eta kontrolatzeko planari jarraiki, edo isurketaren jarraipena ikusita, Uraren Euskal Agentziak egiaztatzen badu parametro baten mailek kaltea eragiten diotela itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoari, orduan, parametro hori mugatu ahal izango da isurketaren baimenean, eta, nolanahi ere, kanonean sartu beharko da.

Isurketa-mugak
Oro har, ur zikinen isurketak baimenduko dira, isurtzeko muga-balioen arabera, eta isurketa hartuko duen ingurunerako finkatutako ingurumeneko helburuei jarraiki. Isurketa-mugak gehieneko metaketei dagozkie, eta haietan ezin da adierazitako balioa gainditu.

Saneamenduko sare publikoetara edo industrialdeen eta bestelako industria-multzoen sareetara egindako isurketei dagokienez, jabe diren erakunde kudeatzaileei betebeharra ezarri ahal izango zaie, dagozkien isurketa-baimenetan, sarera egiten dituzten isurketek finkatuta dauden mugak bete ditzaten, substantzia arriskutsuak, lehentasunezkoak, eta arriskutsuak eta lehentasunezkoak badira.

Hiriko ur zikinak tratatzeko instalazioetako isurketek testu hauek finkatutako baldintzak bete beharko dituzte: 1991ko maiatzaren 21eko 91/271/CEE Zuzentarauak, aurreko zuzentarauaren I. eranskina aldatzen duen 1998ko otsailaren 27ko 98/15/CE Zuzentarauak, 91/271/CEE Zuzentaraua estatuko antolamendu juridikora aldatzen duen abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege-dekretuak, martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuak, eta aurreko hori aldatzen duen urriaren 2ko 2116/1998 Errege Dekretuak zehaztutakoa. Horrez gain, efluenteari ezarri ahal zaizkion gainerako mugak ezarriko dira, isurketa hartuko duen ingurunean izango duen eragina, saneamenduko sarean dauden industria-isurketa garrantzitsuak eta hodi biltzaileetan jasotako diluzioa kontuan izanik.

Ikuskapenak
Uraren Euskal Agentziak egoki iruditzen zaizkion azterketak eta ikuskapenak egin ahal izango ditu, isurketaren ezaugarriak ikusteko eta, hala behar denean, baimenean finkatutako baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko, eta Isurketa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Planak emandako informazioa erkatzeko.

Baimenaren titularrak behar diren neurriak hartu beharko ditu ezustean isurketaren bat bada, hori arriskutsua izan ez dadin pertsonen osasunari eta segurtasunari begira, edo kalterik eragin ez diezaion itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoari eta babes-zortasuneko aldeari. Ezustean isurketaren bat denean, hori eragin duen jardueraren jabeak berehala jakinarazi beharko dio Uraren Euskal Agentziari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiko Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzari (SOSDeiak-i). Isurketa hori arriskutsua izan ahal bada osasun publikoari begira, berehala jakinarazi beharko zaio osasun-arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiko sailari.

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AclimaEuskadi
    2013.eko abenduak 17

    Comentario de Twitter:
    Álava elimina 190 vertederos incontrolados tras invertir 3 millones http://t.co/1dojuKjzgu http://t.co/sEFpXsxhKd

  • 2013.eko abenduak 11

    Berri ona. Ea apurka Ingurumena hobeto zaintzen goazen.

  • @HIDROGEOLOGOA
    2013.eko abenduak 11

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak itsasora egindako isurketak arautuko ditu eta Uraren Euskal Agentziak kontrolatuko ditu http://t.co/gCCJffPyia

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)