Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak urtarrilean zabalduko du Plentziako portuan amarralekua eskatzeko epea

2013.eko abenduak 10

 

  • Hilaren 8tik aurrera, behin deialdia EHAAn argitaratuta

2014ko urtarrilaren 7an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Plentziako portuan enbarkazioak amarratzeko baimena eskatzeko deialdia, eta biharamunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Plentziako udalean bertan ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak, gehienak Bizkaiko Portuetako lurralde-zerbitzuan aurkezten badira ere, Bilboko Elkano kalean. Hemengo jendaurreko ordutegia 09:00 - 14:00 bitartekoa da.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politiketako sailaren Azpiegituretako zuzendaritzak eskatzaileei gomendatzen die ordura arte falta den hilabetean egiazta dezatela Administrazioari egin beharreko ordainketa guztiak eguneratuta dauzkaten; izan ere, zorrak izatea, txikiak izanagatik ere, eskaera baztertzeko kausa dira.

Plentziako portuko amarraleku guztiak eskainiko dira, 172, denera: 164 amarraleku pantalangoak dira. Horietatik 8, 4,5 metro luze arteko enbarkazioetarako dira; 61, berriz, 4,5 eta 6 metro luze bitartekoetarako; 63 leku, 6 eta 7 bitartekoetarako; 23 amarraleku 7 eta 9 metro luze bitarteko ontzietarako, eta gainerako 9 lekuak 9 eta 12 metro luze bitarteko enbarkazioetarako. Gainerako 8ak, berriz, pantalangoan izan beharrean moilako amarralekuak dira, gehienez ere 6 metro luzeko enbarkazioetarako. Hiru amarraleku hutsik daude.

Eskaera egiteko zenbait agiri aurkeztu beharko dira: NANaren fotokopia, nabigatzeko titulua, enbarkazioaren idazpen-orria (azken 6 hilabetetan eguneratua), rola edo nabigatzeko baimena, ontzia nabigatzeko moduan dagoela ziurtatzen duen agiria, aseguru-poliza, benetako enbarkazioaren neurrien zinpeko adierazpena eta haren argazkia, horien guztien jatorrizkoak eta fotokopiak aurkeztu behar dira, egiaztatzeko eta konpultsatzeko.

Hobekuntzak
Pentsiodunek, gainera, tasen legean definitutako hobaria aplikatzea nahi baldin badute, 7. zerrendako enbarkazio bat baino gehiago ez edukitzearen ziurtagiria eta pentsionista direla erakusten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dituzte. Pertsona juridikoen kasuan, gainera, IFK eta estatutuak aurkeztu beharko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok dioenez, "2008an egin zen Plentziako portuko amarralekuen azken baimen-deialdia. Beraz bost urte eta erdi igaro dira, indarrean dagoen aginduak xedatzen dituen hiru urteak baino bi gehiago, hain zuzen. Plentziako egoera, haatik, Bizkaiko gainerako portuetako egoeraren parekoa da. Aurten Armintza, Mutriku eta Bermeoko portuetako amarralekuak eskaini dira. Plentziako eskaintzaren ondoren Elantxobekoak eskainiko dira, hango baimenak 2012ko otsailean iraungi ziren-eta. 2014ko apirilerako, Ondarroakoak eskainita, baimen guztiak eguneratuta egotea espero da. Administrazioaren ikuspegitik aparteko ahalegin handia egin da aurten, egin beharrekoa hala ere, iruzurra kontrolatu eta zainduko bada".

Plentziako erabiltzaileen aspaldiko eskaera da portuan ur- eta argindar-hornidura izatea. "Oraingoz ezin zaio horri erantzun, akats hori konpontzeko ahal den guztia eginagatik ere. "Bermeo" kasuko epaiak xedatu zuen ez zegoela kobratzerik Tasen Legean aurreikusi gabeko zerbitzurik. Beraz, Eusko Jaurlaritzak ezin die ura eta argindarra kobratu erabiltzaileei. Bada, hala ere, erabiltzaileei hainbat aldiz proposatu izan zaien irtenbide bat: Plentziako amarristen elkarteak eska diezaiola baimena Jaurlaritzari instalazioa erabiltzeko eta elkarte horrek kontrata dezala hornidura eta kobra diezaiela gero bere bazkideei eta gainerako erabiltzaileei" dio zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzak Plentziako instalazioen mantentze-lana egiten du eta horren barruan pantalanetara sartzeko bidean ate berriak ipini ditu. Datorren urtean ekingo zaio portua eta estuarioa ezin hobeto erabiltzeko proiektu bat idazteari.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)