Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

15 presok parte hartuko dute Zestoako tren geltokia birgaitzeko proiektuan

2013.eko abenduak 11

• Esperientzia pilotu honen helburua espetxeko zerbitzuak eta berreziketako eta gizarteratzeko programak hobetzea da.

• Programan parte hartuko duten presoek eraikuntzako gainjazkidura jarraiko eragiketa osagarrien arloko prestakuntza profesionala izango dute.

• Programa horren bitartez, kultur ondare diren eraikin enblematiko multzoa berreskuratuko da.

• Proiektuaren kostua, guztira, 25.327 eurokoa izango da.

Aranzadi Zientzia Elkarteak jarri du abian «Martuteneko espetxeko presoentzako programa pilotua. (Gizarteratzeko Euskal Ondare Kulturala)», Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Zestoako Udalarekin lankidetzan finantzaturiko proiektua, Zestoa-bainuetxea tren-geltoki zaharra birgaitzeko. Bertan, Martuteneko bigarren graduko 15 presok parte hartuko dute.

Programa gaur goizean aurkeztu du, Zestoako (Gipuzkoa) tren-geltokian bertan, Aranzadiko idazkari Juantxo Agirrek. Aurkezpen-ekitaldian Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburu Josu Erkoreka, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Zestoako alkateorde Ruben Alberdi izan dira, besteak beste.

PROGRAMA PILOTUA

Programak 20 egun iraungo du eta borondatezkoa izango da, eta, trebakuntza praktikoaz gain, giza eskubideei, genero-berdintasunari eta Euskal Herriko kulturari buruzko lau eskola teoriko ere bilduko ditu.

Programa martxan den bitartean, Aranzadiko teknikariak etengabe egongo dira Martuteneko espetxeko hezitzaileekin harremanetan, esperientzia behar bezala gara dadin.

Esperientzian parte hartu ostean, presoek eraikuntzako gainjazkidura jarraiko eragiketa osagarrien arloko prestakuntza profesionalari dagokion titulua eskuratuko dute; horrek gizarteratzeko beren aukerak hobetuko ditu, zalantzarik gabe.

PROIEKTUAREN KOSTUA ETA FINANTZAZIOA

Programaren kostua 25.327,78 eurokoa izango da, eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak finantzatuko dute. Horretaz gain, Zestoako Udalaren laguntza ere izango du baimenen kudeaketa administratiboaren eta zerbitzu teknikoen laguntza puntualen bitartez.

Martuteneko espetxeaz gain, beren laguntza emango dute Kriminologiaren Euskal Institutuak, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak, EHUko Arkitektura Eskolak eta Ekain Fundazioak. Azken honek emango ditu eskola teorikoak.

HELBURUAK:

Presoei gizarteratzea eta laneratzea erraztuko dien prestakuntza eta lan-esperientzia ematea.

Presoen prestakuntza praktikoak Euskadiko udalerrietara eta eskualdeetara onura ekarriko duen programa bat garatzea.

Hainbat erakunderen eta entitateren arteko lankidetza-dinamika sortzea autonomia-erkidegoko espetxeetako presoen laneratzeari eta gizarteratzeari dagokionez.

Gizartearen eta euskal erakundeen aurrean espetxeek presoen gizarteratzean duten zeregina duin egitea.

Eraikin enblematiko multzoa leheneratzea; Euskadiren ondare kulturalaren zati den Zestoa-bainuetxea tren-geltokia, alegia, haren alboko hiri-ingurunea hondatu dadin saihesteko.

ZESTOA-BAINUETXEA GELTOKIA

Zestoa-bainuetxea tren-geltokia hiru eraikinek osatzen dute: biltegia, zerbitzuak eta bulegoen eraikin nagusia (hantxe saltzen zituzten txartelak). Ramón Cortazar arkitekto ezagunaren estilo neoerregionalistako eraikina 1926an eraiki zuten.

Aranzadi Zientzia Elkarteari laga diote Zestoako geltokiaren erabilera, ikerketa zientifiko-historikoa sustatzeko, Urola bailararen Zestoako tarteko kultura- eta ingurumen- ondarearen ikerketa- eta sozializazio-jardueren bitartez.


Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AlexOsg
    2013.eko abenduak 16

    Comentario de Twitter:
    15 Personas presas participan en el proyecto de rehabilitación de la estación de tren de Zestoa. http://t.co/FJU8y61lAb

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)