Berriak
Eu

“Vascos en Buenos Aires” liburuaren aurkezpena

2013.eko abenduak 05

Euskararen eguneko ospakizunen baitan, Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkaritzak eta Buenos Aireseko Udaleko Giza Eskubideen eta Aniztasun Kulturalaren Idazkariordetzak (Gizataldeen Zuzendaritza Orokorraren bitartez) "Vascos en Buenos Aires" liburua aurkeztu zuten.

Argitalpenaren aurkezpena jendaurrean egiteko aukeratutako lekua Buenos Aireseko Kultur Etxearen Urrezko Aretoa izan zen. 200 eserlekutako aretoa lepo bete zutenen aurrean, Sara Pagola Euskadiko Ordezkariak Urkullu Lehendakariak Buenos Airesi zein eusko-argentinarri zuzenduriko esker oneko hitzak helarazi zizkion.

"Euskaldunak Buenos Airesen historiarekin lotuta gaude bere sorreraz geroztik. Bere sortzaile Juan de Garaytik gaur egun arte, kosta hauetara milaka gizon eta emakume iritsi dira maleta amets eta esperantzaz beteta. Hauek, herrialde eskuzabal honek eskaintzen dizkien askatasuna eta aukerak aprobetxatzen jakin dute. Esfortzuaren kultura, konpromisoa, zintzotasuna eta berdintasun soziala moduko baloreak euskaldunen irudiari lotuak izan dira, XIX. eta XX. mendeetan Argentinara iritsi ziren etorkinen lanari esker. Liburu honen argitalpenarekin immigrante horiek ohoratu nahi ditugu" adierazi zuen Pagolak.

Claudio Avruj Giza Eskubideen eta Aniztasun Kulturaleko Idazkariordeak euskal komunitateak Buenos Airesekin duen konpromisoa eskertu zuen bere hizketaldian. Gainera, azpimarratu zuen: "Buenos Aireseko nortasun eta kultura ez lirateke posible izango hirian finkatu ziren gizatalde bakoitzaren ekarpenik gabe."

Euskal-argentinarrak ordezkatuz Arantxa Anitua FEVAko lehendakariorde eta Laurak Bateko lehendakariak hitz egin zuen. Anituak argi utzi zuen liburua aurkezteko eguna ez zela zorizkoa izan: "Euskara da dudarik gabe gure herriaren bereizgarri nagusia, aspaldikoa eta jatorri ezezagunekoa, euskal nazioko kide guztien batasuna eta harrotasuna irudikatzen du. (...) Gaurkoa moduko egun berezi batean kolektibo moduan onartzen gaituen liburua aurkeztea ospatzen dugu, gure hiri anitz, askotariko, adeitsu eta errespetagarriaren parte dena".

Lau dantzarik eskainia (dantza taldea duen hiriko erakunde bakoitzeko bat), ekitaldia aurresku batekin hasi zen. Jose Gutierrezen txistu eta danbolinaren eta Iñaki Baña Barkinen biolinaren laguntzarekin. Ondoren, euskararen egoerari buruzko eta "Argentinan Euskaraz" programari buruzko bi bideo eman ziren. Amaitzeko, hiriko Lagun Onak abesbatzak "Txoria Txori", "Euskotarrak" eta "Agur Jaunak" abestu zituen.

Hiritar arruntei zuzendua, batetik, liburuak euskaldunak nor diren eta nondik datozen azaltzen du. Bigarren zatian, gizatalde honek Argentinan (bereziki Buenos Airesen) izan duen influentzia nabarmentzen da. Azkenik, hiriko euskal erakundeen deskribapenak daude. Doakoa, liburua udal liburutegi zein eskola publiko guztien artean banatuko da. Urtarrilean liburua Euskal Herrian aurkeztuko da. Lehen edizio honek 1.000 ale ditu eta laster formatu digitalean interneten eskuragarri egongo da.

Buenos Aireseko Udala 2008tik hirian finkatutako gizatalde ezberdinen liburu bilduma bat argitaratzen ari da. "Vascos en Buenos Aires" bilduma honetako zazpigarrena da, aurretik japoniar, italiar eta libanoar gizataldeenak argitaratu dira, baita Armeniar Genozidio, Shoa eta Holodomor-ari buruzko liburuak.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @djjacomenorato
    2013.eko abenduak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: “Vascos en Buenos Aires” liburuaren aurkezpena. http://t.co/5GiEcgzI1f

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)