Berriak Segurtasuna
Eu

Gidarien % 22k onartzen du inoiz hartu izan duela autoa alkohola edanda edo droga hartuta

2013.eko abenduak 07

Urteroko inkestaren emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaritzak

Segurtasuneko saileko Trafikoko zuzendaritzak aurtengo inkestaren emaitzak argitara eman ditu gaur. Ondorioetan aipagarria da galdetutako gidarien % 22k onartzen duela inoiz hartu izan duela autoa alkoholaren nahiz drogen eraginpean egonik, eta proportzio handi batek dioela berek jasandako istripuetan distrakzioa eta arretarik eza izan zirela kausa nagusiak.

“Inkesta honen helburua da –dio Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok– EAEko herritarrek mugikortasunaren inguruan zer portaera eta ohitura dituzten eta beren buruaz eta beren erabakiei buruz zer pertzepzio duten jakitea”.

“Kezkagarria da –gehitu du– inkestari erantzun dioten lagunen % 22k onartzen dutela inoiz hartu izan dutela autoa alkoholaren eraginpean zeudela. Portaera horiek urtetan jaso izan duten barkaberatasuna alde batera utzi beharra dago”.

Bildutako datuek diotenez, turismoen erabiltzaileen ia % 45 izan da noizbait istripuren batean nahasia. Portzentaje hori % 31 da motorzaleen kasuan eta % 7k besterik ez dute istripuren bat pairatu oinezko gisa. Trafiko-istripuren bat pairatu izan dutenei galdetu zitzaien azaltzeko zer bertsio zuten istripuaren kausari buruz. Turismo-gidarien, txirrindularien eta oinezkoen istripuetan, erantzunek distrakzioa, arretarik ez ipintzea edo ez begiratzea aipatu zuten motibo nagusitzat (% 50ek, batez beste). Haatik, istripua pairatu izan duten motorzaleen artean beste bi agertzen dira: arauak ez errespetatzea eta bidearen egoera.

Trafikoko zuzendariaren hitzetan, bada aintzat hartu beharreko beste datu bat ere: zer proportzio handia diren istripuren bat distrakzio bat izateagatik pairatu dutenak. “Aurrerapen teknologikoek –dio– hobekuntza ukaezinak eskaini dizkigute, baina horiek ez ezik, arriskuak ere bai. Istripuak eragiten dituzten faktore abiarazleetako bat dira distrakzioak; funtsezkoa da horren gaineko kontzientzia zabaltzea."

Sakelako telefonoa erabiltzeari buruz eta drogak nahiz alkohola kontsumitzeari buruz galdetuta, gidarien % 12,2k bakarrik dio gidatzen ari dela mugikorra erabiltzen duela, eta % 22k, berriz, onartu du inoiz gidatu izan duela alkoholaren edo drogen eraginpean.

Babes-elementuak, hala nola segurtasun-uhala eta kaskoa, erabiltzeari dagokionez, egiaztatu da oso zabalduta dagoela Euskadin horien erabilera. Inkestari erantzun dioten gidarien % 97,7k dio beti erabiltzen duela segurtasun-uhala autoan, eta % 80,8k erabiltzen du kaskoa motorrean doala.

Isunak eta radarrak
Galdetutako pertsona gehienak (% 68,2) ez dituzte sekula zehatu. Zehapenen bat ezarri zaienen artean, berriz, motibo ugariena, luzez, gehiegizko abiaduran gidatzea da. Radarrak komenigarriak diren eta gaur egungo abiadura-mugak egokiak diren galdetuta, erabiltzaileen % 42 ados dago instalatutako radarrekin, % 8,7k gehiago jarriko lituzke eta % 20k beste nonbait ipiniko lituzke. Abiadura-mugei dagokienez, berriz, % 61i gaur egungoak ondo iruditzen zaizkio, % 21,6k, berriz, muga gorago egotea nahi luke.

Alde nabarmena sexu baten eta bestearen portaeren artean
Inkesta erantzuleen sexua aintzat hartuta aztertuz gero, argi asko hautematen da gizonek eta emakumeek ez dutela berdin jokatzen autoan daudela. Hala, emakumeen erlazio gutxiago daukate istripuekin (gidatutako kilometro-kopurua bera izanik ere); emakumeen % 76 ez dute sekula zehatu; halako egoeran dauden gizonezkoen proportzioa, berriz, % 42 da. Eta puntuak galdu dituzten emakumeak ere gutxiago dira gizonak baino.

Garbiñe Sáez Molinuevoren ustez, "inkestaren emaitzak datu estatistikoen isla argia dira. Gizonak emakumeak baino trafiko-istripu gehiagotan daude nahastuta; izan ere, 2012. urtean, istripuren bat izan zuten hamar pertsonatatik, zazpi gizonezkoak ziren eta hiru emakumezkoak”.

Alde horiek nabarmenak dira beste bi aldagairen kasuan ere: abiadura eta alkoholaren zein drogen kontsumoa. Gizonezko gidarien % 70ek onartzen noizbait gainditu dituela abiadura-mugak; emakumeen kasuan, berriz, % 53k baino ez du aitortzen. Halaber, noizbait alkoholaren nahiz drogaren eraginpean gidatu dutela onartzen duten gizonak % 33,2 badira ere, emakumeen artean % 7k baizik ez du onartzen horrelakorik.

Inkesta telefonoz egin da, eta aurreko urteetan ez bezala, gidariei ez ezik, bideen eta kaleen erabiltzaileei egin zaie, 800i hain zuzen. Deiak urriaren 7a eta 9a bitartean egin ziren. Trafikoko zuzendaritzaren webgunean (www.trafikoa.net) kontsulta daiteke dokumentu osoa

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @manycomics
    2013.eko abenduak 09

    Comentario de Twitter:
    Un 22% de conductores reconoce haberse puesto al volante tras ingerir bebidas alcohólicas o drogas http://t.co/qSv7I6YBou

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)