Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

300 Ikasle berritzaile baino gehiagok aurre egingo die naturaren hondamendiei FLL Euskadin

2013.eko abenduak 05

• FLL Euskadi-ren bosgarren edizioa abenduaren 14an (larunbatean) izango da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean Euskaltel-en egoitzan, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatuta.
• FLL Euskadik jostaketa eta zirrara aurkitu ditu zientzian eta teknologian, zientzia-proiektu berritzaile baten inguruan egituratutako lehiaketaren bidez: Lego piezez egindako errobotaren garapena, eta berrikuntzaren, sormenaren eta talde-lanaren balioen sustapena barne.
• Hasieratik, euskal taldeek ekinbide honen nazioarteko edizioetan parte hartu izan dute; bete dituen bost urteotan 1.600 ikaslerengan eragin du, eta horiek 480 boluntarioren laguntza eta 3.000 ikusle baino gehiago izan dituzte Euskadin
.


Zornotzako Karmengo Ama Ikastetxeko ikasleek adierazi dute datorren abenduaren 14an 30 taldeetako bat izango direla, eta guztira 10 eta 16 urte arteko 300 ikasle baino gehiago elkartuko direla Bizkaiko Zientzia eta Teknologia parkean, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen duen ‘FLL Euskadi' berrikuntza-eskolaren bosgarren edizioan parte hartzeko. Ekinbide honek kirol-ekitaldi baten formatua du, eta gazteenen artean zientzia- eta teknologia-bokazioak sortzea du helburu, betiere era zirraragarri eta dibertigarrian, horrela diziplina edo jakintza-arlo hauek jendearen bizitzan duten benetako eragina ikusaraziz. Mundu osoan erronka berbera izango da talde guztientzat, aurten berezko edo naturaren hondamendien ingurukoa: nola prestatu horien ondorioak ahalik eta txikienak izateko, kalteturiko lekuak berreraikitzeko eta biztanleak onik eta osorik mantentzeko. Ekinbideari babes irmoa adierazteko, Bizkaiko ikasleekin batera, bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako José Antonio Galera, Ingurumen sailburuordea eta Javier Alonso, Unibertsitate-zuzendaria; Nerea Lupardo, Euskalteleko Erakunde Harremanetarako zuzendaria; Borja Vázquez, DYAren Ekintza Humanitarioaren koordinatzailea eta Alberto Bokos, Innobasqueko Komunikazio zuzendaria. FIRST Lego League-ren (For Inspiration of Research, Science and Technology Lego League) erronka hiru eremuren inguruan dago egituratuta: berezko edo naturaren hondamendiekin loturiko zientzia-proiektu berritzaile bat sortzea; robotaren garapena, diseinua Lego Mindstorm piezen bidez egin behar delarik, erronkari buruzko misioak gauzatu ditzan; eta prozesu osoan zehar erakutsitako balioak: berrikuntza, sormena, talde-lana, besteenganako begirunea, ekintzailetza eta lorpenak ingurukoei jakinaraztea. Ekinbide hau mundu osoan gauzatzen da (65 herrialdek parte hartzen dute), zientzian eta teknologian jostaketa eta zirrara aurkitzeko.


Inpaktua handiagotuz

Aurten bosgarren urtez Innobasquek antolatuko du euskal finala, eta beraz esan behar da denbora honetan 1.600 ikaslek irtenbide berritzaileak sortu dituztela beste pertsona batzuei laguntzeko, eta eurek diseinaturiko roboten trebetasunekin batera, 3.000 ikusle baino gehiagori erakutsi dizkietela, dar-dar egin dutelarik euskal zientziaren harrobiarekin FLL Euskadiren finaletan. Eta hori guztiori 500 boluntarioren lankidetza eskuzabalari esker. Gainera, denbora honetan, lehiaketa honen Espainiako final bat Euskadin izan da, eta hasieratik, beti izan da euskal taldeen ordezkaritza nazioarteko edizioetan: udaberrian egiten dira Open European Championship delakoan Europako herrialde batean, eta Estatu Batuetako World Festival delakoan nazioarte-mailan. Kasu honetan, FLL Euskadiko bi talderik onenak automatikoki sailkatuta geratuko dira Espainiako finalean parte hartzeko, eta handik irtengo dira Europako eta Estatu Batuetako txapelketetan parte hartuko duten taldeen izenak.

Lehiaketaren eragina areagotzeko xedeaz, antolatzaileek MicroFLL sartu dute nobedade gisa, ikastetxeen curriculumean FLL proiektua sartzeko tresna bat. Honela, ikastetxeek taldean lan egiteko, beren aurkikuntzekin aldaketa positiboa eragiteko eta hori eginez gozatzeko aukera eskaini diete 500 gazteri. Gero, ikastetxeek finalera joango direnak aukeratu dituzte hainbat irizpideren arabera.

Berrikuntza-eskola
FLL Euskadi Innobasqueren "Berrikuntza Eskola" ekinbidearen parte da, eta gazteak zientziara, teknologiara eta berrikuntzara erakartzen ditu ikuspegi sortzaile, taldeko eta bultzagarritik. Testuinguru honetan, FLL Euskadik eredu bereizgarria eraiki du beste leku batzuetako lehiaketen aurrean, 25 Espainian bakarrik, eta horrela 65 herrialdetan; izan ere, hezkuntza-programa egituratua eskaintzen du, eta neska-mutikoei landu behar duten erronkaren sakontasuna eta zientzia eta teknologia aldetik duen mamia ulertzen laguntzen die, eta euskal ezagutza-guneekin harremanetan jartzen ditu. Gai bakoitzean aditu nagusiekin harremanetan jartzeak Euskadin abian dauden proiektuak eta irtenbideak ezagutzen laguntzen die, eta beraien aurrerapenak egiaztatzen. Horren ardura Tecnalia Korporazio, IK4 Research Alliance, Euskaltel eta URA Uraren Euskal Agentziak izan dute.

Berrikuntza-eskolaren proiektu integral hau gauzatzeko, Innobasquek 100 boluntario ditu aurten, eta eragile estrategiko asko inplikatuta: adibidez, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun saila, Ingurumen eta Lurralde Plangintza saila, eta Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitate saila; Euskaltel; Decathlon; Ausolan; Tecnalia Korporazioa; IK4 Research Alliance; URA-Uraren Euskal Agentzia; DYA eta Scientia Fundazioa.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Nerea Lupardo,Borja Vázquez, Alberto Bokos