Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Boe-ren 19.000 jabek etxebizitzaren lurzorua erosi ahal izango dute eraiki eta 75 urtera hura ez galtzeko

2013.eko abenduak 04

BOEren 19.091 titularrek etxebizitzen jabetza osoa eduki ahal izango dute oraingo jabeari, Eusko Jaurlaritzari, horiek eraikita dauden lurzorua erosita. Era horretan, ez dituzte galduko eraiki eta 75 urtera, eta haien balioa ere ez da gutxituko urteak aurrera joan ahala.

BOEren 19.091 jabek etxebizitzen jabetza osoa lortu ahal izango dute 2014ko otsailaren 28ra arte, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak EHAAren bitartez lurzorua erosteko gaur eginiko deialdi publikoan parte hartuta; teknikoki «lurrazaleko eskubidearen kostubidezko besterentzea» esaten zaio horri.

Sailak jabe horiei gutun bana bidali die dagoeneko, erosketaren ezaugarriak eta kostua jakinarazteko. Hori egitea erabakitzen dutenei epe luzeko eta interes txikiko finantzaketa lortzeko aukera eskainiko die Eusko Jaurlaritzak; eragiketaren eta izapidetzeko gastuen % 100era artekoa izango da hori. Jaurlaritzak eragiketa horrekin lortzen dituen diru-sarrerak EAEn babestutako alokairua sustatzera bideratuko dira.

Lurzorua erostea aukera ona da babes ofizialeko etxebizitzak (BOE) erosi dituzten pertsonek ez dezaten etxea gal epea amaitzean. Izan ere, eraikitakoa eroslearen jabetzakoa den arren, eraikina kokatuta dagoen lurzorua izaera publikokoa da. Horrenbestez, 75 urte igaro eta gero, babes ofizialeko etxea administrazioaren esku geratuko da berriz ere, azalera-eskubidea iraungi delako. Gainera, jabeek ez dute kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

Bestalde, lurrazal-eskubidean saldutako etxebizitzen salmenta-prezioa etengabe murrizten da, harik eta 75 urteren buruan baliorik ez duen arte. Balioa galtzeko horrelako prozesurik ez dago jabetza osoan (lurzorua eta hegala) eskuratu diren babestutako etxebizitzen kasuan.

 

Diru-sarrera mugarik gabe

Laugarren deialdia da oraingoa 2010etik, baina aurreko faseetan ez bezala, oraingoan higiezinen titularren urteko diru-sarreren mugarik gabe eskuratu ahal izango da lurzorua edo jabetza mugagabea; horri esker, familia gehiago sartu ahal izango dira eragiketaren barruan.

Eraginpeko 19.091 higiezin horietan hauek daude jasota: lotutako eranskinak dituzten 14.765 etxebizitza (batera eskualdatzen dira); lotu gabeko 3.032 garaje, lotu gabeko 165 trasteleku, eta merkataritzako 1.129 lokal.

Deialdian sartu ahalko dira aurreko faseetako higiezin guztiak, hainbat arrazoirengatik jabeek erosi ezin izan zituzten horiek, hain zuzen ere. Higiezin horien artean egongo dira denborarekin deskalifikatu diren sustapenak.

Era horretako lehen eragiketa 2010ean egin zen; lurzorua eskuratzeko eskaerarekin batera etxebizitzak betiko babestutzat hartzeko eskaera ere egiten zen orduan. Eragiketan sar zitezkeen 14.401 etxebizitza, merkataritzako lokal eta eranskinen gainean salerosketako 1.763 eragiketa egin ziren. Jaurlaritzak 17,82 milioi euroko diru-sarrerak lortu zituen lehen fase horretako salmentengatik.

Lurzorua erosteko bigarren deialdia 2011n egin zen; guztira 5.445 etxebizitza eta 1.807 merkataritzako lokal eta eranskin lotu gabe sar zitezkeen eragiketan; guztira, 1.226 salerosketa egin ziren. Diru-sarrerak 17,45 milioi eurokoak izan ziren guztira.

Azkenik, hirugarren fasea 2012an egin zen; orduan, urteko 50.000 eurora arte igo zen erosleen gehieneko diru-sarrera muga (aurreko faseetan 25.000 euroko muga zegoen erregimen bereziko etxebizitzetan, eta 39.000 eurokoa erregimen orokorrekoetan). Prozesu horretan 821 salerosketa egin ziren (19.838 egin zitezkeen guztira), eta 9,69 milioi eurokoa izan zen haien zenbateko osoa.

Lurzorua saltzeko aurreko hiru fase horien ondorioz, 45 milioi euro inguruko diru-sarrerak lortu zituen EAEko Administrazio Orokorrak.


2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @etxebidEJGV
    2013.eko abenduak 05

    Comentario de Twitter:
    Boe-ren 19.000 jabek etxebizitzaren lurzorua erosi ahal izango dute eraiki eta 75 urtera hura ez galtzeko http://t.co/f3pKgpNTdq

  • @etxebidEJGV
    2013.eko abenduak 05

    Comentario de Twitter:
    19.000 propietarios VPO podrán comprar suelo de su vivienda para no perderla transcurridos 75 años de su construcción http://t.co/I0W7AdlMai

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)