
Azaroan 3.600 langabe gutxiago egotea positibotzat jo du Eusko Jaurlaritzak
Azaroan, aurreko hilean baino 3.567 langabe gutxiago izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzak «Euskadiren eboluzio ekonomikoaren aldeko beste adierazle bat» dela adierazi du. Jaurlaritzaren eledun Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan azaldu du kopuru horrek azaroan behera egin izanak «esanahi berezia» duela, azaroan, ohiz, enplegua suntsitu egiten baita. Nolanahi ere, «zuhurtziaz» hartu du berria Jaurlaritzak, zeren, Erkorekaren hitzetan, «egoera ekonomikoa gogorra baita oraindik»; hori dela eta, ekonomia suspertzearren eta enplegua berpiztearren jarraituko du lanean.
Bestalde, Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriak iragarri du 2014ko aurrekontua onesteko Alderdi Popularrarekin ituna egin dutela. Sailburuaren hitzetan, horrek bermatu egiten du datorren ekitaldirako «kontu batzuk» egotea eta Euskadi egonkortasun instituzional eta ekonomikoz hornitzeko balio izango du. Euskal Talde Popularraren eta Jaurlaritzaren artean egindako ituna da PPk kontuak onestea “erraztekoa” , eta osotasunari eginiko zuzenketen aldeko botorik ez ematea.
Gaurko saioan, Gobernu Kontseiluak EAEko lan-jaiegunen 2014ko Egutegi Ofiziala onetsi du, uztailaren 25a tartean jai-egun izendaturik.
Erkoreka Bake eta Bizikidetza Planak azken egunetan jaso dituen kritikei buruz ere mintzatu da. Eledunak «paradoxikotzat» jo ditu testu ber bati egoztea, alde batetik, «indarkeriarekin bat etortzea» eta, bestetik, «bakarrik ETAren indarkeria gaitzestea». Gobernua Planarekiko konpromisoa du, sinetsita baitago «bakea eta bizikidetza erdiesteko tresna egokia dela», eta horrexegatik bihurtuko du hura «bere bide-orri», Erkorekak esan duenez.
Azkenik, Jaurlaritzaren eleduna ETAko presoen ongietorriak direla-eta egin diren adierazpenen inguruan mintzatu da. Erkorekak azaldu duenez, «lekuz kanpo daude» adierazpen horiek. Erkorekak adierazi du Ertzaintzak jarraitu egingo duela legalitatea betetzea zaintzen. Hala, Maneiro legebiltzarkideari eskatu dio lehendakariari buruz esandakoak zuzentzeko, politikan «denak ez duelako balio».
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.12.03)