Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Visesak babes ofizialeko 65 etxebizitza gehiago egingo ditu Hondarribian

2013.eko abenduak 02

Hondarribian babes ofizialeko 65 etxebizitza sustatzeko lankidetza hitzarmena aurkeztu da gaur goizean; etxebizitzak iaz entregatu zirenen ondoan dagoen orubean egingo dira. Lankidetza hitzarmen honen berri Mª Covadonga Solagurenek, Marcos Murok eta Aitor Kerejeta eman dute, hurrenez hurren Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko etxebizitza alorreko Sailburuordeak, VISESAko Zuzendari nagusiak (VISESA EJra atxikitako Sozietate Publikoa da), eta Hondarribiko Alkateak eman dute.

Etxebizitzak VISESAk sustatuko ditu 3.782,15 m2ko lur-zati batean, gaur egun Udalaren jabetzakoa den 34/36 MULIATE Exekuzio Unitatean. Horren truke Hondarribiak Babes Ofizialeko 32 etxebizitza izango ditu salgai, eta alokairu babestuko 33 etxebizitza; azken horietako 17 Alokabide sozietate publikoak kudeatuko ditu, eta gainerako 15ak Udalari emango zaizkio alokatzeko jar ditzan. Etxebizitza horien batez besteko azalera 70 m2 erabilgarrikoa izango da, eta 2 logela izango dituzte. Etxebizitza guztiek izango dituzte garajea eta trastetegia, eta sukalde ekipatua altzariekin eta elektrotresnekin. Gainera, VISESAk Udalari lokaletarako 1.100 m2 eraiki emango dizkio, nahitaez komunitate ekipamendurako lagatzeko, eta hiritartze lanak egingo ditu.

Bestalde, Hondarribiko Udalak eraikuntza prozesua errazte aldera hobariak emango ditu Eraikuntza, Obra eta Instalazioen Udal Zergen kuotan, eta aldi berean salbuespenak aplikatuko ditu eraikuntza eta obren lizentzien tasei dagokienez.

Etxebizitzak eskuratzeko baldintzak eta esleipen prozedurak babes ofizialeko etxebizitzen alorrean Autonomi Erkidegoak ezarritakoak izango dira: asteazkenean ospatuko den Osoko Bilkuran ezarriko dira errolda-urteak. Udalerriko esleipendunen zerrenda agortuz gero, eremu funtzionaleko eskaeragileei ere zabalduko zaie aukera.

Lankidetza hitzarmena sinatu ondoren, babes publikoko 65 etxebizitzak eraikitzeko proiektua abian jartzeko izapideei ekingo zaie. Lur-zatia ia hiritartuta dago, bakarrik hiritartze lan osagarriak falta zaizkio, eta horiei etxebizitzak amaitu ondoren ekingo zaie. Aurreikuspenen arabera, etxebizitzak 2015 urtean zehar hasiko dira eraikitzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)