Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadik “Surfing Euskadi” aurkeztu du Madrilen, turismorako produktu-klub berri aitzindaria eta bakana

2013.eko azaroak 29

‘Surfing Euskadi’ proiektu jaioberrian, 40 erakunde publiko-pribatutik gora bildu dira, zerbitzuak era aitzindarian eta bakanean eskaintzeko, bezero guztiek jakin dezaten zer dela-eta bilakatu den Euskadi surfaren helmuga eredugarri mundu osoan

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak aurkezpenean nabarmendu duenez, “azaleratzen ari den esparru turistiko berria da surfa, eta Euskadin indar handia du gehiago hazteko. Jarduera lagungarri garrantzizkoa izan behar du, euskal itsasaldeko turismoaren osagarri, ahalmen nabarmena baitu urtarokotasunarekin hausteko”

Basquetour agentziako zuzendari nagusi Arantza Madariagak azaldu duenez, “euskal itsasaldea nazioarte osoko surfak duen epizentrorik garrantzitsuenetako bat da gaur egun, eta surfean aritzeko moduko 50 uhin inguru ditu, kirol hori maite dutenentzat eskuragarri”

Leticia Canales euskal surflariak Euskadiko preskriptore gisa hartu zuen parte atzoko aurkezpenean Madrilen. Bertan, 60 kazetari inguru eta Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Ordezkaritzako kide Juan Aguado izan ziren

Eusko Jaurlaritzak turismorako produktu-klub aitzindaria sortu du, Euskadik nazioartean dituen erakarpen nagusietako bat oinarritzat hartuta: surfa. 1955. urtean, surfak Europan sartzeko erabili zuen atea izan zen Euskal Herria, eta, harrezkero, kirol horrek itsasaldean izan duen bilakaera handiaren lekuko izan da. Gaur egun, hainbat zerbitzu eta azpiegitura eskaintzen dizkie zaleei eta jakin-mina duten guztiei, eta, horrez gain, surfean aritzeko moduko 50 uhin biltzen ditu, tartean Mundakakoa, askoren ustez Europa osoko uhinik onena.

Bidaiari askok itsasaldea ezagutzen ez dutenez, Eusko Jaurlaritzak Surfaren Turismorako Produktu Kluba sortzea erabaki du, Euskadi ezagutzeko modu desberdin bat eskaini nahian bisitariei. Basquetour - Turismoaren Euskal Agentziak zuzentzen duen ‘Surfing Euskadi’ produktuan, 40 erakunde publiko-pribatu baino gehiago bildu dira, bezero guztiei hainbat zerbitzu eskaintzeko, Espainiako Estatuan bakarra eta aitzindaria den moduan.

Produktu berri hau atzo aurkeztu zuten Madrilen. Merkataritza eta Turismoko sailburuordea den Itziar Epalzak bertan nabarmendu zuenez, “azaleratzen ari den esparru turistiko berria da surfa, eta indar handia du gehiago hazteko. Euskadin osagai garrantzizkoa izan nahi du, euskal itsasaldeko turismoaren jarduera osagarri bat, ahalmen nabarmena baitu urtarokotasunarekin hausteko”.

Itziar Epalzaren hitzetan, produktu turistiko espezializatu honi dagokionez, “Euskadiko Behatoki Turistikoak egindako Ibiltur OCIO 2012 azterketaren arabera, surf egitera etortzen diren bisitari gehienek (% 97k) Euskadi gomendatuko lukete, eta % 95ek berriz itzultzeko asmoa du”. Epalzak zehaztu duenez, “atzerritarrak dira helmuga hobeto balioesten dutenak, haien ustez Euskadi Europa osoko herrialderik erakargarrienetako bat da surfean aritzeko, eta bertan kalitatezko eskaintzak ditugu kirol honi lotuta”.

Basquetour agentziako zuzendari nagusi Arantza Madariaga ere izan zen ekitaldian. Madariagak Euskadik mundu osoan lortu duen ospea nabarmendu zuen, eta aditzera eman zuen “euskal itsasaldea nazioarte osoko surfak duen epizentrorik garrantzitsuenetako bat dela gaur egun, eta surfean aritzeko moduko 50 uhin inguru dituela kirol hau maite dutenentzat eskuragarri”.

Erakarpen horiek ez dira oharkabean geratzen helmuga honetara etortzen diren bisitarientzat. Aitzitik, dei-eragina dute, mundu osoan kirol honek dituen zaleei begira. Zuzendari nagusiak jakinarazi zuenez, “Eusko Jaurlaritzaren Turismo Saila 2009. urtetik ari da surfa lantzen, turismorako produktu gisa hartuta; eta, harrezkero, hirukoiztu egin da kirol hau bertako hondartzetan egiten duten lagunen kopurua”.

Europako aurtengo txapeldunorde eta munduko txapelketako parte-hartzaile Leticia Canales euskal surflariak Euskadiko itsasaldiko preskriptore gisa hartu du parte aurkezpenean, euskal itsasaldea lehen mailako surf-helmuga gisa sustatzeko, eta kirol honi lotutako esperientzia bat bizitzeko leku egoki gisa gomendatzeko.

‘Surfing Euskadi’, turismoa, surfa eta helmuga bat eginda

Hona zein diren Euskadi mapamundian surf-arloko potentzia bilakatzera eraman duten eragileak: surfean aritzeko moduko uhinen zerrenda luzea –askoren ustez Europako uhinik onena den eta munduko hamar uhinik onenen artean dagoen Mundaka barne hartuta–, goi-mailako lehiaketetan aritzen diren eta nazioarteko sarituen zerrendetan postu garrantzitsuak betetzen dituzten hamabi euskal surflariak, euskal itsasaldea egoitza gisa hartu duten sektoreko multinazional ugariak, eta urtero izaten diren berrogeita hamar inguru lehiaketa.

Horrez gain, gaur egun, Sustainable Tourism Journalek emandako datuen argitan, munduan 35 milioi surflarik baino gehiagok du denbora bidaiatzeko eta goi-erdi mailako ahalmena erosteko –eta kopuru horrek gora egiten du urtero, % 12 eta % 16 artean–. Horiek ikusita, Eusko Jaurlaritza 2009. urtetik ari da lanean, arlo honetako turismorako produktu zehatza sortu nahian, turismorako produktu-klub berria bultzatu zuen Basquetour - Turismoaren Euskal Agentziaren bidez. Hala, bada, ‘Surfing Euskadi’ produktuak surfaren turismoa garatzen eta sustatzen du euskal itsasaldean, eta esperientzia ugari eskaintzen ditu, kirol hau baterako osagai gisa eta ardatz egituratzaile modura hartuta, eta surfaren eredu turistiko berriak dituen etorkizuneko oinarriak bertan finkatuta.

‘Surfing Euskadi’ proiektuak aukera ugari eskaintzen ditu, bisitari bakoitzak duen maila aintzat hartuta. Horra hor surf-eskolak, helmuga ur gainetik behatzeko gogoak dituzten lagunak segurtasunez has daitezen, edo duten teknika aurreratua hobetu dezaten. Euskal itsasalde osotik daude barreiatuta, hondartza bakoitzak baitu bere eskola. Ikastaroen eskaintza zabala eta azpiegitura osobeteak daude, eta, horrez gain, ostatua eta eskolak uztartzen dituzten surcamp-ak ditugu, hondartzetatik gertu kokatutako eskaintza merkea. Bestetik, surf-friendly diren hotelen eskaintza oso ugaria da. Zerbitzu tradizional horiek harrera beroa egiten diete surf-zaleei beren zerbitzuekin: materialarekin sartzea onartzen dute, zerbitzuei eta spot (surfa egiteko leku) onenei buruzko informazioa ematen dute, eta uhinei buruzko eguneko txostenaren berri ematen dute.

Euskadi, surf-helmuga

Euskadiko uhinen kalitatea eta nazioarteko sarituen zerrendetan postu garrantzizkoak betetzen dituzten hamabi euskal surflariak dira dei-eragile nagusiak, urtero euskal itsasaldera surfean aritzera eta, aldi berean, helmuga honetako kultura, gastronomia eta naturako erakarpenak ezagutzera hurbiltzen diren milaka bisitarientzat. Euskal itsasaldea lau zatitan bana dezakegu, mendebaldetik ekialdera, kirol honetan aritzeari dagokionez.

Sopela-Bilbo Metropolitarrean Hareako hondartza nabarmentzen da. Bizkaiko hondartzarik bisitatuena da; izan ere, Kantabriarekiko mugan dagoenez, hamaika bisitari erakartzen ditu.  Azpiegitura bikainak ditu, eta bertako uhina ezin hobea da, hala surfean hasteko, nola surfaren teknika hobetzeko. Bertan sortu zen lehen kluba, Bizkaiko Surf Federazioaren ernamuina izango zena. Uribe Kostako eskualdeak ere erakarpen handiak ditu surfari begira. Adibidez, Galea, Getxon, itsasoaren eta mendiaren  arteko nahasketa horrek liluratuta uzten baititu bertako harea zapaltzen duten lagun guztiak. Edo Sopelako hareatzak, izen handiko surf-klubak eta dozena bat eskola biltzen baititu.

Mundaka-Urdaibai aldean, bisitariek Euskadiko tokirik ederrenetako bat begietsi ahal izango dute. 1984. urtean eskuratu zuen biosferako erreserbaren izendapena, 220 kilometroko hedadura du, eta landare eta faunaren ale interesgarriak ditu. Bertan dago Mundaka, mundu osoko hamar uhin onenetako bat dena, xarmaz beteriko herriaren parean jostalari. Hondartza honek, bere perfekzio eta dotoreziaren bidez, mundu osoko surflariak erakarri ditu azken 30 urteetan. Ikuskizun eder honek, baldintzarik onenetan, hiru orduko iraupena izaten du gehienez, eta ehun surflari baino gehiago erakarri ohi ditu, uhinari aurre egin nahian.

Bilbo eta Donostia artean, Zarautz aldea dugu, eta, bertan, herri turistiko horretaz gain, Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria eta Orio, denak itsasaldean. Ekaitz handiak diren garaian, surflariek gozamen handia har dezakete beren tamaina eta indarrari esker mundu osoan ospea lortu duten uhin horiekin, esate baterako, Getaria herri politarekin kontraste nabarmena sortzen duten Hondartza grisean eta Orruan daudenekin.  Zarautz dugu alde horretako surfaren hiriburua. Surfak Euskadin izan duen sehaska izateaz gain, bertan du kirol honek eskola eta instalazio espezializatuen eskaintzarik zabalena eta hornituena.

Euskadiko hondartzarik enblematikoenetako bat dugu Kontxako badia. Laugarren aldean dago kokatuta, Donostian. Euskal itsasaldeko hiriburua da, beste guztien gainetik, eta bertan dagoen Zurriolako hondartzan uhinaldi bizia izaten da, ezin hobea surfean hasteko. Ondarreta eta Kontxan, sup-en eskaintza nabarmentzen da. Surfaren aldaera berri horretan, kirolariak ur gainean mugitzen dira, tamaina handiko taula baten gainean zutik, arraun batez lagunduta. Bestalde, alde horrexetan, Irun eta Hondarribia ditugu, eta, bertan, oso eskaintza zabala dugu merkataritza, gastronomia eta, oro har, turismo aldetik.




Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)