Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzako kondekorazio gorena eman diete 10 ertzaini Arkauten

2013.eko azaroak 28

Beltrán de Heredia sailburua mahaiburu izan duen ekitaldi batean

Segurtasuneko sailburu Estefania Beltrán de Herediak presiditu du gaur arratsaldean aparteko merituko ekintzak egiteagatik hamar ertzaini polizia-lana aintzatesteko domina, bereizgarri gorriduna, Ertzaintzako gorena, emateko ekitaldia. Joan den urrian dominak emateko araudia aldatzea onartu zenetik honelako lehen ekitaldia izan da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin den hau, eta haren bitartez Ertzaintzaren historian ertzainek egin dituzten arrisku handieneko ekintzetako batzuk aintzatesteko balio izan du.

Zeremonian, sailburuarekin batera izan dira Segurtasuneko eta Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Josu Zubiaga eta Iñaki Gurtubai, Ertzaintzako eta Arkauteko zuzendari Gervasio Gabirondo eta Malentxo Arruabarrena eta saileko eta Ertzaintzako beste zenbait kargu ere.

Omendutako ertzainek sailburuaren eskutik jaso dute polizia gisa egin duten lanaren aintzatespena aitortzen dien domina, berezigarri gorriduna, Ertzaintzan den gorena, ertzainen aparteko ekintzak eta bizitza arriskuan jarri izan dutenekoak saritzeko sortua.

Hala, kondekorazioa eman zaien hamar ertzainetatik bederatzik beren bizitza arrisku nabarmenean ipini zuten terrorismoaren kontrako borrokan. Horietatik biri 1994ko azaroaren18an Loiun izandako enfrentamenduan izandako protagonismoagatik eman zaie saria. Ekintza haren ondorioz ETAren Bizkaia komandoa deuseztatu zuten eta kide nagusiak atxilotu egin zituzten.

Beste bati 1988ko urriaren 16an izandako portaeragatik eman zaio domina, Legazpiko Brinkola auzoko trenbide-tunela miatzen ari zela lehergailu batek eztanda egin eta bere lankide Juan José Pacheco ertzaina hil zuela.

Hiru domina bete hainbeste ertzaini eman zaizkie, PSOEren Bilboko egoitzan 2008ko apirilaren 17an ipinitako lehergailuak leher egin zuenean han harrapatu zituelako, auzokoek minik ez hartzearren ingurua balizatzen ari zirela.

Urte hartan bertan, ekainean, beste ertzain bat zauriturik suertatu zen Zarauzko enpresa batean jarritako bonbak eztanda eginda. Haren lankide batek lortu zuen inguruan zebiltzak herritarrek minik ez hartzea. Biei ezarri zaie gaur kondekorazioa.

Bederatzigarren domina 2008ko irailaren 21an ETAk Ondarroako ertzain-etxean jarritako lehergailuak zauritutako ertzain bati eman zaio.

Azkenik, hamargarren domina 2011ko abenduaren 17an, Donostian, bere etxean gotortu zen lagun batek leihotik egindako eskopeta-tiroek zauritu zuten. Tiratzailea harrapatu eta atxilotu egin zuten.

 

Ertzaintzako kondekorazioen araubidea

202/2012 dekretuak, urriaren 16koak, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzekoak, xedatzen du gaur egungo araubidea.

Kondekorazio eta aintzatespenei dagokienez, Dekretuak hiru domina sortzen ditu polizia-lana saritzeko, bereizgarri gorriduna, bereizgarri berdeduna eta bereizgarri zuriduna, hain zuzen, eta bi diploma-mota: bereizgarri gorriduna eta bereizgarri zuriduna.

Bereizgarri gorridun dominak ertzainaren bizia arriskuan jarri izandako ekintzak eta bestelako aparteko ekintzak saritzen ditu; bereizgarri berdedunak, bizia arriskuan jarri gabeko aparteko ekintzak, eta bereizgarri zuridunak, azkenik, polizia-betebeharrak nabarmen ondo betetzen dituztenak eta Ertzaintzaren ospea hobetzeko ondorioa dakarten azterketa zientifikoak egiten dituztenak saritzen ditu. Bada laugarren domina bat ere, bereizgarri urdina duena, Ertzaintzaren helburuei lotutako merituzko zereginak egiteagatik beste polizia-gorpuz, larrialdietako zerbitzu nahiz segurtasun pribatuko erakundeetako kideak saritzeko.

Diplomek, bestalde, ertzainen bizitza profesional osoa aintzatesten dute. Bereizgarri zurikoa hogei zerbitzu-urte diziplina-faltarik gabe betetzean ematen da, eta bereizgarri gorriduna, berriz, zerbitzuan hogeita hamar urte betetzean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)