
Europarako hizkuntza politika propio baten beharra plazaratu du Patxi Baztarrikak Bruselan
Europako hizkuntzen mapa funtzional bat osatzea, edo hizkuntza eskubideak agiri europar baten bidez instituzionalizatzea proposatu du Hizkuntza politikarako sailburuordeak.
"Euskara Europan. Hizkuntza Politikak" izenburupean eman du hitzaldia gaur goizez Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Bruselan, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzan, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen egitarauaren barnean. Bruselan egonik, eta abenduaren 3an ospatzen den egun horren leloa #mundiala dela jakinik, "Europako zelai zabalera begira" egin du hitzaldiaren zatirik esanguratsuena Baztarrikak. "Hizkuntza europarra da euskara, eta bere biziraupena eta hazkuntza bermatzeko behar besteko tokia, habitat egokia, eraiki nahi diogu Europako beste hizkuntzen artean", esan du Baztarrikak, Izaskun Bilbao eurodiputatu jeltzaleak aurkeztu duen ekitaldian. "Europeismoa da gure izpiritua. Gaztelaniarekiko eta Europako beste hizkuntzekiko osagarri hartzen dugu euskara, eta euskararen osagarri hartzen ditugu beste hizkuntzak".
Europa giza eskubideen nahiz gizarte-ongizatearen zabalkundean eta errespetuan, munduan aitzindari dela aintzat hartuta, gogoetarako galdera egin du ondoren hizlariak. "Utopia ote da Europa aitzindari izatea hizkuntza aniztasunaren sustapen eta kudeaketa aurreratuan?" Aitzindaritza hori utopikoa izan ez dadin, europar hizkuntza politika propio baten beharra azaldu du sailburuordeak, eta politika propio horren babesean garatu beharko liratekeen elementuak ere plazaratu ditu, gogoetarako. "Europar hizkuntzen mapa funtzionala osatzea, Europako Eremu Urriko Hizkuntzen karta herrialde guztietan aplikatzea, Hizkuntza Eskubideak Agiri Europar baten bidez instituzionalizatzea, Europan zehar Europako eremu urriko hizkuntzen ikaskuntza sustatzea, interneten eremu urriko hizkuntzen presentzia sustatzeko baliabideak jartzea Europako erakundeen aldetik edo hizkuntza aniztasunaren aldeko pedagogia soziala egitea", zerrendatu ditu.
Europar Batasuneko eleaniztasuna ezin da gaur egungo 23 hizkuntza ofizialetara mugatu, Patxi Baztarrikaren iritzian. "Badira gutxi gorabehera beste 60 hizkuntza, badira milioika europar estaturik gabeko herrietako hizkuntzak erabiltzen dituztenak, eta badira estatu-hizkuntza izate hutsak ematen duen merezimenduagatik ofizialak diren zenbait hizkuntzek baino hiztun gehiago dituzten hizkuntza ez-ofizialak" zehaztu du. Horregatik, Europako Batasuneko zenbait lurralde eremutan ofizial diren hizkuntzentzat ere Estatu-hizkuntzen neurriko lekua eskatu du sailburuordeak. "Europeismoan sakontzea izango litzateke hori, hizkuntzen onarpen hori bera oso lagungarri izango bailitzateke Europako herritarrak are europarrago sentitzera iritsi daitezen".
Jaurlaritzaren izenean lankidetzarako eskaintza luzatu du Baztarrikak Europara. "Eusko Jaurlaritzak bere lankidetza eskaintzen du, euskararen kasuan metaturiko ezagutza eta praktika onak beste hizkuntza batzuen biziberritze prozesuetako eragileekin partekatzeko, eta hizkuntza biziberritzeko prozesuen dimentsio europarra sustatzeko", azaldu du.
Baina hizkuntza politikaren europar dimentsioa ez ezik, euskararen biziberritzea ere izan da mintzagai Bruselan. Euskararen azken 20 urteetako bilakaera soziala azaldu du Baztarrikak entzuleen aurrean, eta bereziki hizkuntzak EAEn izan duen hazkundearen eta jauziaren berri eman die. Etorkizuneko erronkei eskainitako hitzak ere izan ditu Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Euskadiren Europako Batasuneko Ordezkaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarrekin gaur goizerako antolatutako ekitaldian, Patxi Baztarrikarekin batera hizlari izan dira Marta Marin, Euskadiren Ordezkaria Europako Batasunean, eta Andres Urrutia Euskaltzainburua ere.
Hitzaldia amaituta, arratsaldez, Europako Batzordearen Eleaniztasun arloko arduradun Ana Carla Pereirarekin, eta Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Eleaniztasun komisarioaren Gabinete buru Yiannakis Asimakisekin bilerak izango ditu Patxi Baztarrikak.
Gasteizen, 2013ko azaroaren 28an