Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Estatu kideen ingurumen-politikak gobernatuko dituen «VII. Ingurumeneko Esparru Programa» onetsi du Europako Batzordeak

2013.eko azaroak 26

• Datozen zazpi urteetan horrek gidatuta aplikatu beharko ditu bere ingurumen- eta klima-politikak Euskal Autonomia Erkidegoak
• Gaur egun, Euskadin, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailak gidatuta, EAEko IV. Ingurumeneko Esparru Programa prestatzen ari da, zeina 2015-2018 aldian izango baita indarrean

Europar Batasunaren VII. Ingurumeneko Esparru Programa onetsi zuten Europako Kontseiluak eta Legebiltzarrak, Bruselan, azaroaren 20an. Dokumentu horrek gidatuko ditu Europar Batasuneko gobernuak -tartean Euskal Autonomia Erkidegoa ere, noski- beren ingurumen- eta klima-politikak garatzean eta aplikatzean. Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak adierazi duenez, «honela itxi da duela lau urte, Europako Batzordeak Europako esparru berri hau proposatu zuenean, hasitako prozesua». Gaur egun, Euskadin, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailak gidatuta, EAEko IV. Ingurumeneko Esparru Programa prestatzen ari da, zeina 2015-2018 aldian izango baita indarrean

Galera sailburuordearen iritziz, «Europako Batzordeak 2012ko azaroan proposatu zuenean Ingurumeneko Esparru Programa, bederatzi helburu lehenetsi ziren 2020rako betetzeko xedeaz, besteak beste natura babestea, hazkunde jasangarri eta eraginkorra sustatzea eta eraginkor heltzea ingurumenarekin zerikusia duten osasun-mehatxuei».

Helburu horiek ingurumen-legeak hobeto aplikatuta erdiesteko esparrua xedatzen du programa honek, bermatu egiten ditu, bestalde ingurumen- eta klima-politiketan behar diren inbertsioak eta hobetu egiten du, berriz, ingurumenarekiko kezkak eta beharrak beste politiketan islatzeko modua.

«Halaber dira programaren helburu lehenetsiak Europar Batasuneko hiriak jasangarriagoak izaten laguntzeko ahaleginak sustatzea eta ingurumenaren eta klimaren arloko erronkei erantzuteko gaitasuna handitzea, eskualde mailan zein mundu mailan», gehitu du Galerak.

Josean Galerak adierazi du «zazpigarren programa hau Europako Batasunak 40 urtez jarraitu dion ingurumen-politikaren lorpen handietan oinarritua dela, bai eta ingurumenaren eremuko ekimen estrategiko berrietan ere, hala nola Baliabideen Erabilera Eraginkorraren bide-orrian, Biodibertsitateari buruzko 2020 Estrategian eta Karbono Kontsumo Txikiko Ekonomiarako bide-orrian. Esan genezake gure Erkidegoa aspalditik ari dela garatzen horrelako politikak, eta horietan gidari dela».

Europako Ingurumeneko komisario Janez Potočnikek azaldu duenez, «legegileek hainbat arlotan asmo handiagoko helburuak ezartzeko adostasuna erdietsi izanak argi erakusten du ingurumenarekin eta klimarekin lotutako erronkak lehentasun izaten jarraitzen dutela Europar Batasunari dagokionez» eta «epe ertain eta luzean hazteko eta ongizatea sustatzeko aukera da. Estatu kideekin, Europako Legebiltzarrarekin, toki eta eskualde mailako agintariekin, enpresekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin batera estu egingo dut lan Esparru Programa aplikatzen hasteko eta, hala, 2020. urterako geure buruari ezarri dizkiogun asmo handiko helburuak erdietsi ahal izateko».

Bestalde, klimaren arloko komisario Connie Hedegaardek esan du esparru berria «aurrerapauso bat dela Europar Batasuna karbono-kontsumo txikiko ekonomia berde, lehiakor eta eraginkor bilakatzeko». Hedegaardek azaldu duenez, dagoeneko ipini dira abian 2020rako finkatutako helburu klimatikoak, hartara 2050erako berotegi-efektuko gasen isurpenak % 80-95 murrizteko.

Halaber adierazi du estatu kideekin, industriarekin eta beste sektore batzuekin batera estu lan egiten ari direla epe ertain eta luzerako klima-politiketan inbertitzea erraztearren.

EAEko Ingurumeneko Esparru Programa

Gaur egun, Euskadin, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailak gidatuta, EAEko IV. Ingurumeneko Esparru Programa prestatzen ari da, zeina 2015-2018 aldian izango baita indarrean Balio erantsia ekarriko du erreferentzia-dokumentu honek, Ingurumeneko sailburuorde Josean Galeraren hitzetan, «esparru legal eta estrategiko berria ezarrita Euskal Herriko ingurumen politikarako, zeinak helburu hauek bilatuko baititu, besteak beste: ingurumen-administrazioaren jarduna arrazionalizatzea, koordinatzea, sinplifikatzea eta eraginkorrago bihurtzea. Halaber balioetsiko dira jakintza, ingurumen-azpiegiturak eta ekosistemek ekartzen dituzten zerbitzuak; osasun publikoa hobetuko da, kapital naturala babestuko da eta euskal herritarren artean ingurumenari buruzko heziketa, prestakuntza eta sentsibilizazioa areagotu egingo dira».

Otsailaren 27ko 3/1998 lege orokorra, Euskadiko Ingurumena Babestekoa, da planifikazio-tresna honen jatorria. Horrek xedatu zuen ingurumen-politika EAEko ingurumen-organoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordean ordezkatutako beste herri-administrazioek lagunduta, egindako ingurumeneko esparru-programa batean islatu beharko duela. Ingurumeneko I. Esparru Programak 2002-2006 aldia hartu zuen; II.ak, berriz, 2007-2010 aldia, eta III.a, azkenik, 2011n onetsi zen eta 2014ra arte luzatuko da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)