Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Etxepare Euskal Institutuak Bruselan ospatuko du Euskararen Eguna

2013.eko azaroak 26

2013.11.26 Prentsa oharra

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUAK

BRUSELAN OSPATUKO DU EUSKARAREN EGUNA

Hasi da “Fenêtre Ouverte sur le Pays Basque” programa

(azaroak 23 - abenduak 4, Valonia-Brusela)

2012ko Euskararen Eguna dela eta Etxeparek sustatutako “Homeland” filme laburrak 40.000 ikustaldi lortu ditu 21 egunetan

2012ko Euskararen Egunean, surfaren eskutik euskara urrunago eramateko asmoa azaldu zuen Etxepare Euskal Institutuak. Eta, Surfilm Festibalekin elkarlanean, egun surf munduko errealizatzaile ezagunenetakoa den Cyrus Suttoni euskaraz aritzeko proposamena egin zion, gure kulturaren gaineko bere begirada jasoko zuen eta berak menperatzen dituen bideetan barreiatuko zuen film laburra osatzea helburu. Emaitza “Homeland” lana izan zen: Suttonek besazpian eraman du urte osoan, munduko hamaika jaialditan erakutsiz –Kalifornia, Smash NY Festival, London Surf Film Festival…- ; duela hiru aste Korduroy.tv interneteko telebistan zintzilikatu zuen eta 40.000 ikustaldi izan ditu honezkero.

Euskararen Egunaren indarrak beste bazter batera garamatza aurten. Lankidetza izan da, haseratik, Etxepare Euskal Institutuaren egitekoaren muina. Horregatik Fédération des Jeunesses Musicales Wallonie-Bruxelles erakundearekin aritu da elkarlanean, euskal kulturaren erakusgarri den “Fenêtre Ouverte Poverte sur le Pays Basque” programa sortzeko. Brusela eta Valonia hartu duen jaialdia pasa den ostiralean abiatu zen eta abenduaren 4ra arte burutuko da.


Bruselan diharduten kultur instituzio ezberdinen eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, UPV-EHUko Mikel Laboa Katedra, Euskadiko Filmategia, Euskal Kultur Erakundea, Donostia 2016 eta Euskaltzaindia euskal erakundeek ere laguntza eskaini diote programari; xede nagusia euskal kulturaren aniztasuna eta adierazpen artistiko ezberdinak ezagutaraztea da, abenduaren 3ko
Euskararen Egunaren ospakizunekin bat eginez.

Egitarauaren baitan Juan Mari Beltran musikariak eta bere taldeak euskal herri-musikaren inguruko 30 bat emanaldi eta tailer eskainiko dituzte bertako eskola, kontserbatorio eta kulturgune ezberdinetan, azaroaren 23an hasita. Gainera, azaroaren 29an Beltranek txalaparta bat dohaintzan emango dio Bruselako MIM museoari, munduko musika-tresnen museo garrantzitsuenari.

Euskal Zineari buruzko ziklo berezi bat ere zabaldu da Bruselako Cinematek filmategian: azaroaren 24tik abenduaren 4ra bitartean, “Urte berri on amona”, “Zuloak”, “Bertsolari” eta “80 egunean” filmak ikusgai izango dira, 11 saio eskainiz guztira. Gainera Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak “Euskal zinegintzaren historia laburra” emango gaur iluntzean Cinemateken bertan.

Azaroaren 28an euskara hizkuntza izango dute mintzagai Andres Urrutia Euskaltzainburuak -“Euskara eta corpus-planning-a: Euskaltzaindiaren lana (1918-2013)”- eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak -“Euskara Europan. Hizkuntza politikak-. Euskadiren EBko Ordezkaritzan egingo den ekitaldian Izaskun Bilbao eta François Alfonsi eurodiputatuek ere esku hartuko dute. Segidan Cyrus Suttonek euskaraz sortutako “Homeland” filme laburra emango dute.

 

Hilaren 29an “Langues / Cultures / Identités”, jaialdiaren haserako ekitaldi ofiziala burutuko da La Tentation aretoan, Iñaki Plaza musikariaren eta bere taldearen, Ialma taldearen eta Xabier Paya bertsolariaren partaidetzarekin

Mikel Laboa zenaren musikak eta ekarpenak ere berezko tokia izango dute programan: batetik, La Bellone - Maison du Spectacle guneak Close to Laboa: a music installation” erakusketa hartuko du azaroaren 29tik abenduaren 4ra bitartean. Kukai Dantza konpainiak abenduaren 1ean Centre Culturel des Riches-Claires antzokian emango duen “Komunikazioa-Inkomunikazioa” ikuskizunaren ardatza ere Laboaren obra izango da. Ez da Kukaik eskainiko duen emanaldi bakarra izango: azaroaren 30ean Engis herriko Centre Culturel gunean ariko dira,“Sorbatza” eta “Gelajauziak” lanak dantzatuz. Abenduaren 1ean goizean, berriz, Bruselako Grand-Place hartuko dute, “Gelajauziak” ikuskizunarekin.

Abenduaren 3an, aldiz, Aurelia Arkotxa idazle eta euskaltzaina izango da protagonista: zuzenean streaming bidez zabalduko den euskal literaturari buruzko hitzaldia emango du Point Culture gunean.


Argibide gehiago: www.fenetreouverte.be / www.etxepare.net

Irene Larraza: i-larraza@etxepare.net / 943 023 405 / 688 670 217 / 644 130 610

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PatxiSaez
    2013.eko azaroak 28

    Comentario de Twitter:
    .

    21 egunetan 40.000 lagunek begiratu dute euskararen leihotik.

    1)http://t.co/0WkVcmK4Dy @etxepareEU

    2)http://t.co/LstacwAnnW

    .

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)