Berriak Lehendakaritza
Eu

EAEko herritarren ia erdiek uste dute datozen hamabi hilabeteetan EAEko ekonomia berdin mantenduko dela

2013.eko azaroak 25

  EUSKAL SOZIOMETROA: EGOERAREN BALORAZIOA

 Langabezia eta egoera ekonomikoarekiko kezka

EAEko egoera ekonomikoa oso gaizki ikusten jarraitzen du jendeak; izan ere, 2002tik jasotako txarrena da eta Europar Batasuneko biztanleek beren herrialdeko ekonomiari buruz duten batez besteko iritzia baino okerragoa. Hala ere Espainiako herritarrek Espainiako egoera ekonomikoari buruz duten iritzia baino hobea da nabarmen.

EAEko herritarren ia erdiek uste dute datozen hamabi hilabeteetan EAEko ekonomia berdin mantenduko dela, laurdenek hobera egingo duela uste dute eta beste laurdenek okerrera egingo duela. Hobekuntza espero dutenak gehiago dira hemen Europar Batasuneko batez bestekoan baino. Espainiako ekonomiaren bilakaera posibleari buruzko iritzia ezkorragoa da; EAEko 10 biztanletik 4k uste dute okerragotu egingo dela.

Herritarren ustez, EAEko arazo nagusiak hauek dira berriz ere: lan-merkatuarekin lotutakoak (%78k aipatu dituzte hiru arazo nagusien artean), arazo ekonomikoak (%39, 2004tik jasotako aluena) eta politikarekin lotutako arazoak (%26). Estatuarekin alderatuta, Euskadin gutxixeago aipatu dira politikarekin lotutako arazoak eta askoz gutxiago ustelkeria eta iruzurra.

Herritarrei gehien eragiten dieten arazo pertsonalak berriro ere hauek dira: lan-merkatuarekin lotutakoak (%56k aipatu ditu hiru arazo nagusien artean, nahiz eta beherantz jarraitu urte hasieran izandako puntu gorenetik), arazo ekonomikoak (%30) eta osasuna eta osasungintza (%21ek aipatu du, 2004tik jasotako altuena).

Lanarekin, krisiarekin eta egoera ekonomikoarekin lotutako gaiak oso presente daude EAEko herritarren eguneroko bizitzan, gehienek aipatzen baitituzte euren elkarrizketa-gai ohikoenen artean.

HEZKUNTZA

Herritarrek oniritzia eman diote Hezkuntzari. Euskadin Estatuan baino baliabide gehiago bideratzen dira, baina gutxitzen ari dira.

Herritarrek oniritzia (2 puntu edo gehiago 1-3 eskalan) eman diote Eusko Jaurlaritzak azken urteotan aztertutako arlo guztietan egindakoari, salbu eta gazteria politika, etxebizitza eta ekonomian egindakoari. 2008tik ona hobera egin du bakean, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean, ingurumenean, immigrazioan eta etxebizitzan egindako lanaren balorazioak, eta okerrera egin du, aldiz, kultura, osasungintza, hezkuntza, gizarte ongizatea, hirugarren adina eta ekonomian egindakoari buruzko balorazioak.

Herritarren herenek uste dute EAEn hezkuntzaren funtzionamendua duela hamar urte baino hobea dela, %21ek berdin ikusten dute eta %29k okerragoa dela diote. Gehiengoak (%61ek) uste du EAEko hezkuntza sistema Estatuko gainerako lekuetakoa baino hobea dela eta %45ek Europar Batasuneko gainerako herrialdeetakoa baino okerragoa dela.

EAEko herritarrek oniritzia eman diote euskal hezkuntza sistemari, aztertutako alderdi ia guztietan; puntuaziorik onena irakasleen formazioak jaso du (6,7 0tik 10erako eskalan). Ondoren datoz ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei ematen zaien laguntza (5,8), ikasle immigranteen integrazioa (5,7), irakasle bakoitzeko ikasle kopurua (5,4) eta irakasleek ikasleen aurrean duten autoritatea (4,9).

Eusko Jaurlaritzak hezkuntzara bideratzen dituen baliabideei dagokienez, biztanleria ia erdibituta dago: behar diren baliabideak bideratzen dituela uste dutenak (%44) eta behar baino gutxiago bideratzen dituela uste dutenak (%45). 2004rekin alderatuta, nabarmen areagotu da behar diren baino baliabide gutxiago erabiltzen diren pertzepzioa; izan ere, %39k uste dute Eusko Jaurlaritzak duela hamar urte baino baliabide gutxiago erabiltzen dituela hezkuntzarako. Hala ere, gehiengoak (%52k) uste du Euskadin Estatuko beste komunitate batzuetan baino baliabide gehiago bideratzen direla hezkuntzara.

Ikasleek helburuak betetzea lortzen dute. Ingelesaren ikasketa hobetu behar da.

Derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasleek duten zenbait helbururen betetze mailari buruz herritarrei galdetuta, zabalduen dagoen iritzia da ikasle gehienek lortzen dutela zuzentasunez hitz egin eta argudiatzea (6,1), oinarrizko eragiketa matematikoen ezagutza (6,1), zientziarekiko eta arrazoitzearekiko jarrera positiboa (5,7), irakurketaren aldeko jarrera (5,5), behar besteko kultura-maila (5,5), bizitzan zehar ikasten jarraitzeko motibazioa (5,5), helduak direnerako autonomia pertsonala (5,2), bizimodu osasuntsua eta sustantzia kaltegarriekiko gaitzespena (5,1) eta lanpostu bat lortzeko behar besteko formazioa eta trebetasunak (5,1).

Hizkuntzen ezagutzari dagokionez, herritarrek 0tik 10erako eskalan 7,5 punturekin baloratu dute ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzean duten gaztelaniaren ezagutza-maila, 6,9 puntu eman dizkiote euskararen ezagutza-mailari, 4,9 ingelesaren ezagutza-mailari eta 2,8 beste hizkuntza batzuenari.

Herritar gehienek (%53k) diote ona dela klaseetan ikasle aurreratuagoak eta motelagoak elkarrekin egotea, lehenengoek bigarrenei laguntzen dietelako; aldiz, %28k txarra dela uste dute motelagoek besteen erritmoa atzeratzen dutelako. Azken iritzi hau 2004an baino zabalduago dago.

Nahiago den hizkuntza ereduari dagokionez, eredu hirueleduna izan da aipatuena (%39), eta ondoren D eredua (%30), B eredua (%21) eta azkenik A eredua (%5).

 LOMCEren gaitzespen orokorra

Herritarrek LOMCEren aurkako jarrera argia azaldu dute, nahiz eta ez-ezagutza ere nahikoa zabalduta egon: %52 Legearen oso edo nahikoa kontra daude, %5 oso edo nahikoa alde eta %42k ez du ezer entzun hari buruz edo ez du iritzirik eman.

Eusko Jaurlaritzak LOMCEren inguruan izan beharko lukeen jokabideari buruz, bi iritzi nagusi daude, horietako bakoitza herritarren %39k adierazi dutelarik: bata, dioena Legearen neurri guztiak ez aplikatzeko Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin negoziatu beharko lukeela; eta bestea, Espainiako Gobernuarekin liskarra ekarriko badio ere Jaurlaritzak Legea euskal hezkuntza sisteman ez lukeela aplikatu behar dioena. %6ren ustez aplikatu egin beharko litzateke eta %16k ez dakite edo ez dute erantzun. 

JARRERA ETA BALIO POLITIKOAK

Euskal buruzagi politiko guztien balorazioak hobetu dira. Alderdiek ez dute gainditzen.

Alderdi politikoetako batek ere ez du herritarren oniritzia jaso (5 puntutik edo gehiago 0-10 eskalan). Puntuaziorik altuena EAJk lortu du (4,3) eta ondoren EHBILDUk (3,6) eta PSE-EEk (3,1). 3 puntuen azpitik gelditu dira IU-Ezker Anitza (2,9), Ezker Batua (2,8), Equo (2,3), UPD (1,9) eta azkenik PP (1,7). EAJ, EHBILDU eta IU-Ezker Anitzaren balorazioak hobetu egin dira apiriletik eta gainerakoak berdin mantendu dira, salbu eta PP, otsailean lortutako puntuazio bera izan baitu, 1995ean bilduma hasi zenetik jasotako baxuena.

Iñigo Urkullu Lehendakaria da 5 puntutik gorako balorazioa jaso duen buruzagi politiko bakarra eta herritarren gehiengoaren aprobazioa jasotzen duen bakarra (%58). Balorazioan, ondoren datoz Laura Mintegi (4,8), Patxi López (4,1), Arantza Quiroga (3,2) eta Gorka Maneiro (2,8). Aztertutako euskal buruzagi politiko guztien balorazioak hobetu dira apirilean jasotakoekin alderatuta, Lehendakariak eta Laura Mintegik bildumako puntuaziorik altuena lortu dutelarik eta Gorka Maneirok 2010ean lortutako puntuazio gorena berdinduz.

EAEko herritarren %25 ados daude Euskal Herriaren independentziarekin, %31 egoeraren arabera ados edo kontra egongo lirateke eta %29 kontra daude. %15ek ez dute iritzirik eman.

Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 2.289 lagunek osatua da.

*OHARRA: Txosten osoa Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen webgunean eskuragarri dago:

http://www.euskadi.net/ikerketa_soziologikoak

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2013.eko azaroak 27

    Y la otra mitad mucho peor.

  • @Lokarri
    2013.eko azaroak 25

    Comentario de Twitter:
    Tan sólo el 4% piensa que la violencia y el terrorismo es el principal problema, en 2004 era el 55% http://t.co/wr58PsmMXE

  • @EmpreSEA
    2013.eko azaroak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: La mitad de la ciudadanía cree que la economía vasca se mantendrá igual en el próximo año. http://t.co/PHmRbkFsLI

Komunikabideek behera kargatzeko