Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

250 adituek "Euskal Hiria" Jardunaldietan parte hartuko dute

2013.eko azaroak 23

• «Azpiegiturak funtsezko elementua dira lurraldearen paisaian»
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburuordeak Donostiako Campuseko EHUren Carlos Santamaría zentroan egingo den Euskal Hiriaren XII. edizioa aurkeztu du
• Euskal Hiria Kongresua azaroaren 25ean eta 26an egingo dute Donostian


Paisaia, lurraldea eta azpiegiturak babesteko eta kudeatzeko beharra izango da Donostian azaroaren 25 eta 26an egingo den Euskal Hiria Kongresuaren ardatz nagusia. Euskal Hiriaren edizio honetan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailarekin elkarlanean diharduen EHUren Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedra sortu berriak parte hartuko du.

Izaskun Iriarte Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburuordearen iritzian, «XII. Euskal Hiriaren ardatza paisaia izatea oso garrantzitsua da lurralde izaerako politika publikoei dagokienez, esparru berritzailea delako eta ezagutza sakonagoa eta zabalkunde eta sentsibilizazio handiagoa behar dituelako, paisaiaren aldagaia gure politiketan txertatuko bada».

«Paisaia eta lurraldea bi osagai bereizezin dira, eta ezin da zalantzan jarri azpiegiturak paisaiaren funtsezko elementu bat direla. Euskal Hiriaren edizio honetan, kai-azpiegiturak hartuko ditugu hizpide, hiriaren eta portuaren arteko harremana hain zuzen ere; Pasaiako badiaren biziberritzea, kasu honetan», aurreratu du Iriartek.

Konpromisoa
Lurralde Politikako sailburuordearen arabera, «Eusko Jaurlaritzak paisaiaren politika bultzatzeko konpromisoa hartu du, Europako Kontseiluaren Paisaiari buruzko Europako Hitzarmenera atxikita dagoenez. Hitzarmen honen helburua paisaien babesa, kudeaketa eta ordenamendua bultzatzea da, hala nola Europa mailako lankidetza antolatzea», lurraldearen eta hirigintzako ordenamenduan txertatutako paisaiaren gaineko politika publikoen bidez. Hain juxtu, atxiki izanaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila paisaiaren babesari, kudeaketari eta ordenamenduari buruzko dekretu bat prestatzen ari da, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde ordenamenduaren esparruan.

Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak inauguratuko du XII. Euskal Hiria. Kongresua hasteko, Paisaiaren irismena eta garrantzia lurralde izaerako politika publikoetan izango dute hizpide. Ondoren, gai horri lotuta EAEn nahiz Europan egin diren esku-hartzeak ezagutaraziko dira. Bigarren egunean, kai-azpiegiturak lurraldean txertatuta dauden moduaz jardungo dira, Pasaiako badiari erreparatuta. Mahai-inguru batean aztertuko dute kasua, Elena Lete Lurralde Plangintzako zuzendariaren, Izaskun Iriarte Irureta sailburuordearen, Iñaki Errazkin Ingurumeneko Gipuzkoako foru diputatuaren, Amaia Agirregabiria Pasaiako alkatearen, Ricardo Peña Pasaiako Portu Agintaritzako presidentearen eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Industria, Merkataritza eta Itsasketa Ganberako presidentearen parte hartzearekin, gaiari lotutako eragile nagusiak direnez.

Paisaia
Paisaia lurralde-berrikuntzan hitzaldian parte hartuko du Izaskun Iriartek. Paisaia Unescon hitzaldia, aldiz, Unescoren ordezkari Marie-Noël Tournouxek gidatuko du. Jardunaldietako puntu garrantzitsuenetako bat Paisaia Florentziako hitzarmenean. Paisaiaren gaineko gogoeta, lurralde-ordenamenduan oinarrituta hitzaldia izango da. Florencio Zoido Naranjo, Sevillako Unibertsitateko Geografiako katedraduna eta Paisaiaren eta Lurraldearen gaineko Ikerketa Zentroaren zuzendaria, arduratuko da aurkezpenaz. Elena Letek koordinatuko du Paisaia Euskal Hirian izeneko saila eta Jesús Mª Erquicia Olaciregui Eusko Jaurlaritzako Lurralde-ordenamendua eta plangintzako buruak, Agustín Azkarate EHUko katedradunak eta Lurraldea, Paisaia eta Ondarea katedraren zuzendariak, Rafael Mata Olmo Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Eskualde-mailako Azterketa Geografikoko katedradunak, Domingo Gómez Orea MELISSA aholkularitzako erredaktore taldeko zuzendariak eta Juan Carlos Valerio Martínez de Muniain IDOMeko erredaktore-taldeko zuzendariak parte hartuko dute.

Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioko zuzendariak koordinatuko du Azpiegiturei eta Garraioari buruzko solasaldia. Eugenio Ruiz Urrestarazu EHUko Eskualde-mailako Azterketa Geografikoko katedradunak, Walter de Vries Rotterdameko hirigileak (bertako portua adibidetzat aurkeztuta) eta Inmaculada Ugarteche UNIPORT BILBAOko zuzendari nagusiak parte hartuko dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)