Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskararen Nazioarteko Egunerako kanpaina, #mundiala

2013.eko azaroak 22

  • Euskara mundiala dela erakutsi nahi du abenduaren 3rako Jaurlaritzak prestatu duen kanpainak
  • Hizkuntza erabiltzearen garrantzian egiten du azpimarra, eremu ez formaletan batez ere
  • www.mundiala.net atariak #mundial hashtag-arekin txio bat bidaltzeko gonbita luzatzen du

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen dela-eta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak egun horretarako prestaturiko kanpaina aurkeztu du gaur eguerdian, Donostian egin den ekitaldian. EiTBrekin lankidetzan burutu den kanpaina, euskara mundiala dela erakustera dator aurten, eta etorkizunerako erronka erabileran dagoela azpimarratu nahi du. Sare sozialak erabiltzeko gonbidapena eginez, euskara mundiala dela ez ezik, munduan dagoela ere azalduko du kanpainak. #mundiala da aurtengo leloa.

Euskara hizkuntza modernoa, erabilgarria, bizia, gaztea, noranahikoa, geurea… baina batez ere mundiala dela erakutsiko du aurten abenduaren 3rako prestatu den kanpainak. Mundiala, geure hizkuntza delako batetik; eta bestetik, mundu zabalean dituen milioi bat hiztunei hitza eman nahi dielako (800.000 inguru Euskal Herrian, 200.000 munduan) Hiztun horiengan erabileraren aldeko sentsibilizazio lana ere egin nahi du kanpainak, hizkuntzaren erabileran baitu euskarak etorkizuneko erronka nagusia.

Euskara esparru ez ofizialetan ere erabiltzeko modukoa dela agerian utzi nahi du #mundiala kanpainak (sare sozialetan edo lagun arteko giroan, kasu), eta gaur egungo komunikazio tresnetara egokitzeko gai dela ere bai. Sare sozialen loraldia baliatuta, mundu zabaleko euskal hiztunak konektatuko dituen sarea osatuko du. Eta horretarako jaio beren beregi www.mundiala.net ataria, herritarrei txioak bidaltzeko gonbidapena egiten dien gunea.

Twitter-en dauden 35 hizkuntzetako bat da euskara. #mundiala kanpainarekin sare sozialetan euskararen erabilera bultzatu nahi da, eta bide batez munduan dabiltzan milioi bat euskal hiztunak, urrunekoak zein bertakoak, nondik nora dabiltzan ikusi, edo elkarrekin nola konekta daitezkeen azaldu.

www.mundiala.net

Bidaliozu txio bat munduan zehar dabilen lagunen bati. Horixe da www.mundiala.net atariak bertara sartzen den erabiltzaileari egingo dion gonbidapena. Munduko edozein bazterretan, edo auzoan bertan bizi den lagunari txio bat euskaraz bidaltzeko gonbidapena da. Bat edo nahi adina. Txioa euskaraz izatea beste baldintzarik ez dago. Bidalitako txio guztiak, eta egin duten bidaia, kanpainaren mundu mapan azalduko dira irudikatuta. Mundu zabalean bizi diren euskaldunen kokalekuak identifikaturik geldituko dira horrela mapan, mezua igorri edo jaso den lekuan argi bat piztuko baita.

Txio bat pertsona bati zuzenean bidali ordez modu irekian bidaltzen bada, norberaren jarraitzaileei iritsiko zaie. Kasu horretan ez da batere argirik piztuko, baina atariak duen kontagailuan zenbatua geldituko da txio hori. Bidalitako mezu kopurua bezalaxe, erabiltzaile kopurua, mezuek egindako kilometroak eta partaide diren herrialdeen kopurua ere erakutsiko du atariak.

EiTBren lankidetzarekin gauzatu da kanpaina, eta abenduaren 3ra arte, talde horretako hedabideetatik kanpainan parte hartzea sustatuko da. Esatari eta aurkezleek txioak bidaltzeko gonbidapena zabalduko dute, eta saioek eurek ere mezuak bidaliko dituzte. Azaroaren 20tik irekita dago www.mundiala.net ataria, eta dagoeneko hasi da euskarazko mezuen joan-etorria mundu mapan irudikatzen.

Gasteizen, 2013ko azaroaren 22an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Ormazabal