Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Visesak Gasteizko etxebizitza sustapen bat aurkeztu du Hungarian % 40ko energia murrizketa aurreikusten duena

2013.eko azaroak 22

Visesak PIME’s proiektuaren nazioarteko biltzarrean hartuko du gaur parte Szentendre-n (Hungaria), Gasteizko Udala, EEE (Energiaren Euskal Erakundea), Tecnalia eta Acciona erakundeekin batera.

Visesak Gasteizko Salburua auzoan eraikitako 176 etxebizitza sozialen sustapena aurkeztuko du Hungariako hiri horretan. Etxebizitza sustapen horrek energia eskaeraren % 40ko murrizketa aurreikusten du eraikuntzaren kode teknikoarekiko; era berean, iturri berriztagarriak barne hartzen dituen sorkuntza elektriko eta termikoko mikrosare bat ere instalatuko da. Proiektu horrekin Visesak, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren etxebizitza publikoa sustatzeko sozietateak, berrikuntzan, jasangarritasunean eta ingurumenarekiko errespetuan aurrera egiteko borondateari eusten dio.

Visesak egun abian dituen proiektuen artean daude Gasteizko Zabalgana 156 sustapenean egiturako sistema aurrefabrikatuak etxebizitza-eraikinetan inplementatzea, edota mikro-kogenerazioan oinarritutako eraginkortasun handiko sistemak txertatzea Salburua 242 eta Laudio 203 sustapenetan; gaur egun, Visesak Europako hainbat programatan hartzen du parte, I+G+b-ko 7. esparru programaren barruan. Aipatzekoa da, horien artean, Osirys proiektua, non Visesa, Tecnaliarekin batera, «ekomaterialak» (material horien % 75 lehengai natural eta berriztagarriz osatua dago) sortzeko lanean ari baita, gero eraikuntzan erabiltzeko; hala, eraikinen isolamendu akustikoa eta termikoa hobetu nahi da, hezetasunetik eratorritako gaixotasunak gutxitzeko eta osasunerako kaltegarri diren gai kimikoak ekiditeko.

Gainera, duela gutxi amaitu den Open House proiektuan garatutako erremintari esker posible da eraikin baten jasangarritasuna neurtzea ingurumenaren ikuspegitik, izan ere, beste tresna batzuetan ez bezala, gizarte eta ekonomia ebaluazioa ere sartzen baititu, eraikinaren bizi-ziklo osoa kontuan hartuta. Webeko tresna hau sarbide librekoa eta erabilpen errazekoa izango da, eta Europar Batasun osoan izango du aplikazioa.

PIME’s Concerto proiektua lau herrialdetako 14 bazkidek osatzen dute, eta Gasteizen, Dale-n (Norvegia) eta Szentendre-n (Hungaria) ditu jarduerak. Hiru proiektuen lankidetzako ardatz nagusiak honako hauek dira: eguzki-energia termikoaren urtaroko biltegiratzea, energia-kudeaketa adimentsuaren aplikazioa mikrosareen bitartez, eta ESCO’s eredu berrien garapena, bizilagunak tartean sartuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)