Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktima diren ia bost mila emakume babesten ditu

2013.eko azaroak 23

Biktima bakoitzaren beharretara egokitutako neurri zehatzekin

Ertzaintzak 4.746 emakume (575 Araban, 2.537 Bizkaian eta 1.634 Gipuzkoan) babesten ditu, hainbat mailatan, aurtengo azaroaren 5era bitartean, genero-indarkeriako edo etxeko indarkeriako egoerei aurre egiteko. Zifra hori aldatu egiten da, eta urteetan zehar gora egin du. Babes-neurriak askotarikoak izan daitezke, arriskuaren eta biktima bakoitzaren inguruabar zehatzen arabera; norbera babesteko neurriei buruzko prestakuntza ematea edo biktimarentzako segurtasun-sistema bat, hots, bizkartzain bat, jartzea dira neurrietako bi. Ertzaintzak herritarren segurtasunerako unitate guztiak hartzen dituen egitura batean oinarritzen den lan-sistema landu bat du biktimak babesteko, eta egin dituen ekimenen artean arriskuak ebaluatzeko sistema nabarmentzen da. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera garatu da, eta aitzindaria da Europar Batasunean.

2002az geroztik, Ertzaintzak emakumeen kontrako tratu txarrak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko jarduera-prozedura arautuak ditu. Harrezkero, Segurtasun Sailburuordetzaren zazpi barne-instrukzio baliatu dira jarduera-protokoloa berrantolatzeko eta arazo honi errotik heltzeko berariazko tresna bat sortzeko. Oro har, Ertzaintzak biktima guzti-guztien segurtasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak jarri nahi ditu, erasotzaile izan daitezkeenetatik babesteko, batik bat a priori, ez bakarrik erasoaren ondoren.

Nabarmendu behar da Ertzaintzak ez duela bereizketarik egiten genero-indarkeriaren eta etxeko tratu txarren artean. Berdin-berdin tratatzen ditu bi biktima taldeak, biktima bakoitzari lotutako arrisku mailaren arabera.

Babes-lana egiteko, Ertzaintzak antolamendu osoari zabaltzen dio erantzukizuna; hau da, «unitate bereziak» sortu ordez, profesional bakoitzaren beharra duen sistema baliatzen du, jarduera-arauen, fase bakoitzeko erantzukizunen eta prozedura estandarizatuen bidez. Hori horrela izanik, premiazko lehen arretan eta prebentzioko oinarrizko lanetan, herritarren segurtasunerako zerbitzu arruntak aritzen dira. Aldiz, bigarren fase batean, etengabeko arreta pertsonalizatuan, arriskuen balorazioaren berrespenean eta ondoriozko babes-neurrietan ertzain-etxe guztietako berariazko organoak aritzen dira. Izan litezkeen arriskuak etengabe baloratzen dira.

EI/GI espedientea

Ertzaintzak biktima izan daitekeen pertsona bat antzematen duen bakoitzean, informatikoki erregistratzen du, etxeko indarkeriako edo genero-indarkeriako espediente batean. Une horretatik aurrera, biktimari babes aktiboa ematen dio, lotutako arrisku maila gorabehera eta epaileak kasua ebatzi duen edo ez gorabehera.

EI/GI espediente bakoitzak kasu baten historiala jasotzen du kronologikoki, familia-nukleoka antolatuta. Ertzaintzak gertakariren baten berri izan bezain pronto irekitzen du espedientea. Une horretan bertan hasten dira, halaber, babes-lanak, biktimari lotutako arrisku maila gorabehera; izan ere, beti dago arriskurik, oinarrizkoa bada ere. Espedientea irekita egongo da harik eta berau ixteko betekizunak betetzen diren arte –zazpi barne-instrukzioetako batean jasotakoaren arabera–, epailearen ebazpena gorabehera.

Espediente bakoitzari instruktore-talde bat esleitzen zaio. Talde bakoitzean instruktore bat eta idazkari bat egongo dira, ertzain-etxe bakoitzean EI/GI kasuak jarraitu eta tratatzeaz arduratzen diren agenteen taldekoak. Espedientean, hainbat bidetatik (elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak, beste aplikazio informatiko batzuetako datuak, eta abar) hartutako informazio guztia jasotzen da.

Hasteko, biktima bakoitzak izan dezakeen arriskuaren lehen balorazio bat egiten da. Balorazio bat baino gehiago egiten da. Gainera, baloraziook dinamikoak dira eta agente batek baino gehiagok gainbegiratzen ditu; izan ere, baliteke lotutako arrisku maila aldatzea, informazio berrien arabera.

Arriskua ebaluatzea

Biktimei babes eraginkorragoa eskaintzeko, Ertzaintzak laguntza eskatu zion Euskal Herriko Unibertsitateari 2006an, hain zuzen ere, arrisku-adierazleak zehazteko tresna tekniko bat diseinatzeko. Biktima bakoitzari lotutako arrisku maila zorroztasunez kalkulatzea zen helburua eta, hori oinarri hartuta, polizia-neurri egokienak hartzea.

Psikologia klinikoko katedradun Enrique Echeburúak eta beren lantaldeak Ertzaintzarekin batera lan egin zuten, eta 1.081 kasu aztertu zituzten. Analisi horren ondorio, 2007an, «Bikotekidearen kontrako indarkeria larriaren arriskua iragartzeko eskala» izeneko tresna sortu zuten. Ertzaintzak bere espedienteetan sartu zuen, bikote-harremanetako arrisku mailak kalkulatzeko erabilgarritasun praktikoko tresna erraz gisa.

Eskalan 20 item daude –indarkeria larria bereizteko gaitasun handiena dutenak–, eta honako hauei egiten diete erreferentzia: erasotzaile izan daitekeenaren profila, biktimaren zaurgarritasuna, bikote-harremanaren egoera eta izan daitekeen indarkeria mota.

Azken urte hauetan, EHUrekin lanean jarraitu da lanean, tresna honen iragarpen-gaitasuna hobetzeko. Hala, 2013ko maiatzeko azken berrikuspenaren ondoren, arriskuak iragartzeko eskalaren beste bertsio bat ezarri da. 20 item berak ditu, baina aldaketaren bat du iraupenari dagokionez.

Arriskua baloratzeko tresna fidagarria denez, beste erakunde publiko batzuek ere baliatu dute organo judizialei ematen dizkieten txostenak egiteko. Hala egin du, esate baterako, Lege Medikuntzako Erakundeetako Auzitegi Balorazio Integraleko Unitateei zerbitzu ematen dieten Auzitegi Medikuen Kidegoak.

Arrisku mailak

Balorazioa egin ondoren, arrisku maila bat esleitzen zaio biktimaren egoerari. Une honetan, Ertzaintzak lau maila ditu biktimak indarkeriako gertakariak berriro pairatzeko duen probabilitatea neurtzeko. Hauek dira:

Oinarrizkoa: Probabilitate txikia.

Hala-holakoa: Probabilitateren bat.

Handia: Probabilitate handia.

Berezia: Oso probabilitate handia.

Kasu bakoitzaren arriskua behin baino gehiagotan baloratzen denez, beharrezko babes-neurriak uneko inguruabarretara egokitu daitezke, modu dinamikoan.

Babes-neurriak

Hona hemen gutxieneko eta nahitaezko poliziaren babes-neurriak, arrisku mailaren arabera:

Biktima guztientzako:

Norbera babesteko neurriei buruzko prestakuntza. Biktimak, bere espedienteari esleitutako ertzainarekin batera, babesari buruzko aholku praktikoak jasotzen dituen bideo bat ikusten du. Bideoa modu aktiboan eta parte hartuz ikusten da, norbera babesteko neurriak barneratzeko eta errepasatzeko. Hori osatzeko, neurri horiek laburbiltzen dituen liburuxka bat ematen zaio.

Ausazko egiaztapenak telefonoz. Agenteek gertuko harremana dute biktimarekin, eta bere kasuarekin lotutako edozer gertakari berri izan den galdetzen diote.

Baliabide teknologikoak. Bortxa telefonoa (Ertzaintzak finantzatzen eta eskaintzen duen zerbitzu bat) eskaintzen zaio biktimari. Telefono mugikor horrek lotura zuzen bat dauka. Biktimak, larrialdi-kasuan, tekla bat zanpatzen du eta honako unitate eta zerbitzu hauekin jartzen da harremanetan:

- Ertzaintzaren larrialdi-zentroa.

- Biktimaren egoitza-mugapeko unitatea, bere kasuaren jarraipena egiten duena, hain zuzen.

- 24 orduz arreta psikologikoa emateko zerbitzua.

- Alarma-aktibazioa. Sakatzerakoan, terminalaren GPS lokalizazioa aktibatzen da, eta telefono bidezko konexio zuzena ezartzen da Ertzaintzaren larrialdi-zentroarekin.

- Ertzaintzaren larrialdi-zentroak terminaleko entzutea aktiba dezake, deia galtzen bada edo biktima arrisku larrian badago.

Biktimak Bortxa telefonoa onartu eta handik gehienez ere 12 ordura balia dezake.

Arrisku mailaren arabera:

Etengabeko zaintza (bizkartzaina) eskaintzea. Biktima batek etengabeko babesa (bizkartzaina) behar duenean, kasuaz arduratzen den unitatea arduratuko da lanaz, harik eta segurtasun-enpresa bat azpikontratatu arte. Gehienez ere 72 orduko epean egiten da kontratazioa.

Jarraipena bitarteko telematikoen bidez (eskumuturrekoa) kudeatzea eskaintzea. Erasotzaileak urruntze-agindua badu, erasotzailearentzako urruntze-neurriak kontrolatzeko bitarteko telematiko bat (eskumuturrekoa) eskatzeko aukera eskaintzen zaio biktimari.

Kontrazaintza-zerbitzua aktibatzea. Biktimak bizkartzainik edo eskumuturrekorik nahi ez duenean eta arriskua berezia denean ezartzen da, edo erasotzaileak urruntze-neurriak betetzen ez dituen susmoa dagoenean.

Biktima epaitegira laguntzea lehen agerraldian. Babes handiagoa emateko eta izapide judizialak errazteko.

Errutinen eta inguruaren zaintza. Biktimaren errutinak gainbegiratzen dira, erasotzaileak berriro eraso egingo ez diola egiaztatzeko, eta erasotzailea epaileak mugatutako inguruetan egon ote daitekeen kontrolatzen da.

Gainera, aukerako beste neurri batzuk ezartzen dira; besteak beste, biktimari ausazko bisitak egitea, biktima tokietara laguntzea eta babeseko, zaintzako eta erasotzailearen jarraipeneko aldizkako operatiboak.

Beste arlo batean, zerbitzu horiek osatzeko, Ertzaintzak akordioak ditu gizarte-laguntzako zerbitzuekin, biktimen seme-alabak hartu eta babesteko, biktimek ezin dituztenean artatu.

Zerbitzuaren kalitatea kontrolatzea

2005az geroztik, kanpoko erakundeek Ertzaintzak genero-indarkeriaren arloan egiten duen lana aztertzen dute, biktimei ematen dien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzeko.

Hala, AENOR-ek lan sistema ikuskatu zuen 2008an, eta bi alderi nabarmendu zituen. Batetik, ezarritako kudeaketa-sistema zorrotz betetzen dela, eta, bestetik, kalitate-prozedurak arautzen dituen UNE-EN 9001-2000 araura egokitu dela.

Kanpoko kontrolez gain, Ertzaintzak biktimei berei kontsultatzen die etengabe, galdetegien bitartez, eta jasotako arreta bikaina dela helarazi diote orain arte.

Lankidetza beste erakunde eta polizia-kidego batzuekin

Azken urteetan, Ertzaintzak lankidetza protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta lankidetza egonkorra du beste polizia-kidego batzuekin informazioa trukatzeko. Lankidetza hori funtsezkoa da batik bat beren bizitokia behin-behinean edo behin betiko lurralde batetik bestera aldatzen duten biktimen kasuetan.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2014.eko abuztuak 17

    La Ertzaintza y las demás policías de Euskadi dan protección a mujeres amenazadas por hombres, pero también a hombres amenazados por mujeres, a hombres amenazados por sus parejas masculinas y a mujeres amenazadas por sus parejas femeninas, etc., con lo cual esta noticia debería ser modificada dado que es inexacta y de visión parcial, no reflejando la realidad social en la cual vivimos.

  • 2013.eko azaroak 27

    Hartutako neurri guztiak ondo daude, baina beti izango dira gutxi, eta begi bistan ditugu urtean zehar hildako emakumeen kopurua goruntz doiala. Beti aurkitzen ditugu arrazoiak, azken urteetakoa krisia da.
    Guztion mentalidadea apurka-apurka badoa aldatzen baina badaude hartutako neurrietako batzuek niri behintzet zer pentsa ematen didatena: ETAren jarduna amaitu denean eskoltak "libre" geratu dira eta hauetako batzuei enplegua emateko emakumeak eskoltatzen jarri dituzte. Batetik, begibistan da emakumeak 2. edo 3. mailako biktimak izan eta direla. Zergatik orain bai eta lehenago ez? eta bestalde, zergaitik emakumeak eraman behar du eskolata? Urteetan zehar eskolta eraman duten zenbait politikariei beti entzun izan diet libertade faltarekin ibili direla. Nola sentitzen dire emakumeak orain? alde batetik tratu txarren karga eramanezina eta bestalde eskoltarena. Tratu txarrak ematen dituenak beharko luke bere atzean itzala, nik argi daukat horrela askoz ere zailago izango dutela biktimarengana hurreratzea.

    Atzerapausu bat ere ez.

Komunikabideek behera kargatzeko