Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskararentzat Europan lekua eskatu du Patxi Baztarrikak Estrasburgon

2013.eko azaroak 21

Europako Parlamentuaren hizkuntza gutxituei buruzko talde-artekoan hitz egin du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak

Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Europako Parlamentuaren hizkuntza gutxituei buruzko talde-artekoan parte hartu du gaur goizez, Estrasburgon. Parlamentuaren osoko bileraren baitan egin den talde-artekoan, euskararen biziraupenerako nahiz hizkuntza biziberritzeko Jaurlaritza burutzen ari den ekimenen berri izan dute Eurodiputatuek. Sailburuordearekin batera izan dira, Andres Urrutia Euskaltzainburua, Xabier Epalza, Euskara Kultur Elkargoaren presidentea Nafarroatik ordezkari, eta Allende Boutin, Euskararen Aholku Batzordeko kidea Iparraldetik.

Euskararen azken 30-50 urteotako hazkundearen kronika egin du Baztarrikak Estrasburgoko Parlamentuko agerraldian, baina zehaztu duenez, aldi berean “lurraldeka eta eremu funtzionalei dagokienez desberdina izan den garapen baten kronika da”. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak euskarak bere hiru eremu juridiko-administratiboetan izan duen bilakaera sozial desberdinen konparaketa egin du. Hiru eremu horietako bakoitzean –Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean- garatu diren legedia eta hizkuntza politikak alderatu ditu.

Hazkunde horren neurriari eta nolakotasunari begiratuta, euskararena kasu paradigmatikoa dela azaldu du. “Alde batetik, erakusten duelako hizkuntza minorizatu bat biziberritzea ez dela kimera, helburu egingarria baizik; bestetik, EAEn, Nafarroan eta Iparraldean izandako bilakaera guztiz ezberdinen arabera, erakusten duelako hizkuntza biziberritzeko zein faktore diren erabakigarriak, hots, lege estatus egokia, hizkuntza politika eragingarria eta herritarren atxikimendua edo gizartearen bultzada”. Hizkuntzaren biziberritze prozesu egokirako, hiru faktore horietan aldi berean eragiteak duen garrantzia azpimarratu du Baztarrikak.

Euskararen erronkak
Biziberritze horren gako nagusietako bat kontsentsu sozial eta politiko zabala izan dela gehitu du Patxi Baztarrikak, eta ondoren euskararen erronkez ere aritu da. “Askotarikoak dira erronkak, askotarikoa baita euskararen errealitate soziala ere”. Ipar Euskal Herriaz, esan du “ erronka, argi eta garbi, biziraupenari lotua dago, azken 20 urte hauetan hizkuntzaren galera etengabea izan baita”. Joan zen irailaren 11n Europako Parlamentuak onartutako Ebazpenaren ildo beretik, “Frantziako Estatuak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsi eta aplikatzeko beharra” galdegin du Baztarrikak. “Funtsezkoa litzateke Iparraldeko euskararen etorkizunarentzat”.

Euskal Autonomia Erkidegoan aldiz, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzetan, epe labur eta ertainean, erronkak zerikusi handiagoa du hizkuntzaren bizi  indarrarekin, biziraupenarekin baino. Baztarrikak gogorarazi du euskarak gaur sekula baino hiztun gehiago duela, “baina euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka soziala betikotuko balitz, euskara hondar-hizkuntza bihurtzeko arriskuan egongo litzateke erabilerari dagokionez, eta bizi indarra galduko luke. Euskara gero eta jende gehiagoren bigarren hizkuntza da, baina arriskua dugu gero eta jende gutxiagoren lehen hizkuntza izateko”, ohartarazi du. Horrela, erronka nagusia hezkuntza sistemaren bidez jaso den hizkuntzaren ezagutza hori eguneroko erabilera bihurtzea dela azaldu du, gazteen artean batez ere.

Euskara Europan
Amaitzeko, eta bere agerraldiaren testuinguru europarrari keinu eginez, euskarak Europako hizkuntzen artean merezi duen lekua aldarrikatu du sailburuordeak. “Euskara hizkuntza europarra da, eta euskararentzat habitat egokia eraiki nahi dugu Europako hizkuntzen artean. Euskara, eta gure hizkuntza politika, elkarbizitzarako eta kohesio sozialerako faktore gisa ulertzen ditugu, gaztelaniarekiko eta gainerako hizkuntzekiko batzaile eta osagarri”. Euskara eta gainetiko “toki hizkuntzak”, ez dira “toki hizkuntza”, hizkuntza europarrak dira, hitzaldian azaldu duenez. “Europa linguistikoki aberatsa ez da Estatu hizkuntzekin soilik osatzen. Estatu hizkuntza izan gabe ere, Europako Batasuneko lurralderen batean hizkuntza ofizial diren hizkuntzentzat ere badago tokia. Nire ustez, euskarak eta egoera hori bizi duten gainerako hizkuntzek, Europako hizkuntza nagusien tratu berbera merezi dute”, esan du amaitzeko.



Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)