Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura

2013.eko azaroak 22

Lehendakariak Legebiltzarrean egindako galdera eta interpelazioei eman die erantzuna.

Galdera, Arantza Quiroga Cia Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak euskal ekonomia bizkortzeko eta konfiantza sortzeko egiten duen lanari buruz.

Lehendakariaren arabera, «konfiantza ez da egun bakarrean lortzen edo galtzen, etengabeko konpromisoa behar baitu». Hala, ekonomiak behar dituen estimulua eta konfiantza sortzeko, Jaurlaritzak hartu dituen neurrietako batzuk zerrendatu ditu: 2013rako eta 2014rako adostutako defizit- eta zor-mugak, adostutako erreforma fiskala, ekonomia suspertzea helburu duten proiektuetan 180 milioi inbertitzeko hiru foru aldundiekin sinatutako akordioa, 42.000 lanpostu bermatzeko konpromisoaz eta 65 ekimenez osatutako enplegu-plana, ETEntzako eta autonomoentzako zirkulatzailea finantzatzeko funtsa, etab. Hamaika neurri guztira.

Lehendakariak adierazi du neurrien eraginkortasuna frogatu dela. «Konfiantza eragin dugu», esan du. Urkulluk esan du ez duela «kanpaia joko», baina 2014rako aurreikuspen ekonomikoak hobeak direla, eta inbertsioa, esportazioak eta kontsumoa hazi egingo direla. «Euskadiko ekonomia atzeralditik irtengo da, hobetu egingo da», esan du lehendakariak.


Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, kartzelatik ateratako ETAko kideak publikoki omentzea eragozteko Eusko Jaurlaritzak hartu behar dituen neurriei buruz.

Lehendakariak erantzun dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak era guztietako delituak saihesteko «ikerketako, prebentzioko eta segurtasuneko mekanismo guztiak» aktibatuta dituela, eta deliturik gertatzen bada, «Ertzaintzak behar bezala jardungo» duela.  

Interpelazioa, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, polizia-gehiegikeriak sufritu zituzten pertsonak ikasgeletara joateari buruz.

Lehendakariak adierazi du, ikastetxeei dagokienez, Bake eta Bizikidetza Planaren helburua pedagogikoa dela, «indarkeriaren bidegabekeria erakustea».
Modulu horretan biktimen parte-hartzearen helburua «irakaskuntza etikoa ematea eta besteak laguntzea» dela, horretarako biktimen testigantzak erabiliz. Izan ere, Urkulluk azaldutakoaren arabera, testigantzek gorrotoari aurre egiteko eta bizikidetzaren aldeko diskurtsoa jasotzen dute.

Ikasleak dira moduluaren gunea. Lehendakariak legeak, ekarpenak eta Legebiltzarraren, Euskadiko Eskola Kontseiluaren eta hezkuntza-komunitatearen adostasuna errespetatzeko eskatu du.

«Ez dago existitzeko arrazoirik eduki duen indarkeria-adierazpenik», esan du, «biktima guztiek dute testigantzen bidez inoiz gertatu behar ez zuketen bidegabekeriak salatzeko eskubidea».
Hala, lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzaren ardatz nagusietako bat bakea eta bizikidetza direla.

Interpelazioa, Mikel Unzalu Hermosa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, ekintza humanitarioetarako laguntzei buruz.

Lehendakariaren arabera, Euskadiren garapenerako lankidetzaren helburua «egiturazko laguntza» izatea da, larrialdi zehatzetan laguntzeari utzi gabe.

Nabarmendu du Euskadiko GGKEen Koordinakundea Eusko Jaurlaritzaren iritzi berekoa dela. Laguntza «epe ertaineko eta luzeko ikuspuntuarekin» erabiltzeko irizpidea dute biek, hala, epe laburreko ekintzak eta «emozioak bultzatuta» jardutea saihesteko.

Urkulluk gogorarazi du Euskadiko erakundeek garapenerako lankidetzarekin duten konpromisoari eutsi diotela, «etorkizuneko politika publikoa» izaten jarrai dezan.


Galdera, Gloria Sánchez Martín Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Justizia eta Gizarte Ekintzarekiko jarraipen-batzordeari buruz.

Lehendakariak adierazi du gai «zaila» dela, baina tratu txarren eta indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko erakunde arteko segimendu batzordearen adostasuna lortu dela.  Urkulluren hitzetan, gaiari buruz «hausnartu, aztertu, partekatu eta erabaki da».

Hitzarmen horren bidez, zerbitzua jasotzen duten pertsonei ematen zaien zuzeneko arreta nabarmen hobetu nahi da. «Kasu guztietan, biktimei ematen zaien 24 orduko arretaren zerbitzuari eta laguntza-ildo guztiei eutsiko zaie«, azaldu du lehendakariak. «Hobetzeko akordioa da», zehaztu du, «eredugarria, lortutako gardentasunagatik, partaidetzagatik eta erakundeen eta profesionalen adostasunagatik».

Galdera, Daniel Maeztu Perez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunerako legearen inguruan.

Lehendakariak azaldu duenez, Toki Administrazioaren arrazionalizazioaren eta iraunkortasunaren gaineko legea «gure eskubide historikoetatik deribatutako instituzio- eta finantza-sistemaren berezitasunak zainduz» aplikatzea nahi du Eusko Jaurlaritzak.

Lehendakariaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren jarrera Diputatuen Kongresuko EAJren kideekin negoziatu da.  Urkulluren esanetan, talde horrekin hitzartutako zuzenketei esker, «Euskadiren ezaugarriak bermatzen dira, eta horien arabera aplikatuko da gure lurraldean».

Urkulluk esan du legeak ez dituela tokiko erakundeen eskumenak gutxituko, ez duela finantzazio-sisteman eraginik izango eta zerbitzu publikoak ez direla desagertuko.  «Ez da horrelakorik gertatuko, Eusko Jaurlaritzak Kongresuko Euskal parlamentu-taldearekin hitzartutako zuzenketei esker», esan du.


Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @aitzibersanroma
    2013.eko azaroak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @iurkullu: Preguntas e interpelaciones de los y las representantes del Parlamento vasco http://t.co/MtckVV4IuU

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)