Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

ASLEren batzarraren hasiera

2010.eko apirilak 23

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburuak aintzatespen handiagoa eskatu du gizarte ekonomiako enpresentzat

 

  • ASLEren batzarraren hasiera-ekitaldian hitz egin du Gemma Zabaletak

 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Euskadiko Lan Sozietateen Taldeko (ASLE) Batzar Nagusiaren hasiera-ekitaldian hitz egin du gaur goizen Bilbon, Euskalduna jauregian.

Gizarte-ekonomiako enpresetan ere eragina izan duen krisi ekonomikoko garai honetan, Enplegu sailburuak "baikortasun apur bat" helarazi nahi izan die batzartutakoei. Horretarako, sektore horretako euskal enpresek duten eskarmentua eta zailtasunak gainditzeko gaitasuna ekarri ditu gogora. "Ezkortasunak ez gaitu geldiaraziko; ez dugu ahaztu behar egoera ekonomiko zailenak ere aukera berrien garaiak izan daitezkeela".

Gemma Zabaletak azpimarratu du kooperatibek eta lan-sozietateek ekonomia- eta gizarte-alorrean betetzen duten zereginaren garrantzia. Azken alderdi horri dagokionez, sailburuak herritarren aintzatespen handiagoa eskatu du enpresa mota horrentzat; izan ere, "desarautzearen profetek sortutako hondamendiak konpontzea kostatzen ari zaiguna eta gero, eta beraiei laguntzeko funts publikoak erabili eta gero, orain kontraerasoan datoz, krisiaren irtenbide gisa erabateko liberazioa, merkatuen inolako kontrolik eza, kaleratze librea eta zabor-kontratuak predikatuz".

"Planto egin behar dugu zoritxar-igarle horien aurrean, eta beste enpresa eta gizarte mota bat posible eta desiragarri direla errebindikatu. Gizartearen aldetik arduratsua den enpresa bat, epe laburraren miopia gainditzen duena eta gizarte-ingurunearen interesekin guztiz bat egiten duena, gizarte zuzen eta bidezkoago baten oinarri izango da, zalantzarik gabe", azpimarratu du sailburuak, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren sostengua dutela jakinarazi die bazkideei.

Gizarte Ekonomiari ematen zaion sostengu hori gauzatzeko, Sailak aurreko urteetan kudeatu dituen laguntza-lerroak ematen jarraituko du.

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta