Berriak Osasuna
Eu

Euskadiko Osasun Sistemako pertsonalak agindutako mediku-tratamenduetara atxikitzeko bideratutako laguntzak arautzeko Dekretua. (2013-11-19(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko azaroak 19

LABURPENA

GAIXOTASUN- ETA BEHAR-EGOERA OBJEKTIBOAN DIREN HERRITAR-TALDEREN TRATAMENTU MEDIKOAK BERMATZEA XEDE DUTEN LAGUNTZAK ONARTU DITU GOBERNU BATZORDEAK

Herritarrek, anbulategietan, lurralde ordezkaritzetan edo Zuzenean arreta zerbitzuaren bidez eskatu beharko dituzte laguntzok

Behar handienak dituzten pertsonen arreta bermatu eta osasunaren arloan aldeak saihestea xede duten laguntza ekonomikoak onartu ditu gaur Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak, Jon Darpon Osasun sailburuak proposaturik. Laguntzok Iñigo Urkullu Lehendakariak berak iragarri zituen Politika Orokorrari buruzko osoko bilkuran bertan.

Helburua honoko hau da: gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan daudenez gero, behar dituzten sendagaiak beste modu batera ordaintzerik izango ez luketen zenbait herritar-talderen tratamentu medikoak bermatzea. Horretarako, medikuak agindutako tratamendu baten jarraipenaren ondorioz (aurtengo uztailaren 1az geroztik) ordaindutako kopuruak itzuliko zaizkie herritarroi; tratamendu farmakologikoak, produktu dietetikoak, gailuak eta osagarriak barne.

Laburbilduz, Euskadin ekitate-printzipioari eustea da jomuga. Hori dela-eta, Osasun Publikoko Zuzendaritza arduratuko da laguntza ekonomiko hauek erregulatuko dituen dekretua sortzeaz. Laguntzen zuzkidura handitu ahal izango da, eta herritarrek anbulategietan, lurralde ordezkaritzetan edo Zuzenean arreta zerbitzuaren bidez eskatu ahalko dituzte. Osasun Sailaren estimazioen arabera, milioi erdi lagun izan ahalko dira diru-laguntza hauen hartzaileak.

Laguntzon onuradunak, berriz, honoko hauek izan litezke:

  • Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak eta Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak.
  • Aurreko atalean aipatutako aseguratuen onuradunak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak badira.
  • Langabezia-egoera legalean dauden eta langabezia-prestaziorik eta diru sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten pertsonak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak badira.
  • Aurreko atalean aipatutako aseguratuen onuradunak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak badira.
  • Osasun Sistema Nazionaleko aseguratu edo onuradun ez izan arren, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoaren, aplikazio-arloan sartzen badira eta baliabiderik ez badituzte.

Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) gomendioetan oinarritzen dira diru-laguntza hauek. Izan ere, gobernuak osasun-ekitatearen aldeko ekimenak bultzatzera eta osasunaren arloko aldeak desagerraraztera animatzen ditu. Helburu horiek lehen mailakoak dira indarrean dagoen osasun planean, eta Osasun Saila prestatzen ari den 2013-2020 aldirako Osasun Plan berriaren bidez sendotuko dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau