Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Akordioa, azalera-eskubidean eraikita dauden babes ofizialeko hainbat etxebizitza hartzen dituen lurzorua, zuzeneko esleipenaren prozedurari jarraituz, kostu bidez besterentzea baimentzen duena. (2013-11-19(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko azaroak 19

LABURPENA

JAURLARITZAK ETXEBIZITZA BABESTUEN LURZORUA EROSTEKO URTEKO DIRU SARREREN MUGA KENDU DU

Juan María Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak EAEn azalera-eskubidean eraikitako higiezin sorta baten lurzoruaren gaineko kostubidezko besterentzea baimendu du.

2010. urteaz geroztik, laugarren aldia da Jaurlaritzak aukera hori eskaintzen duena; horrela, babes ofizialeko etxebizitzen jabeek bere etxea eraikita dagoen lurzorua erosi dezakete eta trukean etxebizitza horiek izaera iraunkorreko etxebizitza publiko gisa sailkatuko dira.

Jaurlaritzak gaur erabaki duenak EAEko 19.091 higiezini eragiten die (etxebizitzak, etxebizitzen eranskin atxikiak edo ez-atxikiak eta merkataritza lokalak). Horien guztien lurzorua 2013 amaiera eta 2014 hasiera artean jarriko da salgai. Jarraitu beharreko izapideak, balorazioa eta lurzorua besterentzea gauzatzeko epeak Enplegu eta Gizarte Politiketako hurrengo deialdian zehaztuko dira.

Aurreko eskaintzen aldean, ez da etxebizitzen titularren diru-sarreren zenbatekoa mugatuko; horrela, familia gehiagok parte hartu ahalko dute aipatutako salmenta-eragiketan. Azken deialdian, urtean 50.000 euro baino gutxiago irabazten zituzten babes ofizialeko etxebizitzen jabeek baino ezin izan zuten parte hartu. Muga hori da ezabatuko dena, hain zuzen ere.

Deialdian sartu ahalko dira aurreko faseetako higiezin guztiak, jabeek hainbat arrazoirengatik erosi ezin izan zituzten horiek hain zuzen ere. Higiezin horien artean egongo dira denborarekin deskalifikatu diren promozioak eta 2012ko bigarren seihilekotik aurrera kalifikatutakoak.

Lurzorua erostea aukera ona da babes ofizialeko etxebizitzak erosi dituzten pertsonek ez dezaten etxea gal epea amaitzean. Izan ere, eraikitakoa eroslearen jabetzakoa den arren, eraikina kokatua dagoen lurzorua izaera publikokoa da. Horrenbestez, 75 urte igaro eta gero, babes ofizialeko etxea administrazioaren esku geratuko da berriz ere, azalera eskubidea iraungi delako. Gainera, jabeek kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ez dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau