
“Sukalde lana”
Urkullu Lehendakariak "Guía Roja Michelin 2014"ren aurkezpenean izan da
Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du “sukalde lana” ezaugarri positiboei lotu dituela beti, jarraitutasuna, taldeko lana edota hurbiltasunari. Hauek denak Michelin Gidak aitortzen dituen “osagai” batzuk direla esan du. Urkulluk gogorarazi du halaber, Euskadi bere gastronomiagatik ezagutzen den herria dela eta hau familiartekoen kultura, sukaldearen afizioa eta baita “profesionalen pasio eta gainditze grinagatik” izan daitekela gehitu du. Euskal sukaldeari egiten zaion aitorpen hau Urkulluren ustez erakusleihoa da Euskadik munduan zehar duen irudia zabaltzeko.
Gaur banatu ditu Espainiako Michelin Gidak hain desiratuak diren izarrak, jatetxe onenen lan ona aitortzen dituztenak. Lehendakaria Bilboko Guggenheim museoan izan da gaur gauean bertan egin baita festa. 300 bat lagun bertaratu dira eta ez dira falta izan sukaldeko protagonistak, 30 chef izan dira, horietatik “Gida gorriko” bi eta hiru izar dituztenak ere. Hauez gain Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia, Bilboko Alkatea den Iñaki Azkuna, Bizkaiko Ahaldun Nagusi José Luis Bilbao eta ez da ekitaldira falta Michelin Gidaren mundu mailako zuzendaria, Michael Ellis.
Euskal sukaldarien artean, Martin Berasateguik Tenerifen duen "abama" jatetxeak lortutako izarra aipatu beharra dago. Sukaldari donostiarrak zazpi izar ditu guztira eta horrek ekarri du Michelin Gidak estatu espainarrean gehien goraipatu duen sukaldaria izatea.
Jatetxe bat izan da hiru izarren zerrendara gehitu dena 2014ko Michelin Gida Gorrian. Saria Madrilgo David Muñoz chef-ak hartu du DiverXO jatetxeko lanagatik. Jada hiru izar zituztenek mantendu egin dituzte: Arzak, Pedro Subijanaren “Akelarre”, Martin Berasategiren Lasarteko jatetxea, Carme Ruscalledaren “Sant Pau”, Roca anaien “El celler de Can Roca”, Quique Dacostaren jatxea eta Eneko Atxaren “Azurmendi” jatetxea. Horrela zortzi dira estatu espainarrean hiru izarrekin dauden jatetxeak.
Ebaluazio gastronomikoa
Michelin Gida 1900 urtean jaio zen gidari zein txirrindularientzat doan ematen zitzaien gidaliburu bezela. 1926an hasi zen jatetxeen ebaluazio gastronomikoa egiten mailaren arabera izarrak emonez: izar bakarra, “bere mailan, sukalde ona”; bi izar “jatetxe bikaina, merezi du joatea”; eta hiru izar edo janari aparta, bidaia egiteko arrazoiak ematen dituena”.