Berriak Segurtasuna
Eu

Euskalmetek hurrengo egunetan beste fronte hotz bat iritsiko dela iragarri du, eta euri-jasak eta elurra ekarriko dituela

2013.eko azaroak 19
Egoerak aste osoan iraungo du

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri du hurrengo egunetan beste fronte hotz bat iritsiko dela EAEra, eta euri-jasak, elurra eta hotza ekarriko dituela.

Euskalmeten arabera, frontearen eraginak gaur arratsaldetik aurrera nabarituko dira. Prezipitazioak ugariak izango dira lurralde osoan, eta tenperaturek behera egingo dute.

Gainera, elur-maila 1.000 metrotik 600-700 metrora jaitsiko da eguneko azken orduetan. Bestalde, iparraldeko haize-bolada gogorrak izango dira, batez ere, kostaldean.

Bihar, hilak 20, prezipitazioak ugariagoak izango eguerdira arte, eta ordu horietan, baliteke elur-maila 500-600 metrotaraino jaistea. Gainera, baliteke ekaitzen eremuetan eta ekialdean, 400 metrotik aurrera lurra zuritzea zenbait momentutan.

Egunaren amaieran, elur-maila 800-1.000 metrotan kokatuko da.

Alerta laranja eurite etengabeengatik ostegunean, hilak 21

Dena den, prezipitazio ugarienak ostegunean, hilak 21, izango dira. Izan ere, depresio bat gerturatuko da Kantauri itsasora, eta horrek aire-masa heze bati iristen lagunduko dio. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eurite iraunkorrengatik alerta laranja aktibatuko du Bizkaian eta Gipuzkoan, 00:00etatik 24:00etara.

Euskalmeten iritziz, prezipitazioak ugariak eta etengabeak izango dira, batez ere, kostaldean, toki askotan 24 ordutan 60 l/m2 ere bilduko baitira.

Ostegunean, elur-maila 900-1.000 metrotan kokatuko da eta, arratsaldean, 700-800 metrotara jaitsiko da; beraz, maila ertain-altuetan metatutako elur kantitatea nabarmena izango da.

Bestalde, haizeak gogor joko du, hasieran mendebaldetik eta ondoren iparraldetik eta ipar-ekialdetik. Bolarik bortitzenak kostaldean izango dira, eta baliteke olatuak 3,5 metrotik gorakoak ere izatea.

Ostiralean, elur-maila gehiago jaitsiko da. Ziurrenik 500-600 metro artean kokatuko da, eta baliteke eguneko zenbait momentutan gehiago jaistea. Asteburuari dagokionez, ziurrenik giro hotza eta nahiko lehorra izango da.

Aste honetako gehieneko tenperaturak 5 ºC eta 10 ºC artekoak izango dira kostalde inguruetan eta 5 ºC ingurukoak barnealdean. Gutxieneko tenperaturak, ordea, 0 ºC ingurukoak izango dira barnealdean, batez ere, mendi inguruetan.

Horrenbestez, astea korapilatsua izango da alderdi meteorologikoari dagokionez. Prezipitazioak nabarmenak izango dira, bereziki, Kantauri isurialdean eta, barnealdean, elurteak izango dira maila nahiko txikietan.

 

Oharra: Iragarpenen eguneraketak eta abisuak Euskalmeten web orriaren bidez (http://www.euskalmet.net) eta kasu hauetan, batez ere, Twitter bidez (@Euskalmet) jarraitzea gomendatzen da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau