Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik Euskadiko lurralde-politika aurkeztu dio Conceição da Silva ministroari

2013.eko azaroak 19

• Angolako Hirigintza eta Etxebizitza ministroak Euskadiko hainbat azpiegitura ezagutu ditu

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-politikaren gakoak aurkeztu dizkio gaur goizean Angolako Hirigintza eta Etxebizitza ministro José Antonio Conceição da Silvari. Ministroa Euskadin da egun hauetan, IDOM enpresa Angolan egiten ari den auzoen birkualifikazio- eta saneamendu-programa dela-eta.

Oregirekin eta Conceiçãorekin batera parte hartu dute topaketan ministroaren kabineteko zuzendari Elizabeth Dos Santosek eta Administrazio eta Lurralde Plangintzako sailburuorde Izaskun Iriartek, zeinak, bisitaren alderdi teknikoez gain, Angolako ingurumenarekin eta gizartearekin loturiko beste gai batzuenganako interesa erakutsi duten.

Euskadiko enpresa Angolako UTG SLrekin Angolan garatzen ari den helburuen barruan nabarmentzekoa da guztira 2.800 hektarea eta 1.200.000 biztanle biltzen dituzten Luandako hamaika auzoren azterketa. Da Silva ministroak interes handia du Gasteizko eta Bilboko hiri-berriztapeneko ekimenetan.

Oregik, bestalde, Euskadik Angolan izateko duen interesa helarazi dio herrialde horretako ministroari; horretarako, Euskadiko enpresek etorkizuneko lizitazioetatik sorturiko proiektuetan parte hartzea da helburua. Gaur, egun osoz, eta bihar hiri-garraioko hainbat gune bisitatuko ditu ministroak, eta beste erakunde-ordezkari batzuekin bilduko da. Conceição da Silva 2012an izendatu zuen ministro José Eduardo dos Santos presidentearen (alderdi laborista) gobernuak. Prestakuntzaz obra zibiletako ingeniaria da eta Porto hirian egin zituen ikasketak.

Euskadiren eta Angolaren arteko merkataritza-harremanak

Angolako ekonomia 20 milioi biztanleko merkatu potentziala da; horietatik % 59,4 hiriguneetan biltzen dira. Dena dela, horietatik oso gutxik dituzte Europakoon antzeko errentak (1-2 milioi biztanle inguru). Angolak petrolioa, uranioa eta diamanteak esportatzen ditu, batik bat. Gainerako produktuak, oro har, inportatu egin behar izaten ditu. Petrolioak osatzen du herrialdearen diru-sarreren zati handi bat, esportazioen bidez, baita BPGaren zati handi bat ere; horregatik, petrolioa bera da herrialdea egun garatzen ari den birgaitze- eta garapen-proiektuen finantzazio-iturri nagusia.

Nazioarteko Diru Funtsaren hazkunde-aurreikuspenen arabera, datozen urteetan % 5etik gora haziko da. Herrialdeak badaki petrolio-sektorearekiko mendetasun handia duela, eta gobernua ekonomia dibertsifikatzen saiatzen ari da. Horretaz gain, ekonomia gero eta indartsuagoa duen herrialde bat denez, eta 25 urte luze (1975-2002) iraun duen gerra zibila igaro ostean, garapen-premia handiak ditu arlo eta sektore guztietan.

Eraikuntzaren sektorerako aurreikuspenak 1 milioi etxebizitzakoak dira datozen urteetarako. Angolak 1 t zementu baino ez du ekoizten urtean, eta material horren kontsumo-aurreikuspenak, aldiz, urteko 12 milioi tonakoak dira.

Herrialdeak interes handia du, halaber, energia berriztagarriko iturriak sustatzeko; izan ere, petrolio-iturriek beste 15-20 urte baino ez dute iraungo. Planteaturiko iturri alternatiboak biomasa eta haize-indarra dira, batik bat.

Gerra zibilaren ostean, herrialdeak landu gabeko milaka lur-hektarea emankor ditu. Lehenengo sektorean, beraz, aukera ugari egongo da kontserba-industrientzat, paketegintzarentzat, gehigarrien industriarentzat eta abarrentzat.

Herrialdeak urte ugari daramatza azpiegituratan inbertitzen, eta sektore horretan oso sartuta daude enpresa txinatarrak (horren erakusgarri da Luandako aireportu berria, aurreikuspenen arabera 2014rako prest izango dena). 2004an Txinako Eximbank bankuak 2.000 milioi dolar mailegatu zizkion herrialdeari, bertako petrolioa abal gisa hartuta.


Errankina
Euskadik esportatzen duen herrialde guztiak aintzat hartuta, Angola 59. lekuan zegoen 2008an, 41.ean 2009an eta 38.ean 2010ean. 2011n behera egin zuen eta 76. lekuan kokatu zen; 2012an 56. postura igo zen berriz. Dena dela, Afrikako kontinentea aintzat hartuta, eta horren barruan, Saharaz hegoaldeko herrialdeak, Angola euskal esportazioen helmuga nagusietako bat da; aurretik, Hegoafrika, Maurizio eta Seychelle uharteak baino ez ditu, ordena horretan eta 2012ko datuen arabera.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)