Berriak Osasuna
Eu

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea gaixotasun autoimmuneen arloan erreferentzia-zentro izendatu dute

2013.eko azaroak 19

Barne Medikuntzako Espainiako Sozietateak (SEMI) aintzatespen gorena eman dio Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzuko Gaixotasun Autoimmuneen Unitateari, BioCruces Ikerkuntza Institutuan integratuta dagoenari. 

  • Espainiako eta atzerriko hainbat ospitaletako 120 barneko mediku egoiliar baino gehiagok bukatu dute gaixotasun autoimmune sistemikoetako (GAS) prestakuntza Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzuko Gaixotasun Autoimmuneen Unitatean.
  • Gaixotasun autoimmune sistemikoak unitate espezializatuetan osotasunean tratatzeari esker, pazienteen pronostikoa hobetzen, tratamenduei loturiko morbilitatea minimizatzen eta baliabideen erabilera arrazionalizatzen da.
  • Zenbait gaixotasunek, hala nola, lupus eritematoso sistemikoak, sindrome antifosfolipikoak, esklerodermiak eta baskulitiak, halakoak jasaten dituzten pazienteen bizitza baldintzatzen dute, eta eragin handia dute osasun-sistemetan.

Bilbo, 2013ko azaroa.- Barne Medikuntzako Espainiako Sozietateak (SEMI) aintzatespen gorena (IIIB maila, Trebakuntza Aurreratuko Unitatea) eman dio Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzuko Gaixotasun Autoimmuneen Unitateari. Estatu osoko beste sei unitatek baino ez dute lortu aintzatespen hori: Granadako bik, Bartzelonako beste bik, Madrilgo batek eta Vigoko beste batek. Gaixotasun Autoimmuneen Ikerketarako Taldea BioCruces Ikerkuntza Institutuan integratuta dago. Ikerketa-lan garrantzitsua ere egiten du, batez ere lupus eritematoso sistemikoaren eta sindrome antifosfolipidoaren eremua ardatz duena.

Profilak -asistentzia, irakaskuntza eta ikerketa- identifikatzeko eta ziurtatzeko asmoz, SEMI sozietateak Espainiako Barne Medikuntzako zerbitzuetan integratutako GASen askotariko unitateen lana aintzatetsi du berriki. SEMIk unitate horiek ziurtatzeko prozesua abiarazi du, eta prozesu horrek oinarri ditu sozietate zientifiko horrek ezarri eta adostutako zenbait irizpide eta parametro objektibo. Prozesu hori abiaraztearen bitartez, lau maila zehaztu dira; hona hemen, maila txikienetik handienera: IA, IB, II, IIIA eta IIIB.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneen Unitateak ibilbide luzea du eginda GASen arloan, eta Barne Medikuntza Zerbitzuko atal espezifiko egin zuten 2010ean. Halako ezaugarriak dituen unitate espezifiko bakarra da Osakidetzan, eta arduraldi osoan diharduten lau sendagilek eta erizain batek osatzen dute. Lankidetzan aritzen dira, gainera, Nefrologia, Obstetrizia, Oftalmologia, Dermatologia eta Psikiatria zerbitzuetako hainbat espezialista, bai eta Barne Medikuntza Zerbitzua bera ere. Besteak beste, horrexegatik, Espainiako eta atzerriko hainbat ospitaletako 120 barneko mediku egoiliar (BAME) baino gehiagok unitate horretan osatu dute GASetako prestakuntza.

Gaixotasun autoimmune sistemikoen ezaugarriak dira, besteak beste, organo anitzetan eragiten dutela, klinikoki konplexuak direla, kronikoak direla eta, maiz, gazteengan dutela eragina; eta emakumezkoengan gehiago, gizonezkoengan baino. Zenbait gaixotasunek, hala nola, lupus eritematoso sistemikoak, sindrome antifosfolipikoak, esklerodermiak eta baskulitiak, izugarri baldintza dezakete halakoak jasaten dituzten pazienteen bizitza, eta eragin handia dute osasun-sistemetan.

Gaixotasun horiek unitate espezializatuetan osotasunean tratatzeari esker, pazienteen pronostikoa hobetzen, tratamenduei loturiko morbilitatea minimizatzen eta baliabideen erabilera arrazionalizatzen da.

Sjögrenen sindromea eta hanturazko miopatiak dira beste gaixotasun autoimmune sistemiko batzuk, pare bat aipatzearren. Prebalentziari buruzko azterlan gutxi dago, eta zifra aldakorrak erakutsi dituzte (1 paziente 100 pertsonako, adibidez, Sjögrenen sindromearen kasuan; eta 1 paziente 100.000 pertsonako, baskuliti batzuetan).

Argibide gehiago, hemen:

Docor Comunicación: 94 423 48 25

Marcelo Curto: 661 414 696

info@docorcomunicacion.com

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea

Prentsa Kabinetea

Tel.: 94 600 64 28

gabinete.comunicacion.cruces@osakidetza.net

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @iurkullu
    2013.eko azaroak 19

    Comentario de Twitter:
    El Hospital Universitario Cruces se acredita como centro de referencia internacional en enfermedades autoinmunes http://t.co/gWZhBqeQTd