Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak Inbiomedek aurrera jarraitzeko proposamen bat helarazi du

2013.eko azaroak 18

Eusko Jaurlaritzak Inbiomedi irtenbide bat emateko urratsak egin ditu, bere patroiek (Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxabank) ez bezala.

Eusko Jaurlaritzak idatzizko proposamen bat helarazi du, gaur goizean. Hain zuzen, 2013rako 400.000 euroko aparteko laguntza zehatz bat eta 2014rako 350.000koa emateko konpromisoa hartu du, baldintza batzuk betetzen baditu.

Besteak beste, patroiek eskatzen ez diotena eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Inbiomedeko zuzendaritzari; alegia, berregituraketa bat egiteko eta espezializazio-lerroak lehenesteko.

Era berean, helburu batzuk lortzea eta patroiak beraiek (GFA eta Kutxabank) gehiago inplikatzea jarri ditu laguntza emateko baldintza gisa. Zehazki, hauxe eskatu du:

· patroiek 2014rako ekarpen bat egitea, gutxienez Eusko Jaurlaritzak egingo duen ekarpena halako hirukoa;

· bideragarritasun plan bat eginda, zentroa berregituratzea;

· ikerketa-taldeen finantza aldetik iraunkorrak diren aztertzea, eta bideragarriak ez diren taldeak ixteko konpromisoa hartzea;

Nolanahi ere, konpromiso horiek gauzatzeko gehienez ere hiru hilabeteko epea dago, Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena onartzen denetik hasita.

Proposamenaren idazkian, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du erakunde honek I+G laguntza deialdi guztiei eutsi diela, eta gainerako teknologia-zentroek bezala, Inbiomedek ere laguntza horiek eskatzeko aukera izan duela. Beraz, INBIOMED fundazioko patroiak dira zentroaren egoeraren erantzule bakarrak, zentroaren 2013rako aurrekontua onartu zutenean hartu zituzten finantza-konpromisoak ez betetzeagatik.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak onartezina dela uste du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Martin Garitanok Jaurlaritzari Inbiomed fundazioaren etorkizunaren arriskua leporatu izana. Erantzukizunez joka dezan eskatu du jaurlaritzak eta gainontzeko patronatuetan kide den horietan bere konpromisoa bete ditzala eskatzen dio, adibidez CIC Tourgune kasuan.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 18a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau