Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen helburuak eta lan egitasmoa aurkeztu ditu

2010.eko apirilak 23

Datuak aztertzeko eta zabaltzeko data zehatzak ezarriko dira lehenengo aldiz

Jaurlaritzak bultzada sendoa eman nahi dio iritzi-azterketen zerbitzuari. Adierazpen hori ardatz hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen arduradun Victor Urrutiak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Kabineteak iritzi-azterketak aztertzeari eta zabaltzeari buruz dituen irizpideak eta jokabidea aurkezteko. Prentsaurrekoan azaldu dira 2010eko lana eta jarduera egitasmoa zuzenduko dituzten helburuak eta printzipioak.

Kabinetearen helburu nagusia, kabinetearen arduradunaren esanetan, da herritar informatuak, kritikoak eta parte hartzaileak sortzen laguntzea, hori baita herritarrak libre izan daitezen aldez aurretik bete beharreko baldintza. Hori burutzeko, , euskal gizartearen ezagutza zientifikoa areagotzen eta gizartearen egoera eta gaiei buruzko diagnostikoak ematen dituzten azterlanak burutuko dira, beti ere, erakunde publikoen jarraibide izan daitezen. Victor Urrutiaren esanetan, azken helburua da "Kabinetea azterlan zerbitzua izatea, iritzi publikoa ezagutzeko eta herritarren jarreren, ohituren eta eskaeren eboluzioaren berri izateko".

Nolako azterlanak izango diren jakiteko, Kabinetearen arduradunak azaldu du 3 multzotan banatuko direla: azterlan estrukturalak; egoeraren araberakoak eta hauteskundeei buruzkoak, egin behar direnean; edo azterlan orokorrak. Azterlan estrukturalak, ‑soziometro izenez ezagutzen dira‑ hiru izango dira urtean: lehenengoa udaberri honetan agertuko da, maiatzaren bukaera aldera, eta herritarren iritzi politikoa eta ekonomiaren krisialdia ulertzeko modua izango ditu ardatz. Hurrengoa, udazkenean argitaratuko da, urrian, politika publikoak ulertzeko moduaz; eta urteko azkenak abenduan ikusiko du argia herritarrek Jaurlaritzari buruz egiten duten balorazioaz.

Gaur aurkeztutako 2010eko egitasmoaren gakoa soziometroak berak eta soziometro horien eduki tematikoak zein horiek zabaltzeko datak ezartzean datza. Lehen soziometroetatik zetozen datuen argitalpenak Legebiltzarrera bidaltzen ziren aldiro-aldiro, baina data zehatzik ezarri gabe. Hemendik aurrera landa lanerako eta zabalkunderako data zehatzak ezarriko dira.

Honako printzipio hauek zuzenduko dute Kabinetea: datuen zabalkunderako gardentasunak, beste iritzi-zentro batzuekin homologatzeak, zehaztasun metodologikoak, azterketarako parametroak ordenatzeak, eta Kabinetea Legebiltzarrak ezarritako parametroen arabera jardun dadin arautzeko araudi bat lantzeak.

Zehaztasun metodologikoa Kabinetearen ezaugarrietako bat izango da. Eta xede horretarako, ikerketarako metodoak eta teknikak hobetuko dira, Espainiako nahiz Europako beste zenbait ikerketa zentrorekin arauzko lotura izango da eta langileak espezializatu egingo dira.

Bukatzeko, Kabinetearen arduradunak azpimarratu nahi izan du zehatz beteko dituela epeak eta gaiak, hori egitea Kabineteak iritzi publikoari eskainiko dion zerbitzua sistematikoki arautzeko modu bat da eta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)